Osasun arloko profesionala zaren aldetik nola bizi duzu egoera?
Sentimendu asko etortzen zaizkit burura: beldurra, tristura, ezjakintasuna, frustrazioa… Hasiera batean, batez ere, beldurra sentitu nuen. Izan ere, egoera honen aurrean denak ginen berriak. Albisteengatik bagenekien zaila izango zela zetorren egoerari aurre egitea, baina iritsi zen arte ez ginen kontziente izan. Lehenengo egunak oso gogorrak izan ziren, gogoan dut negar asko egin nuela, etorkizuna beltza ikusten nuen, ezjakintasuna nabaria zen. Egunak pasa ahala hobeto eraman dut egoera, lan egiteko modu berrira ohitzen zara, baita EPI-etara ere.
Orain oso gustura nago, ekipo bikaina osatzen dugu! Beraz, jakina da, trantsizio bat egon dela lanean daramadan hilabete honetan.
Nahiz eta plantan nagoen bitartean ahal ditudan segurtasun neurri guztiak hartzen ditudan, beti etortzen zaizu burura: COVID-19 badut baina asintomatikoa banaiz, familiakoei pasa eta gaixotzen badira?
Bestetik, gurasoekin eta anaiarekin bizi naiz. Nahiz eta plantan nagoen bitartean ahal ditudan segurtasun neurri guztiak hartzen ditudan, beti etortzen zaizu burura: COVID-19 badut baina asintomatikoa banaiz, familiakoei pasa eta gaixotzen badira? Pentsatzearekin soilik oilo ipurdia jartzen zait. Nahiz eta erraza ez izan, etxean ere neurriak hartzen ditut, distantziak mantenduz, adibidez.
Zure egunerokoa azalduko zenuke?
Ni erizaina naiz eta Donostiako Ospitaleko Amara eraikineko laugarren solairuan ari naiz lanean, COVID-19-a duten pazienteekin, alegia. Bertan, gehien bat paziente helduak ditugu. Egoera berri honen aurrean, gure eskuetan dagoen edozer egiten dugu. Zaila bada ere, pazientea ahal den moduan etxean bezala sentiarazten saiatzen gara, bertan gustura egoteko helburuz. Izan ere, gure lana ez da medikazioa ematera eta konstanteak hartzera mugatzen, hori baino askoz gehiago gara, gaixoen bidelagunak gara.
Gure lana ez da medikazioa ematera eta konstanteak hartzera mugatzen, hori baino askoz gehiago gara, gaixoen bidelagunak gara.
Planta honetan nagoelarik, egoera zail honen bi errealitateak ikusteko aukera izan dut: pazienteen etxeratzeak eta heriotzak. Jakina da COVID-19 duten pazienteek ezin dituztela bisitak izan, kasu gutxi batzuetan izan ezik, bisitak oso mugatuak direlarik. Tristura handiko gauza da pazienteen azken orduak maite duten jendearekin igarotzeko aukerarik ez izatea. Hona hemen aurretik aipatu dudan frustrazioaren zergatia. Askotan gu gara ikusten duten azkeneko pertsona: duela ordu/egun gutxi batzuk “ezagututako” eta “astronautaz jantzita” gelara sartzen den langilea. Egoera hori da profesional bezala igartzen dudan gogorrena. Hala ere, gure aldetik ahal dugun guztia jartzen saiatzen gara, momentu hori ahal den goxoena izateko helburuz.
Planta honetan nagoelarik, egoera zail honen bi errealitateak ikusteko aukera izan dut: pazienteen etxeratzeak eta heriotzak.
Dena ez da txarra, etxeratzeak ere ematen dira. Paziente bat unitatetik etxera joaten den bakoitzean “festa” bat egiten dugu, pazienteari pasiloa egiten diogu langile guztien artean bere gelatik igogailura arte, txalotuz eta animatuz. Benetan momentu polita da hori. Pertsonalki, horrelako une bat bizitzen dudan bakoitzean indarrak berreskuratzen ditut. Gauzak ondo egiten ari garelaren seinale da.
Txaloak jasotzen dituzue, iluntzero. Zer sentitu duzue?
Hunkigarria da, benetan. Gure etxean sakratua da 20:00tan txalo egitera ateratzera. Berdin dio eguzkia, euria edo elurra ari badu, egunero ateratzen gara laurak txalotzera. Bizilagunak ere bertan izan ohi ditut, animoak ematen. Aipatu dudan bezala, hasierako uneak oso zailak izan ziren nire kasuan. Gogoan dut hasierako egunetan malkoei ezin eutsi ibiltzen nitzela. Malko horiek orain irribarre bihurtu badira ere, txaloek indarra ematen jarraitzen dute. Indarra ematen du, eta asko eskertzen diren detaileak dira.
Paziente bat unitatetik etxera joaten den bakoitzean “festa” bat egiten dugu, pazienteari pasiloa egiten diogu langile guztien artean bere gelatik igogailura arte, txalotuz eta animatuz
Ze irakaspen atera beharko liratekeela iruditzen zaizu?
Bizitzen ari garen egoera honek erreflexioa handi eta sakon bat behar duela uste dut, lerro gutxi batzuetan idazteko ezinezkoa.
Hasteko jakina da ez geundela pandemia honi ez besteren bati aurre egiteko prest. Nabaritu izan dira eta oraindik ere nabari dira gabeziak: Informazio eta prestakuntza eza, material falta edo urria izatea –EPIak esaterako–, edo pertsonalaren eskasia. Beharrezkoa da horren inguruko erreflexioa egitea.
Egiten ari garen esfortzu hau etorkizun batean kontuan hartzea espero dut, horrela, gure lan baldintzak hobetuz. Hainbat urte atzera murrizketak egin ziren osasungintzan, paziente kopuru berdinarekiko langile kopurua gutxitzen, esaterako eta hala ere, %150a ematen jarraitzen dugu. Lan karga handia da zenbait lekutan, eta lan baldintzak aipatzeak lotsa ematen dit.
Lan karga handia da zenbait lekutan, eta lan baldintzak aipatzeak lotsa ematen dit.
Neronek, esaterako, abenduan hamar kontratu baino gehiago izan nituen, osasun zentro eta ospitalea txandakatuz, alde batetik bestera, leku ezberdinetan denak, lotsagarria!
Erreflexioa. Nik ez dut telebistako albistegitan ikusi ohi den ospitaleetako “kaos” hori bizi, Madrilekoa adibidez. Egunetik egunera protokoloak eta lan egiteko modua aldatzen bada ere, ez gara maila horretara iritsi. Irakaspen modura hartu behar dugu, etorkizun baterako hobeto prestatuta egoteko.
Berriro ere erreflexioa. Erizaintza gradua egiteko 11ko puntuazioa baino gehiago. Urtero plaza mugatuak eta jende asko gradura sartzeko aukerarik gabe. Bukatzerakoan lanerako aukera mugatuak. Gero erizainik ez dagoela diote. Kontraesankorra da.
Azken erreflexioa: Heroitzat jartzen gaituzte, baino pertsonak gara. Geratu etxean. Denok gara heroiak. Denon artean egingo diogu aurre egoerari honi. Denon artean egin behar diogu aurre egoerari honi. Talde bakar bat gara.