Eider Manterola, ahobizi
Zergatik da garrantzitsua horrelako ekimenak egitea?
Txikitatik nire inguruan euskara izan da nagusi, eta etxekoek txiki-txikitatik euskararen aldeko ekimen askotara eraman naute. Baina sarritan lehen hitza erdaraz egiten dut, eta ez da ohitura egokia. Hori dela eta, uste dut nahiz eta euskaldunak izan guztiok dugula erantzukizuna hizkuntza honi indarra emateko.
Zer ematen du Euskaraldiak?
Ez du askorik ematen egun horietan lanketa egin eta ondoren hori ez badugu mantentzen, baina Euskaraldia ohiturak aldatzeko ekintza egokia dela uste dut. Horren ondoren ohitura aldaketa horiekin lan egiten jarraitzea bakoitzaren erabakia da eta hori da aldatu behar dena.
Jendeak aurten berdin-berdin parte hartuko duela uste duzu?
Ez dakit jendeak parte hartuko duen ala ez. Nire ikuspuntutik, orain bi urte ekimen honek oihartzun handiagoa izan zuen; batetik, berria zelako, eta bestetik, ez zegoelako egun dagoen pandemiaren eraginik. Nire kasuan, eskolatik izan dut honen berri, informazio askorik eskuratu gabe. Gainera, hedabideetan pandemiaren berriek euskaraldiaren oihartzuna mugatzen dutela iruditu zait. Beraz, ez dakit, espero dut, jendeak nik baino informazio gehiago eskuratu eta parte hartu izana.
Aurtengo berrikuntza nagusia ariguneak dira, zer diozu?
Nire kasuan, ikasgela arigunea izango da. Hala ere, ez dute guztiek parte hartuko ekimenean. Horrenbestez, uste dut kasu hori ez dagoela ongi planteatuta. Hau da, ariguneek euskararen lanketa egiteko gunea izan behar dutela uste dut, eta horretarako, modu kolektiboan egin behar da lana, izan ahobizi edo izan belarriprest. Uste dut ideia oso ona dela, baina ez dakit kasu guztietan ongi erabilia izango den. Nire gelako kasua adibidetzat hartuta, behintzat, ez dut uste arigunearen funtzioa beteko duenik, era kolektiboan lantzen ez bada.
Euskaraldiak hizkuntza ohituretan eragina dutela uste duzu?
Bai. Horrelako ekimenek ohitura aldaketen kontzientziazioa ekar dezakete, baina nork bere lanketa egin behar du ekimenek eragina izan dezaten. Zaila da ohiturak aldatzea, nigandik hasita; izan ere, neu naiz erdaraz hitz egiten didatenei, euskaraz jakinda, erdaraz ez erantzutearen lanketa egin behar duen lehena. Honakoa beste aukera bat izan daiteke ohiturak aldatzen hasteko.
Normalean belarriprest bigarren mailako rol gisa hartzen da, gehienetan. Zer diozu?
Ez dakit zehazki zergatik hartzen den bigarren mailakotzat. Bien rolak dira oso garrantzitsuak. Belarriprest batek eragin handia izan dezake ahobizi baten lanketan, lehen hitza beti euskaraz egitera bultzatuko baitu hori. Bestetik, belarriprestari adierazteko gaitasunean bultzada emateko aukera du ahobiziak, eta kostata bada ere, euskara erabiltzera animatu.