Urnietako Udalaren oharra adierazgarria da, oso. Asteburu honetan gizarte eta kultur bizitza ez da geratuko. Gazte festak bere horretan ospatzea ezinezkoa bada ere, hitzorduren bat edo beste izango dela iradokitzen ari da: "Musika eta dantza ikuskizunak izango dira Urnietako kultura bizirik dagoela erakusteko, betiere segurtasun neurriak errespetatuz eta bermatuz, eta kalean ikusle asko pilatzea saihestuz". Era berean, igandean 11:00tan hasita, bertso eskolako ikasleen bertso batzuk entzuteko aukera izango da Urnietako Udalak Youtuben duen kanalean.
Kultura balioan jartzeko asmoa adierazi du Urnietako Udalak
Udalak parte hartze aktiboa izango du festen ordezko egitarauan, kultur jarduerekiko konpromisoa adieraztearekin batera: "Antolatu den egitarau txikiarekin kultura balioan jarri eta herria zertxobait alaitu nahi da, baina herritarrei arduraz jokatzea eskatuko zaie, kalean musika edo dantza ikuskizunen batekin topo eginez gero, pilaketak ekidin eta pertsonen artean mantendu beharreko segurtasun neurriak errespetatu ditzatela".
"Antolatu den egitarau txikiarekin kultura balioan jarri eta herria zertxobait alaitu nahi da"
Koronabirusak eragindako krisiaren ondorioz, Urnietako Udalak apirilean maiatzeko ekitaldi oro bertan behera geratuko zirela iragarri zuen. Hots, Santa Krutz eguna Azkorteko ermitan, San Isidro eguneko ospakizunak Lekaio kultur etxean edota Gazte Festak. Baina ordutik hona panorama aldatuz doa, eta Udalak fase ezberdinen garapena kontutan hartu nahi izan du. "Oraindik egoera oso zail batean murgilduta jarraitzen dugun arren, egoera zertxobait egonkortu da eta herritarren mugikortasuna murrizten zuten neurriak malgutu egin dira". Asteburu honetarako kultur egitarau labur bat prestatu dute.