Covid19 | Datuak egunez egun

Urnietako Udalak osasun krisiari aurre egiteko neurri bereziak luzatu ditu, datorren azaroaren 8ra arte

Aiurri 2020ko aza. 1a, 11:19

“Urnietako Udalak duela bi aste harturiko neurriak gutxienez azaroaren 8ra arte luzatzea erabaki du salbuespen batekin, izan ere, astelehenetik aurrera kirol instalazioak irekiko dira urnietarrak ondoko herrietako kiroldegietara joatea saihesteko”.

Udalak igande goizean zabaldutako oharraren arabera, “kirol instalazioen barruan kardio eta muskulazio gelak bakarrik erabili ahalko dira, gainerako eremuak itxita mantenduz. Halaber, Urnietako kirol kluben jardunak etenda jarraituko du, baita, jarduera fisikoko ikastaroek ere. Prebentzio neurriek ere zorrotzak izaten jarraituko dute jarduera modu seguru batean gara dadin. Hala, musukoa jantzita eraman beharko da jarduera fisikoa egiten ez den momentu guztietan, gela bakoitzeko pertsona kopurua mugatua izango da, toailak etxetik eraman beharko dira, egunean 3 aldiz garbiketa eta desinfekzio lanak egingo dira, higiene postuak egongo dira, segurtasun distantziak mantendu beharko dira eta makina bakoitza garbitu beharko da erabili ostean. Bestalde, momentuz ez da eskainiko aldagelak erabiltzeko aukera”.

Kirol instalazioetara joateko ezinbestekoa izango da aurretiko hitzordua hartzea: 943 00 83 28.

 

Gainerako eraikinak itxita

Duela bi aste itxitako gainerako eraikinak berriz, itxita jarraituko dute. Baita kultur programazioa ere.

Haur parkeak, egunez zabalik

Gaueko 20:30etatik goizeko 09:30etara ezin izango da parkeetan egon, eta gainerako orduetan soilik sartu ahalko da.

Prebentzio neurriak zorrotz betetzeko deia

“Egoerak okerrera egin ez dezan, funtsezkoa da gutako bakoitzak jokabide egokiak izatea eta osasun-agintariek adierazitako prebentzio-neurri guztiak zorrotz errespetatzea, horrek eragin zuzena baitu guztien ongizatean. Beraz, izan gaitezen arduratsuak eta zaindu gaitezen”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!