Joseba Oyarzabal urnietarrak aulki, mahai eta kanpinetako materiala egiten duen Enea Design enpresan produkzioaren planifikazioa antolatzen du.
Nolakoa izan da zure lanerako buelta? Zer diote lankideek?
Etxetik lanean ari nahiz gehienbat, zenbait egunetan fabrikara joan izan naiz.
Zure enpresak hartu dituen segurtasun neurriak nahikoak direla uste duzu? Lasai ari zara lanean? Lanera joateko garraio publikoaren erabiltzaile bazara, segurtasun neurri nahiko ikusi duzu?
Telelana bultzatu da eta langileei aukera eman zaie bitartekoak emanez. Uste dut azkar antolatu zela enpresa. Fabrikara joaten naizenean ere lasai joaten naiz, batez ere ikusita langile guztiok betetzen dugula protokoloa. Gaia serio hartu da.
"Fabrikara joaten naizenean ere lasai joaten naiz, batez ere ikusita langile guztiok betetzen dugula protokoloa. Gaia serio hartu da"
Ados zaude Espainiako Gobernuak derrigorrezkoak ez diren sektoreetako enpresak lanera bueltatzeko hartu duen erabakiarekin?
Bai, gai izan beharko genuke dagoen aktibitate minimoa jarraitzen. Hala ere ikusiko da neurri berriak ze eragin duen pandemian. Datuek hoberantz jarraitzen badute konfiantza emango luke hartutako neurrietan. Aldiz, kontrakoa gertatuko balitz, atzera pauso handia litzateke. Datuetan dago koska.
Garikoitz Goñi Olazabal DHL Supply Chain enpresarentzat ari da lanean. Ingeniaritza logistikoa Europa, Asia ekialdea eta Afrikarako proiektuetan, zehazki.
"Etxetik lan egin dut normaltasunez. Inoiz baino ordu gehiago, egia esan"
Zein da enpresan duzun zeregina?
Batez ere automobilgintzari lotutako aukerak izaten dira. Azken urteetan Madrilen eta Gasteizen egin izan dut lan, lau egun Madrilen, bat Gasteizen. Hurrengo astean hasiko gara normaltasuna berreskuratzen, pixkanaka birusaren aurreko lan sistemara bueltatzen, baina maiatza arte ez gara erabat aurreko lan martxara bueltatuko.
Nolakoa izan da zure lanerako buelta?
Ez diot lan egiteari utzi. Etxetik lan egin dut normaltasunez. Inoiz baino ordu gehiago, egia esan.
Zure enpresak hartu dituen segurtasun neurriak nahikoak direla uste duzu?
Nire kasuan enpresak jarritako neurriak egokiak izan dira. Nire lan motak etxetik egiteko aukera ematen dit eta enpresak aukera hori bermatu du.
Ados zaude Espainiako Gobernuak derrigorrezkoak ez diren sektoreetako enpresak lanera bueltatzeko hartu duen erabakiarekin?
Bai.
Juan Miguel Perurena Lizeaga tren gidaria da, Euskotren-en.
"Tren gidarientzat segurtasun neurriak kostata ailegatu dira"
Nolakoa izan da zure lanerako buelta? Zer diote lankideek?
Garraio publikoa derrigorrezko zerbitzua denez, tren gidariak lanean aritu gara. Hori bai, eskainitako zerbitzuan murrizketa handiak eduki ditugu.
Zure enpresak hartu dituen segurtasun neurriak nahikoak direla uste duzu? Lasai ari zara lanean?
Tren gidarientzat segurtasun neurriak kostata ailegatu dira. Adibidez, maskaratxoak apirilaren 8an jaso genituen.
Ados zaude Espainiako Gobernuak derrigorrezkoak ez diren sektoreetako enpresak lanera bueltatzeko hartu duen erabakiarekin?
Beharrezkoak diren segurtasun neurriak bermatzen dituzten enpresetara lanera bueltatzea ez dut gaizki ikusten.