Koronabirusa

Udalaren gune gehienak ixteko agindua gaur sartu da indarrean

Aiurri 2020ko urr. 20a, 07:56

Formakuntza ikastaroak, kirol jarduerak edo kultur ekitaldiak bertan behera geratzeko agindua gaur sartu da indarrean.

Azken 4 egunetako datuen arabera, 29 kasu gehiago ezagutu dira eta. Gauzak horrela, Urnietako Udalak neurriak lehenbailehen hartzea erabaki du, joera negatibo hori ahalik eta lasterren iraultzeko.

Hartutako neurrien artean, jende ugari ibiltzen zen hainbat udal-guneren itxiera nabarmentzen da. Gune horietan ematen diren formakuntza ikastaroak eta Udazkeneko egitarauaren barruan programaturiko kultur eskaintza ere eten egin dira:

  • Kiroldegia.
  • Sarobe.
  • Musika eskola.
  • Frontoia.
  • Gaztelekua.
  • Jubilatuen Egoitza (jarduerak eteten dira, baina taberna, ile-apaindegi, masajista eta kallista zerbitzuak mantentzen dira).
  • Ikasteko gela.
  • Liburutegia (liburuak alokatzeko zerbitzua bakarrik mantenduko da).

Bertan, Lekaio eta Gazte Informazio Puntua irekita baina prebentzio neurriekin

Bestalde, Bertan herritarrentzako arreta-bulegoak zerbitzua eskaintzen jarraituko du, baina ezinbesteko kasuetan soilik bertaratzea gomendatzen zaie herritarrei, garrantzi berezia ez duten gaietarako modu telematikoa eta telefono bidezko forma lehenetsiz. Prebentzio-neurriak zorrotz betearaziko zaizkie bertaratzen diren pertsonei:

  • Banaka sartu beharko da.
  • Kanpoan itxaron beharko da udal langileak deitu arte
  • Musukoa eraman beharko da etxetik
  • Sartzerakoan eskuak hidrogelarekin garbitu beharko dira.

Lekaio kultur etxeak eta Gazte Informazio Puntuak ere zabalik jarraituko dute, bonu kanpainaren salmenta bi toki horietara lekualdatu dela kontuan hartuta, baina salmenta aldez aurreko hitzorduarekin eta modu mailakatu eta kontrolatuan egingo da.

Parke itxiak gauetan

Bestalde, gaueko 20:30etatik goizeko 9:30etara ezin izango da parkeetan egon.

Neurriak zorroztu

Egoerak okerrera egin ez dezan, funtsezkoa da gutako bakoitzak jokabide egokiak izatea eta osasun-agintariek adierazitako prebentzio-neurri guztiak zorrotz errespetatzea, horrek eragin zuzena baitu guztien ongizatean. Beraz, izan gaitezen arduratsuak eta zaindu gaitezen.

  • Erabili musukoa uneoro.
  • Eskuak maiz garbitu
  • 1,5 metroko distantziak errespetatu.
  • Saihestu pilaketak.
  • Berrogeialdiak zorrotz egin.
  • Sintomarik izanez gero, deitu Urnietako osasun-zentrora: 943 00 66 80.

Zentzu horretan, Udaltzaingoak kaleetan duten presentzia areagotuko da, herritarrei neurriak betetzen laguntzeko.

Musukoak banatu dira ikastetxeetan

Prebentzio neurriei lotuta, horiek betetzen laguntzeko eta herritarren segurtasuna bermatzeko, Udalak Udalaren logoa duten musukoak banatu ditu herriko bi ikastetxeetan, bai ikasleentzat eta baita irakasleentzat ere.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!