Pandemiak gogor egin die merkatariei. Zein eragin izaten ari da zuenean?
Lanari dagokionez, aldatu egin da jarduna, higieneari eta garbitasunari gehiago erreparatu behar zaiolako. Sentimendu aldetik, ez dakigu zer gertatuko den, beldur horrekin egiten dugu lan. Egun batetik bestera inor kutsatuz gero, itxi egin behar da negozioa, denboraldi baterako gutxienez.
Horrek eragiten digu arazo gehien, egoera egun batetik bestera aldatu daitekeela pentsatzeak ematen du beldur gehien.
Urnietan ez ezik, Donostian ere baduzue denda. Harrera ona izaten dute zuen produktuek garaiotan?
Oso harrera ona izaten ari dira. Desberdina da bi herrietan, merkatu gehiago dagoelako Donostian. Ezin dugu kexatu ez batean, ez eta bestean ere. Jendearen jarrera oso ona izaten ari da; ez dugu kexarik, ez orain ez inoiz. Beti pozik egon gara jendearen jarrerarekin.
Beldurra sumatzen al da erosleen artean?
Azken aldi honetan gutxiago. Jendea ohiturak aldatzen doa, esaterako, elkarren arteko distantzia mantentzen dute bezeroek, eta denda barruan kideak daudela ikusiz gero kanpoan itxoaroten dute. Jendearen ohiturak aldatu dira zentzu horretan. Urduritasunari dagokioneez, pentsatzen dut ohitu egingo garela egoera honetara.
Gabonetako otorduetan gozoek leku berezia dute postrean, ezta?
Guretzat denboraldi onena dira Gabonak. Guztiok daukagu beste umore bat gorputzean, erosketak egiteko, opariak egiteko...Orain ez dago hori eta normala da, jendea beldur da, eta ez dago lehen zegoen lasaitasuna. Ez dakigu zer izango den, beldur hori badugu. Murrizketak ezarriko dira positibo kopuruak gora eginez gero, eta horrek eragina izango du salmentan.
Zein dira egiten dituzuen gozo arrakastatsuenak?
Gabonetako postrea normalean turroia izaten da. Horrez gain, polboroiak eta mazapanak ere saltzen dira. Erregeen data gerturatu orduko, errege-opila ere egiten dugu, baina denboraldi laburragoa izaten da hori, bi aste, hain zuzen. Urte osoari dagokionean, pastelek indar handia dute gurean.