Manttaleko aterpeko leihoak hautsi dituzte

Andoni Urbistondo 2020ko eka. 14a, 08:43

Manttale edo Manteleko lepoko eta Antsoko Etxolako seinaleztapenak ere hautsi dituzte, ziur aski eskopetaren batekin. Nori okurritzen zaio halakorik egitea? Ze asmorekin?

Manttaleko lepoa bezain toki ederragorik gutxi, Urnietan (ofizialki Mantele). Bidegurutze gune: hegora Adarramendi, mendebaldera 1989an eraikitako izen bereko aterpea, iparrera Abalarri harritsua, eta ekialdera Onddiko kortafuegos-a. Belazea eta iñistorra nonahi, Sansonarria ere gertu. Eta aterpea txukun. Abereentzat itxita, barruko bi gela handietan sar ez daitezen. Mahaiak kanpoan, ur apur bat ematen duen iturri bat ere bai. Paraje ezin hobea pago tartean ordu batzuk lagun edo ezagunekin pasatzeko. Edo nahi bada, gaua ere, bai, euri eta hotzetik salbu. Azken asteetan ohikoa ez den hotza egin badu ere.

Eta ez ekaineko lehen hamabostaldia freskotik doalako, Manteleko aterpeko leihoetako kristalak eta heldulekuak txikitu egin dituztelako baizik. Manteleko aterpeak badu ulertzen zaila den testuinguru beltza. Gizakiek gizakientzat egina, eta gizakiek hautsia, kaltetua, gutxietsia. Zergatik ote gara, edo dira, hain ankerrak? “Baten bat mozkortuko zen, eta badakizu, ganberrismo hutsa”. Mozkortzeak norbait denek erabil dezakegun aterpeko leihoak haustera eraman dezakeenik ere sinestea kosta egiten da, ezta? Galdera erraza baita: Zergatik? Eta erantzuna zaila: Ez dauka.

Akzioa egin, harrokeria, txorakeria… batek daki. Mendira joan eta eraman duen zerrikeria mendian uzten duena bezala, berarekin berriro etxera eraman ordez. Udalak konpondu egin beharko du leihoa. Baina etorriko da beste arduragabe bat, eta hautsiko du berriz. Eta egunen batean hautsi/konpondu, konpondu/hautsi prozesua eten egingo da, eta orduan basoak, edo edukazio faltak aterpea irentsiko du. Eta halakorik zergatik gertatu den galdetuko diogu geure buruari. Eta ez dugu erantzunik bilatuko.

Manteleko lepoko eta Antsoko Etxolako hainbat seinale ere hautsita edo zulatuta agertu dira azken astetan. Antsoko Etxolan erdiz erdi txikituta. Seinale horiek zorutik bi metro pasara kokatuak daude. Alegia, hausteko nahia eduki behar da hauts daitezen. Harrikadaka, makilen batekin… edo eskopetako tiroa rekin. Seinaleak hausteko eman egin behar zaio kolpea, indartsu. Pertsonak pentsatu egin behar du nola egin. Manteleko lepoan, seinale batek, erdi-erdian, kartutxo baten tamainako zuloa dauka. Kasualitatea. Igual norbaitek taladroa eraman du bertara, eta zuloa egin... Eta galdera bera, berriz. Nori okurritzen zaio halakorik egitea? Ze asmorekin? Denoi mesede egiten digun seinalea izorratzea. Ulerkaitza, ezta?

Eskubideen aldarrikapena eguneroko ogia da Covid 19aren garai latz hauetan, eta horiek aldarrikatzea bidezkoa den neurrian, komenigarria litzateke bete behar erraz, sinple eta zentzuzko batzuk ere baditugula gogoratzea. Non eta aterpe bateko leihoak, edota seinaleztapenak haustea eskubide ukaezina dela pentsatzen dutenentzat izan ezik. 

Erlazionatuak

Buruntzaren berpiztea

Ainhoa Jauregi 2020 eka 13 Eskualdea

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!