Osasun arloko profesionala zara, Nahikari. Egun hauetan positibo ugari ematen ari dira Urnietan eta inguruko herrietan. Zer etortzen zaizu burura datu horiek ikustean?
Kezka, beldurra, amorrua… Positiboen kopuruak gora egin ahala, ezin dut ukatu nere kezka handituz doala. Benetan beldurgarriak diren datuetaz ari gara. Azkenaldian buruari buelta asko eman dizkiot honen inguruan zentzuzkoa den irtebideren bat atera nahian, baina ezin. Hiru hilabeteko konfinamendua zalantzan jarri dut eta guzti, benetan etsigarria!
Egoera txar batek eragin zuzena du ospitaleengan. Zuk udaberriko esperientzia zaila lehen lerroan bizi izan zenuen...
Dudarik gabe, positiboen igoerak osasun arloan duen eragina zuzena da. Geroz eta positibo gehiago, orduan eta jende gehiagok beharko ditu osasun sistemak eskaintzen dituen baliabideak. Ondorioz, osasun sistema kolapsatzeko arriskua handiagoa da. Pentsatze hutsarekin... Aipatu bezala, udaberrian ospitalean “lehen lerroan” igaro banuen ere orain lehen arreta mailan nago lanean, osasun zentroan. Lehen arreta mailako egoera ez da erraza, izan ere, izenak esan bezala, edozein egoeraren aurrean lehenengo jo behar den atea da, osasun zentroa alegia. Mirestekoa da lehen arreta mailan egiten den lana, askotan baloratzen ez dena eta haren garrantzia azpimarratu nahiko nuke. COVID-19a iritsi aurretik lan ugari bazegoen ere, PCR probak egin beharrak lan karga areagotu du. Izan ere, egunero PCR-ak egiten ditugu eta positiboen igoerarekin geroz eta gehiago, hala nola, sintomak dituen jendearekin, positiboen kontaktuak dituztenekin... Gainkarga horrek askotan tentsioa eragiten die arreta maila guztiko profesionalei. Neke fisikoa zein psikologikoa nabarmena dugu, egunerokotasunean. Nik neuk orain arte ez dut oporren beharra inoiz sentitu, eta neke hori aurten sumatu dut.
Eta zein aurrikuspen egiten duzue?
Urritik aurrera hilabete zailak aurreikusten ziren, gripea tartean zelarik. Gaurkoz, aurreikuspen guztiak betetzen ari dira. Datozen hilabeteak ere gogorrak izango direlakoan nago. Horregatik ezinbestekoa da guztiok zentzuz eta arretaz joatzea.
Sentsibilizazio handia behar da oraindik. Zein mezu zabalduko zenuke zuk?
Mezua argia eta erraza da: zentzuz jokatzea. Bakoitzak bere buruarengatik egin nahi ez badu ere, besteengatik egin dezala. Jakina da COVID-19ak jende helduarengan duen efektua gazteengan duenarena baino okerragoa dela. Baina heldua izatea ez da arrisku faktore bakarra, izan ere, badago gaixotasun kronikoak dituen jende gazte ugari ere. Beraz, zentzuz joka dezagun: 80 urteko zure amonarengatik, 42 urteko zure bizilagun diabetikoarengatik, arnas gutxiegitasuna duen 60 urteko zure lagun minarengatik… zuregatik eta zure ingurukoengatik, denon artean, zaindu gaitezen. Gure burua zainduz ingurukoak zaintzen baititugu.
Irakurlea barne erreflexio bat egitera bultzatu nahi dut: nire egunerokotasunean zer alda dezaket positiboen igoera hau gerarazteko?
Gazteak daude maiz jomugan. Zeu gaztea zara. Iritzirik ba al duzu horren inguruan?
Azkenaldian gaztea, parranda eta COVID-19a esaldi berean entzuten ari naiz. Egia da positiboen kopuruak gora egin duela gazte jendearen artean, eta normaltzat hartzen ari da gaztea izateagatik hain famatu egin diren “ez festa” horietan kutsatu zarela. Kasu batzuetan gazteen arduragabekeriak positiboen gorakadan eragina izan duela ezin da ukatu, baina bestalde gazte arduratsu asko dago. Orokortasun hori gehiegizkoa da. Gazte izateagatik ez duzu arduragabea izan behar, eta ez zara zertan taberna batean kutsatu behar.
23 urte ditut eta ezagutzen nautenek badakite lagunekin irtetea oso gogoko dudala. Baina orain ezin da, onartu behar den errealitate bat da.