40 urte bete dira Batallon Vasco Españolek Joaquin Antimasbere hil zuela Urnietan

Xabier Lasa 2020ko aza. 14a, 08:56
© Juan Karlos Bixente. "Deklaratu gabeko gerra", Euskal Memoria.

1980ko azaroaren 13ko gauean, Joaquin Antimasbere Eskoz eta Andres Etxeberria bi lehengusuak Salesiarren ikastetxe pareko aldapan behera zihoazela, Batallon Vasco Español (BVE) talde ultraeskuindarreko kideek tiroz ekin zieten. Antimasberek buruan hiru tiro jaso zituen, eta berehala hil zen. Etxeberriari lepoan eta bizkarrean tiro bana eman zizkioten. Hau ere hil egin zutela pentsatu zuten erasotzaileek, eta alde egin zuten. Halabaina, zaurituta geratu zen, eta ahal izan zuenean altxa, eta bere kabuz Hernaniko etxebizitzara joatea lortu zuen. Ondoren, erietxera eraman zuten familiarrek.

Orduko prentsan agertu zen artikuluan, Antimasbereren erretratua argitaratu zen. Irudia: DV.

 

Goizaldera, Antimasbere udaltzainen patruila batek aurkitu zuen bidez bazterrean.

Biak hernaniarrak ziren, ijito euskaldunak. Antimasberek 31 urte zituen, ezkongabea zen eta ogibidez txatar-biltzailea zen. Biak ere lotura politikorik gabeko pertsonatzat jo zituzten orduan, BVEko ultraeskuindarrek gau hartan bidean topatu eta erraz akabatzeko moduko biktimak suertatu ziren. Izan ere, Urnietako erasoa, estatu aparatuekin lotura zuten indar ultraeskuindarrek Buruntzaldeko eskualdean bereziki ezarri zuten izuaren estrategiaren baitan kokatu behar da.

Azaroaren 14an, Urnietan gertatukoari buruzko albistea Hernanin jakin ahala bertako denda eta tabernak ixten joan ziren, eta arratsaldean manifestazioa egin zen kaleetan zehar. Aldi berean, Hernaniko alkate Juan Jose Uriak eta bi biktimen senideek prentsaurrekoa eskaini zuten. Uriak polizia hilketa argitzeko erakusten ari zen interes eskasa salatu zuen.

Azaroaren 15ean, Hernaniko San Juan elizan hileta egin zen, eta ondoren bigarren manifestazioa egin zen.

Ikastetxearen kanpoaldean ipinita dago eskultura, 1980ko gertaera hura gogoan hartzen duena.

 

Egun berean, azaroaren 14an, Caracasen (Venezuela), estatu aparatuekin lotutako gerra zikinak beste bi biktima eragin zituen: Jokin Alfonso Etxeberria eta Esperanza Arana, Eibarko euskal errefuxiatuak. Ezker abertzaleak azaroaren 17an, astelehenarekin, greba orokorrerako deialdia egin zuen Gipuzkoan.

   

Zortzi biktima Buruntzaldean

“Heriotzaren triangelua” deitu zitzaion eremuan (Astigarraga, Hernani, Urnieta, Andoain) gindarv ultraeskuindarrek guztira zortzi pertsona erail zituzten, 1977-1981 epean. Hain zuzen ere, David Salbador (Andoainen, 1977/10/06), Jose Ramon Ansa (Andoainen, 1979/05/06), Tomas Alba (Astigarragan, 1979/09/28), Felipe Sagarna (Hernanin, 1980/04/19), Miguel Mari Arbelaiz eta Luis Mari Elizondo (Hernanin, 1980/09/07), Joakin Antimasbere (Urnietan, 1980/11/14) eta Jabier Ansa (Andoainen, 1981/03/03).

Hilketez gain, zenbait tiroketa etxe eta elkarteen aurka, autoen erreketak, heriotza mehatxuak… gertatu ziren urte ilun haietan eskualde osoan.

Hildakoen zerrenda horretako bi, Joxe Ramon Ansa Etxeberria eta Jabier Ansa Zinkunegi Andoaingo herritarrak ziren, Buruntza auzokoa bata, Leizotz auzokoa bestea.

Gehiago jakiteko, Joxe Ramon Ansari buruzko erreportajea.  Eta bere anaiei egindako elkarrizketa. Jabier Ansaren kasuan, bere anai Ramonek eskaini zuen elkarrizketa.

Iazko azaroan Jonathan Martinezek Twitter bidez garai hartako bideoa zabaldu zuen sarean:

 

1981ean, biren atxiloketa

1981eko apirilaren 4an, Jabier Ansaren hilketa gertu eta biharamunean, poliziak Inazio Iturbide Piti eta Ladislao Zabala atxilotu zituen. Salbadorrena ez beste zazpi hilketa leporatu zieten, eta 1984an Audientzia Nazionalak, errudun deklaratu zituen. Iturbide, Andoainen ekintza gehienak gertatu ziren inguru horretan bertan jaio eta hezitakoa zen, estazioko zentraleko etxean. Biek ere hamar urte eskas egin zituzten preso.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!