Oposizioa elkarlanean Covid-19ari aurre egiteko

Ainara de Miguel eta Herme Gonzalez 2020ko mai. 22a, 08:33

Oposizioko talde politikook, Urnietako Udaleko 13 ordezkariren 6 izanik, adierazi nahi dugu ez gaudela ados alkateak eta haren gobernu-taldeak Covid-19aren alarma-egoera hasi zenetik, oro har, eta, bereziki, urnietarren hainbat kolektiboentzako laguntzei dagokienez egiten ari den jarduerarekin.

Gai bat argitu nahi dugu, Udala guztiok garela eta gobernu-taldea alkatea eta haren taldea bakarrik dela, EAJkoak guztiak. Uste dugu hori zehaztu egin behar dela, gehiengo absolutua dutenez guztien izenean egiten baitute. 13 aulkitik 7 betetzen dituzte.

Alkateak eta haren gobernu-taldeak krisialdi honetan izan duten pasibotasuna eta etengabeko erantzun eza ikusita, merkatariek, beraiek deituriko hainbat lan-mahairen ondoren, proposamen bat egin ziguten, maiatzaren 11n, Udalean ordezkaritza duten hiru taldeei: EAJ, Eh Bildu eta PSE-EE. Bilera horretan, merkataritzaren gehiengoak bizi duen egoera larria eta kezkagarria azaldu zuten. Gure laguntza, gure aitortza eta sektorearekiko elkartasuna eskatu ziguten. Gogoratu behar da mahaia krisiaren aurretik sortua dela; izan ere, merkataritza egoera kritikoan zegoen, eta ez zegoen lan-harremanik udalaren eta merkataritzaren artean, ez erroldarik, ez sektorearekin lan egiten zuen teknikaririk, etab. Urteetan zehar, merkataritzaren partida, herriko zakuan geratu da, beste zeregin batzuetarako, eta haiek, herriaren motor eztabaidaezina, "gaztainak bakarrik atera dituzte labetik, udalaren laguntzarik gabe, alegia". Orain, urteetan herriarekiko leialtasuna erakutsi ondoren, dagozkien zergak zintzo ordaindu ondoren, laguntza eskatzen dute lehen aldiz.

Proposamen horren aurrean, alkateak eta bere gobernu-taldeak ez zuen inolako proposamen zehatzik egin, inpaktu-datu neurgarri eta parametrizagarrietan oinarritzerik ez zegoen. Merkatarien beharrak entzun ondoren, oposizioko bi taldeok, EH-Bilduk eta PSE-EEk batera, proposamen errealista bat aurkeztu genuen Bozeramaileen bilera batean, Urnietako herritarren interes orokorra babesteko helburuarekin, autonomoei likidezia (80.000 euro), merkataritza, ostalaritza eta antzekoak (200.000 euro), bonuak (140.000 euro, interesa duten merkatariek kudeatuta) eta Gizarte Larrialdietarako Laguntzak (100.000 euro) emanez. Zifra horiek gobernu-taldeari erreguz lortutako datuekin ematen dira, baina, batez ere, haien beharra ondoen ezagutzen duena behar duena dela uste izanda.

Hemen hasten da EAJren “rodiloa”, bere gehiengoan. Baina oraingoan, mingarriagoa da agian, oposizioaren gainetik pasatzeaz gain, urnietako merkatari eta hostalarien gainetik ere pasatzen baitu. Maiatzak 18an, astelehenean, bilera adostua genuen, udal taldea eta komertzianteen talde bozeramalea elkartuko ginen eta erantzun bat jarriko zen mahai gainean. Mikel Pagolak, EAJko bozeramale den Jorge Seguradorekin batera, aukera bakarreko proposamena irakurri zuten, dekretu bidez onartua izando zena, eztabaidarik gabe, besteon iritziak aztertu gabe. Bilera baino bost ordu lehenago, oinarri hauek onartzeko komisioa deitua zuten, ez zeukaten entzuteko asmorik, ez gurea eta ez komertzianteena ere. Udaletxea, herriarena da eta demokrazian gaude.

Guk babesten dugun komertzianteen testuari honelako esaldiekin erantzuten diete: “elkarrekin lan egingo dugu”, “Urnietak komertzio hobea izan dezan”, “eskuzabal izango gara”, “gure borondatea erakusten ari garela uste dugu”.

1000 euroko dirulaguntza zuzenak baldintza oso konkretuak ditu, urrirako facturen bidezko zuriketa eskatzen du besteak beste. Gainerako gehigarriak honakoak dira: 100euro guztira, 1-5 langile dituenari; 200 euro guztira, 5-10 langile dituenari; EPIentzat 150 euro; 150 euro hipoteka edo alokairua duenari; guztira, itxirik egon diren hilabete osoen kontzeptupean.

Oposizioak, krisi honi aurre egiteko elkarlanean, gure babesa eman nahi diogu herritargoari; gizarte zein familia mailan, gure ardura baita, herriaren alde eta herriarekin lan egitea.

 

Gutuna Ainara de Miguelek (EH Bildu) eta Herme Gonzalezek (PSE-EE) sinatu dute.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!