Euskaraldia

"Pertsona batzuk urte osoan murgilduta daude Euskaraldian"

Aiurri 2020ko aza. 21a, 09:00

"Euskara ikusgarriago egitea ahalbidetzen du"

Ihintza Tellabide, Urnietako AEK Euskaltegia

Berritasun batekin dator aurtengo Euskaraldia: ariguneak.

Interesgarria da, Euskaraldiko partaideontzat euskaraz lasai aritzeko guneak izango direlako eta horien identifikazioan lagunduko duelako.

2018an egin zen lehena, eta aurtengoa bigarrena da. Nola oroitzen duzu lehen Euskaraldia?

Interesgarria izan zen. Ahobizientzat ez zen eroso-erosoa ere izan, betiko oztopo eta tentsioek hor zirautelako, baina tira. Belarriprest rolari dagokionean, interesgarria eta oso lagungarria iruditu zitzaidan.

Aurtengoak lehenak bezainbesteko indarra izango duela uste duzu?

Ez nago ziur. Bizi dugun krisi politiko-sanitarioak ez die batere mesederik egiten hizkuntza gutxituei, kontrakoa baizik. Hala ere, oztopoen gainetik aurtengo Euskaraldiaren edizioak ere arrakasta edukitzea espero dut.

Ahobizi zein belarriprest rolean aritzeko aukera dute herritarrek. Euskararen sustapenari dagokionean,  lehena bezain garrantzitsua  izango da bigarren rola, ezta?

Bai, halaxe da. Belarripresten rolak berebiziko garrantzia du, bai belarriprestek beraiek euskara gehiago erabiltzeko, bai ahobiziek euskaraz egitea ahalbidetzeko edo errazteko.

Zer ematen die herritarrei Euskaraldiak?

Alde batetik, euskararen erabilera errealari buruz hausnartzeko aukera ematen du. Horrez gain, euskara ikusgarriago egitea ahalbidetzen du, baita gehiago erabiltzeko aukera eman ere.

Euskaraldiak hizkuntza ohituretan eragina duela uste duzu?

Irauten duen egunetan, bai. Hortik kanpo, ez dakit eragin handirik ote duen, egia esan. Pertsona batzuk urte osoan daude Euskaraldian; beste batzuk, ordea, ez zoritxarrez. Euskaraldiak irauten duen bitartean, ahalegin kontziente bat egitea eskatzen du egitasmo honek, eta hori ona da berez, nahiz eta urte osoan ez iraun.

Zergatik da garrantzitsua horrelakoak egitea?

Erabileran zentratuko diren egitasmoak ezinbestekoak dira euskararentzat. Hor dago gurea bezalako hizkuntzen biziraupenerako gakoa.

Bizimodua goitik behera aldatu duen COVID-19 birusak euskarari ere eragin dio?
Bai, noski, zalantzarik gabe. Negatiboki eragin dio. Administrazioan, hezkuntzan, haurren eta euskara-ikasleen ezagutzan, jendeak kontsumitzen dituen edukietan, jarraitzen dituen komunikabideetan eta abarretan nabaritu da euskararen presentziaren jaitsiera hori, euskararen pisuaren galera.  Koronabirusaren aitzakian ezarri nahi den errealitate berrian, sistema sozioekonomiko globalizatuan, euskara bezalako hizkuntza gutxituek geroz eta toki txikiagoa dute, edo, zuzenean, batere tokirik ez dute. Luze eta zabal aztertzeko moduko gaia da honako hau. Egoera kontu handiz aztertzeko modukoa da, beraz.

Eta Euskaraldiari?
Eragin, eragingo dio; ikusiko dugu nola. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!