Eskaintzak

"Egoerak horrela jarraituz gero, itxiera pila izango dira"

Aiurrik Patxi Iribar Oianume jatetxekoa elkarrizketatu du: "Asko eskertzen da Ni ere ostalaria naiz ekimena".

Zortzi hilabetetan bi itxialdi: bat martxoan eta bestea orain. Nola eragiten dizue zuei?

Oso gaizki. Izugarrizko geldialdia eragiten du horrek, eta jendeak ohiturak eraldatzen ditu. Orduan, ez dakigu inoiz nola izango den egoera. Gainera, zalantzan zaude uneoro, batek positibo emanez gero, itxi egin behar duzulako. Hala, beti zaude beldurrarekin.

Nola pentsatu duzue egoerari aurre egitea?

Etxera eramateko janaria prestatzen hasi gara, bezeroa apur bat zaintzeko irtenbide gisa. Baina ea abenduan berriro ere irekitzeko aukera dugun eta ez garen pasatzen Gabonetan; bestela, berriro ere, urtarrilean berberean gaude.

"Ni ere ostalaria naiz" proiektua jarri berri da martxan Urnietan, ostalariei laguntzeko asmoz.

Asko eskertzen da. Nire ustez ostalaritza beharrezkoa da jendearentzat, eta, gainera, egoerak horrela jarraituz gero, itxiera pila izango dira.

Jatetxea zin taberna irekita zenutenean, zein zen bezeroen jarrera?

Hasiera batean, konfinamendua bukatzean, pentsatzen nuen denak normal jarraituko zuela, eta izugarrizko beherakada izan genuen. Ondoren, poliki-poliki bezeroak joan dira animatzen; hala ere, jende askok du beldurra. Zenbat eta positibo gehiago agertu, geroz eta beldur handiagoa sortzen da.

Bestelakoak izango dira Eguberrietako ospakizunak, aurreko urteekin alderatuta?

Momentuz ez dago erreserbarik. Gainera, beti Gabonetan itxi egiten dugu, oporrak hartzen ditugulako. Aurten uzten badigute, ireki egingo dugu. Zentzu horretan, aurreko urteetako Gabonekin alderatuta, ez da galera handirik izango gurean.

Zein da Gabonetako otordu batean falta ezin den platera?

Arkumea. Oianumen gehienbat olagarroa, apoa, kokotea, arkumea eta txuleta eskatzen dira, besteak beste.

Erlazionatuak

“Gertukoari lagundu beharreko premia sartu zaio jendeari, eta garrantzitsua da hori”

Urnieta

Aiurrik Muazpi harategiko Pello Urretabizkaia elkarrizketatu du: "Ni ere ostalaria naiz kanpainan asko harritu nau herritarren erantzunak. Jarrera ...
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!