Bi urtez luzatu du kontratua Iturriak, Euskaltel Euskadirekin

Jon Ander Ubeda 2020ko ira. 3a, 11:47

Ez ohiko denboraldia izaten ari da Mikel Alonso eta Mikel Iturria Euskadi taldeko bi urnietarrentzat. Alonso lesioaz osatzen ari da, eta Iturriak bi urterako kontratua luzatu duela iragarri du. Irailaren 4an urtea beteko da Espainiako Vueltan garaipen ikusgarria lortu zuenetik.

Mikel Iturria Frantzia aldean ibili zen aurreko astean, Tour Poitou-Charentes lasterketan. Bost etaparen ostean, 40. postuan sailkatu zen. Jaenen ospatu zen Espainiako txapelketan parte hartu zuen, baita ihesean ibili ere.

Okzitaniako Tourrean debuta egin eta gero, abuztuan Mont Ventoux erronkan parte hartu zuen Mikel Iturriak. 22. postuan sailkatu zen Iturria, maila handiko lasterketan. Astanako Vlasovek irabazi zuen, eta Iturriaren aurretik sailkatu ziren Porte, Aru, Quintana eta Bizkarra.

Mikel Alonsok, ordea, ez du zorte ona izan. Urnietarra uztailean sasoiko zegoen, Okzitaniako lasterketan parte hartzeko gogoz. Eroriko baten ondorioz, ordea, ezker eskuan kolpe handia jaso eta ebakuntza egin zioten. Ezker eskuko erdiko behatza hautsi zuen, eta artikulazioa nahikoa kaltetu zitzaion: “Okzitaniako lasterketan parte hartu behar nuen. Egia esan, ondo sentitzen nintzen. Azkar nenbilen. Beraz, pena! Aurtengoa ez ohiko urtea izaten ari da”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!