“Osasuna lehenetsi beharko litzateke aurrena”
Mikel Zurutuza Jabe enpresako langilea da, Andoainen.
Zalantzak ditut. Batzuentzat ekonomiak du lehentasuna, besteentzat osasunak, eta hor talka sortzen da.
Zer moduz ari zarete egoera berrira egokitzen?
Aspalditik egiten dugu guk lana segurtasun neurri zorrotzekin, orain handitu egin dira gehiago. Zortzi egun egin genituen lanera joan gabe, Koronabirusagatik, eta asteartean berriro buelta. Igogailuentzako balazta bereziak ekoizten aritzen naiz.
Segurtasun neurri bereziekin, hori bai.
Segurtasun neurri handiekin lan egin izan dugu: maskaratxoak, esku larruak, traje berezia, desinfekziorako likido berezia aspalditik… Ni lasai joaten naiz lanera, zaila da baldintza horietan kutsatzea, baina garrantzitsuena denak adi egotea dela uste dut, despisterik ez edukitzea.
Zer deritzozu hainbat sektore lanera itzultzeari?
Zalantzak ditut. Batzuentzat ekonomiak du lehentasuna, besteentzat osasunak, eta hor talka sortzen da. Nire ustez osasuna lehenetsi beharko litzateke aurrena. Ekonomia indartuko bada, osasuntsu gaudelako izango da, baina bakoitza berera ari da hemen, eta hori da arazoa.
“Datorren hamabostaldia izango da suzko froga, ea zer gertatzen den kutsatu berri kopuruarekin”
Ana Azpiazu Donostia albaitari ospitalean lanean aritzen da
Lanera bueltatu behar dela argi dago, eta jendeak beldur duela ere, baina, inoiz gertatu ez den egoera batean buruz buru sartu gara, eta irten ere egin beharko degu
Nolakoa izan da zure lanerako buelta? Zer diote lankideek?
Aste Santuaren bueltan, lehen bezala egon gara lanean, aldaketarik ez dugu izan hau guztia hasi zenetik.
Zein da enpresan duzun zeregina?
Onkologia zerbitzua eta katuen medizina zerbitzua eramaten ditut. Kontsultak pasa, diagnostikoak egin, eta tratamentuak jartzen ditut. Goizetan, kirofanoan egoten nahiz gehienetan.
Zure enpresak hartu dituen segurtasun neurriak nahikoak direla uste duzu? Lasai ari zara lanean? Lanera joateko garraio publikoaren erabiltzaile bazara, segurtasun neurri nahiko ikusi duzu?
Maskarillak erosteko arazoak izan ditugu otsaila hasieratik, baino lortu ditugu plastikozko maskarak, lasaitasu gehiago ematen digute. Hala ere, neurri zorrotzak jarri ditugu, bezeroak ez dira gurekin sartzen kontsultara, eta animaliekin soilik dugu kontaktua. Nahiko lasai nago lanean, bai. Autoa erabiltzen dut lanera etortzeko.
Ados zaude Espainiako Gobernuak derrigorrezkoak ez diren sektoreetako enpresak lanera bueltatzeko hartu duen erabakiarekin?
Lanera bueltatu behar dela argi dago, eta jendeak beldur duela ere, baina, inoiz gertatu ez den egoera batean buruz buru sartu gara, eta irten ere egin beharko degu, normalitatera iritsi arte. Zein den momentu egokia lanera bueltatzeko, zaila da jakitea, baino oreka bat lortu beharra dago. Datorren hamabostaldia izango dela suzko froga, ea zer gertatzen den kutsatu berri kopuruarekin.
“Esku larru, maskaratxo eta desinfektatzeko gelak ez dira eraginkorrak erabat”
Ernesto Montesek transformagailu elektrikoetarako bobinak egiten ditut Astigarragako Eremu SA enpresan.
"Lan jarduerari berrekiteko erabakiarekin ez nago ados, oraindik pandemiarekin bukatzeko egoera urrun dagoelako"
Nolakoa izan da lanerako buelta?
Gure enpresan ez dugu etenik egin. Material elektrikoko hornitzaile garen neurrian, derrigorrezko langile ginen.
Zer diote zure lankideek?
Bizitzen ari garen egoera hau berria da guztiontzat, eta etxean egoerari nola aurre egiten diogun hitz egiten dugu, batez ere.
Zure enpresak hartutako segurtasun neurriak egokiak direla uste al duzu?
Ez. Ez da gure kasua, baina EPI asko eman izan balizkigute ere ez lirateke nahikoak. Maskaratxo bakarra eman digute, baina erabilpen bakarrekoa da. Erabiltzen ditudan esku larruek ordubete ere ez dute irauten nire lanpostuan, eten gabe hausten dira, eta tailerrean elkarri kutsatzeko arriskurik ez dagoenik ezin digu inork bermatu. Esku larru, maskaratxo eta desinfektatzeko gelak ez dira eraginkorrak erabat, osasun langileei erreparatu eta jabetzen gara horretaz. Haiek erabiltzen dituzte, baina euren artean kutsatze tasa ikaragarria da.
Lasai sentitzen al zara lanean?
Ez, eta ez nigatik. Nire sendiko eta ezagunen adineko jendearekin pentsatzen dut. Ni neu kutsatzen banaiz, eta birusa senide edo lagunen bati pasa, eta hura hiltzen bada kolpe latza litzateke. Ez dut horretan pentsatu ere egin nahi.
Zuzena iruditzen al zaizu Espainiako Gobernuak derrigorrezkoak ez diren jarduerak baimentzeko neurria?
Ez, oraindik pandemiarekin bukatzeko egoera urrun dagoelako, eta baimen horrek pandemiaren luzatzea ekarriko duela pentsatzen dudalako.