Covid19 | Datuak egunez egun

"Egoera honetan ardura norberarengan dago"

Jon Ander Ubeda 2020ko urr. 23a, 15:00

Olatz Sarasola Ugalde 24 urteko urnietar gaztea da, eta Donostia Unibertsite Ospitalean erizain lanetan ari da anestesia eta bizkortze unitatean.

Pandemiak goitik behera aldatu du ospitaleen antolakuntza. Zenbateraino aldatu da zure lanaldia, hilabete zail hauetan?

Gure lana zirujia batetik ateratako pazientea artatzea zen, pandemia iritsi zen arte. Behar zituen zainketak eskaintzen genizkion ebakuntzatik irtendako pertsona horri. Martxoan ospitaleko unitate asko berregokitu behar izan ziren, COVID-19arekin kutsatutako pertsonak asko iristen hasi zirelako. Tokia egin behar zitzaien, horiei guztiei.

Sasoi honetan, zirujiatik ateratakoak artatzeaz gain, gaixotasun koronarioa duten eta zainketa intentsiboan dauden pazienteak zaintzea dagokigu.

Lanaldian, gure egunerokoan aldaketa handia eman da. Maila fisikoan eta pertsonalean jauzi handia dago. Horrelako pazienteekin lan egitera ez gaude ohituta. Formakuntza jaso dugu, eta langileon artean ezagutza partekatu behar izan dugu. Aldaketa handia da, betiko lana ez dugulako alde batera utzi. Egoera berrira egokitzen asmatzen ari gara, eta kasu guztietan helburua berdina da: gaixo bakoitzari ahalik eta zainketarik onena eskaintzea. Egoera honetara iritsita, zailtasun guztien gainetik pazientea jarri behar dugu erdigunean.

Eta lanetik ateratzean nola bizi duzu gizarte osoari eragiten dion osasun alarma egoera?

Lanean ez dugu beste konturik, eta lanetik kanpo ere eztabaidagai bakarra dagoela dirudi. Telebista edo irratia piztea eta egunkaria irakurtzea besterik ez dago. Politika eta pandemia, besterik ez dagoela dirudi. Kaotiko samarra da dena. Bizi dugun egoera zaila da denontzat. Osasun arloko langileok oso gertutik bizi dugu pandemia, eta maiz larrituta sentitzen gara. Lanetik kanpo gauzak ondo egin nahi ditugu. Saiatzen naiz gertukoei eta etxekoei jokabide on hori transmititzen, baina ez dakigu ondo non dagoen muga. Batzuetan zorrotzegia naizela uste dut, eta besteetan malguago jokatzen dut. Kontraesanak sortzen zaizkit, horrelakoetan. Beldur pixka bat badut ere, gauzak hain ondo egin nahi izatearekin buruhausteak sortzen zaizkidalako.

Urnietako azken egunetako kasuen gorakadarekin kezka berezia dago. Zein da zuk egiten duzun interpretazioa?

Zaila zait galdera horri erantzutea. Baina hausnarketa egin beharko genukeela iruditzen zait. Argi dagoena da kutsatze kopurua nabarmen handitu dela, goruntz doa gainera. Eta kutsatzea etxe barruko esparruan, aisialdian edo kirol jardueran eman daiteke. Aisialdiara lotuta dago ostalaritza, sozializatzeko guneak diren heinean. Lasaitu egin gara aisialdiari lotutako jardueretan, eta horrelakoetan musukoa ez da behar bezain ondo erabiltzen. Kutsatzeko arriskua hor areagotzen da.

Kate bat dela ikusten ari gara, eta norberak bere katea osatzen du lanera edo ikastetxera doanean. Kate hori ez da inoiz eteten eta alde batetik edo bestetik beti norbait kutsatzen da.

Zein mezu zabaldu nahiko zenieke herrikideei?

Ardura norberarengan dagoela. Badut esaldi bat buruan: “Gure aldetik denok jarri behar dugu zerbait, gutxi batzuk dena eman ez dezaten”.

Bizi dugun egoera kritikoa da, eta guztiok dugu zeregina. Denon artean egin behar dugu aurrera. Batzuk ez dute hainbeste egingo, baina denen aldeko jokabidea ezinbestekoa da egoera zail honetatik ateratzeko. Inork ez duelako udaberriko konfinamendu egoerara itzuli nahi.

Ezezagutza handia antzematen duzu benetan errealitatean gertatzen ari denarekin? Oro har, gizartea jakitun al da jende asko sufritzen ari dela?

Galdera interesgarria da, eta horixe bera pasa izan zait burutik denbora tarte honetan. Gertatzen ari den guztiarekin, zenbaiten jokabidea ulertzea zaila egiten zait.

Ezjakintasun handia dagoela, ondorio horretara iritsi naiz. Osasun arloko langileok aurrez aurre dugu pandemia, gure begiekin ikusten dugu egunero birusaren ondorioz gertatzen ari dena. Eta ikustea eta entzutea ez da gauza berdina. Kutsatzen ari diren pertsonen egoera gure begiekin ikusten ari gara. Goruntz egin du, gainera, kutsatuen kopuruak.

Bestalde, zainketa intentsiboan dagoen jendea ez da soilik adinekoa. Gazteok, oro har, uste dugu birusak eragin apalagoa duela gugan. Eta ez da horrela. Beldurra galtzen ari garela dirudi. Eta, azkenik, gazteok ez dugu ahaztu behar kutsatzeak ondorio larriak eragin ditzakeela helduagoak direnengan: gurasoak, aiton-amonak... Guregan bakarrik ez, besteengan ere pentsatu beharra dago.

Ospitalean birusak jota dagoen paziente askoren egoera oso zaila da. Gaixotasuna larria da, eta kasu batzuetan ondorio larriak eragiten ditu. Gutxien espero dugunean, gainera, gertuko norbait pasako da egoera zail horretatik.

Erlazionatuak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!