Astearte goiza lainopean esnatu da Sabordegi baserriko parajeetan, Urnietan. Izaskun Aizpurua eta Ibon Peñagarikano bizi dira bertan. Goizeko 06:00retan hasi dira egurrean, behiak jezten, azken bi hamarkadatan ia egunero egin duten bezala, eta tartetxo bat hartu dute Aiurri-ri bizi duten errealitate gordina kontatzeko.
Ibon, 51 urte dituzu, zuk Izaskun 49. Sabordegi baserrian jaiotakoa bata, oiartzuarra bestea.
Ibon Peñagarikano: Bai. Biok ikasi eta baserritik kanpo lana egindakoak gara, gaztetan, baina baserrira bueltatu ginen. Pixkanaka trebatu ginen, inbertsioak egin, eta gaur arte. Nire kasuan hiru hamarkada betetzera noa baserrian. Gustuko lana zen, txikitatik baserrian ikusitakoa, eta horregatik bueltatu nintzen.
Izaskun Aizpurua: Ni ere baserrikoa naiz, duela 20 urte etorri nintzen Sabordegira bizitzera, eta lan egitera. Gure baserrian, Oiartzunen, 8-10 behi geneuzkan.
Zenbat behi dituzue etxaldean, egun?
I.P.: Gaur 105 jetzi ditugu. Denera, 260 bat buru edo izango dira. Familia-ustiaketa da gurea. Langile bat dugu, eta semeek ere tarteka laguntzen digute.
Nolakoa da zuen egunerokoa?
I.A.: Goizeko 06:00retan hasten gara egunero, behiak jezten. Gero jana eman, garbitasuna, txekor txikiei esnea eman… Hori da goizeko lana. Eta arratseko 06:00retan, gauza bera. Kanpoko lanak daude, uda partean batez ere, belarra biltzen-eta. Lan handia ematen digu horrek.
Behin entzun nion baserritar bati, baserrian beti dagoela zereginen bat.
I.P.: Hala da, bai. Guardian ere ordu asko ematen ditugu. Orain guardian egote hori saritu egiten da, gure kasuan izan ezik. Urtero 130 bat behi umatzen dira, beti dago bururen bat bereziki zaindu behar duzuna… Gauez aritzen gara, egunez… Honek ez du etenik. Ondo bizi garen ez dakit. Gustura bai.
Egun bakar bateko atsedena hartu ezin, eta hala ere gustura bizi zarete.
I.A.: Geuk ere hartu izan ditugu astebetetxoko etenak. Baserritik martxa eginda, ze hemen geratzen bazara, lana egiten duzu. Astebururik ez dugu gurean, semeek laguntza ematea eta gu biok lasaixeago ibiltzea, hori gure asteburuetako saria.
Bideragarria al da, ekonomikoki, familia negozioa?
I.P.: Gaur egun, ez. Beti erakutsi izan digute orduan eta abere gehiago jarri, negozioa bazela, gastu finkoak berberak direlako. Leloa ezaguna da: Behi gehiago, esne gehixeago, bideragarri izateko. Gu orain gauden puntuan, ordea, ezin dugu negozioa gehiago handitu dagoeneko. Irteerarik ikusten ez diogun egoeran gaude, egoera kritikoa da.
Urnietan 80 esne abeltzaintza ustiaketa zeuden iraganean. Egun lau baino ez, datu latza.
I.P.: Bai, baina behi kopurua berbera da. Esan nahi dut, lehen 80 esne baserri ginen herrian, eta hainbeste behi, gehienak hiru edo lau behirekin. Baserri asko behi kopuru apalarekin. Orain lau baserri gaude, 80 baserri horietan zeuden behi kopuru berarekin.
Zergatik da bizi duzuen egoera hain kritikoa?
I.P.: Bada, esne litro bakoitza ekoizteak 0,41 edo 0,42 xentimo balio duelako, eta saltzen dugun esne litro bakoitzagatik 0,34-0,36 xentimo artean ordaintzen digutelako.
Nola da posible hori?
I.P.: Esne sektoreak inguruan egitura handia du, jende asko bizi da esnearen inguruan. Funtzionario asko, maila komertzialean ere langile piloa. Zergatik? Oinarrizko elikagaia delako. Esnea da, gizakiak hori bakarrik kontsumituz gero, bizi iraun dezakeen produktu bakarra. Ez dago beste produkturik. Baina ez da baloratzen. Zernahi gauza baloratzen da gehiago, egungo jendartean, esnea baino gehiago: sakelakoa, jantziak, itxura, mila gauza…
Ekoizpena salmenta baino garestiagoa izatea zer da, oraingo egoera, edo aspaldikoa?
I.P.: Esne litroak, orain 30 urte, 0,31 balio zuen. Orain dela hilabete bezala. Pentsa… Esan ziguten, baserritarrok lehiakorrak izan behar genuela. Ikasi genuen, atzerrira joan ginen ikastera. Tresneria berria jarri dugu, instalakuntzak hobetu, arautegi eta baimen guztiak bete, zeregin konplexua azken hori: aberearen ongizatea, ingurugiroko baimenak, esnearen kalitatea… Baserritarra egin da trebatu, asko, eta Urnietan, Gipuzkoan ekoizten den esnea baino hobeagorik ez dago inon munduan. Exijentzia izugarria baita. Trebatze horrek kostu bat izan du, eta esnearen prezioa orain dela 30 urteko berbera bada… Lehiakorragoak gara, behiek esne gehiago ematen dute, genetikoki ere hobeak dira zezenak, behiak… baina guzti horrek dirua balio du. Ezin dugu gehiago hobetu, esne gehiago lortu. Puntu horretan gaude.
Eta zergatik balio du hain gutxi esne litroak? Norena da errua?
I.A.: Guk kalitate oneko esnea ekoizten dugu, baina zer pasatzen da esne horrekin behin gure baserritik irteten denean? Kalean edaten dudan esnea, eta baserrian edaten dudana ez da berbera. Zer pasatzen da esnearekin baserritik kalera doan tarte horretan? Supermerkatura joan eta zure esnea hain merke ikusteak min handia ematen dit niri. Oso esne ona ekoitzi dudala uste baitut.
I.P.: Jendeak nahi du esnea merkea, ez esne ona. Gero esneak eta esneak daude. Gu Kaiku kooperatibako kide gara, eta badakigu esne on bat ekoizten dela. Kanpotik ere esne asko ekartzen da, makro etxalde handietatik. Supermerkatura gure esnea iritsiko da, baina beste esne asko ere bai, eta denek izen bera dute: esnea. Supermerkatuan prezio askoko esneak topatuko dituzu, baina zein erosiko du jendeak? Merkeena. Guk merkeago ezin dugu ekoiztu. Sei xentimo galtzen ari gara litroko gaur egun, eta eguneko 3.500 litro esne ekoizten ditugu, 34 bat litro behiko. Hori epe jakin batean jasan dezakezu, prezioak ere asko aldatzen direlako. Orain, ordea, erregaia, pentsua, argi indarra, dena garestitu da ikaragarri.
Nork erabakitzen du zenbat balio duen esne-litroak?
I.A.: Supermerkatu handiek.
I.P.: Gure inguruan, Urnietan eta Beterri eskualdean, entzuten dut, jendeak egiten duela herriko, bertako produktuak kontsumitzeko aldarria. Aintzat hartzen omen gaituzte baserritarrak, baina gero eskualdea supermerkatu handiz josia daukagu. Andoainen, Hernanin… Zer pasatzen ari da? Hernanin sortu da bertako baserriko produktuak saltzeko proiektu majoa, eta hori bultzatzen dute erakundeek, baina supermerkatu handiak ere bai. Denda txikietara joaten naiz, eta ez dut jendea erosketa poltsa betearekin ikusten etxera bidean. Gauza puntualak erosi, bai, baina erosketa handiak supermerkatuan egiten dira. Supermerkatuan, noski, posible da baserriko produktuak erostea, baina zer egiten da supermerkatuan? Produktu merkeena erosi.
Beste herrialde batzuetan balioa eman zaio esneari, kostu balioa salmenta balioaren gainetik egon denean, Gobernuek esku hartu dute, eta egoerari irtenbidea eman, Alemanian, adibidez. Espainian ez. Zergatik?
I.A.: Gurean, Euskal Herrian eta Espainian, Europako esnerik merkeena dago. Supermerkatu handien presioagatik. Esneak ere aurkariak izan ditu, kolesterola sortzen zuela zioten medikuak eta beste… Orain, aldiz, ona omen da esne kontsumoa.
Nola eutsi, egoera kritiko honetan?
I.P.: Ba ez dakit, baina egoera iraultzen ez bada, azkar esne abeltzaintza historia izango da, belaunaldi berriek museo batean bakarrik ikusi ahalko duten ustiaketa modua. Oraingo martxan, esne abeltzaintza desagertu egingo da, eta azkar.
Bueltarik ba al du egoerak, zuen ustez?
I.A.: Egoera buelta ez izatetik oso gertu dago. Aspalditik heldu da, ikusten zen egoera honetara iritsiko ginela. Egunero lanean, iritsi ezin, estres batean sartuta… Noiz arte? Bizi ere egin beharko dugu apurtxo bat ez? Estutu, estutu, eta ezin iritsi, ezinezkoa da.
I.P.: Martxa honetan bukatu egingo da Euskal Herriko esne abeltzaintza. Ezin baitugu makro etxaldeekin lehiatu. Hemen ditugun belazeak ditugu, orografia menditsua da, eta hemen ekoiztea asko kostatzen da. Asko. Langileei ere hemengo soldata eman behar zaio, ez Gaztela-Leongoa.
Larrialdi dei gordina egiten ari zarete.
I.P.: Bai, eta ez dakit jendarteak gure negozioak ixteak zer ekarriko duen ikusten duen. Gu gabe mendia zikindu egingo da azkar.
Zuen tankerako beste negozio batzuk salmenta zuzena lehenetsi dute, herriko merkatuetan, etxeetako banaketarekin, edo herrietan esne botila salmenta makinekin. Halakorik pentsatu al duzue zuek?
I.P.: Ez, eta arrazoia sinplea da. Buelta batzuk eman dizkiogu kontu honi, Urnietan edo Hernanin makina batzuk jartzeko. Batzuk egiten dute. Gu kooperatiba bateko kideak gara, eta denok ezin dugu hori egin. Denok hala funtzionatuko bagenu elkarri kalte egingo genioke, merkatu hori mugatua baita. Bezeroaren fideltasuna lortzea ere ez da samurra.
I.A.: Azkenean berriro supermerkatura bueltatzen gara. Denok gabiltza korrika, denok dugu denbora gutxi supermerkatura ti-ta batean joan eta erosketak egiteko.
Politikariei, aginte-makila dutenei, zein mezu emango zenieke? Nork dauka erantzukizun gehien?
I.P.: Legeak idatziak daude. Ezin da ordaindu produktu bat kostatzen dena baino prezio baxuagoan. Esnearekin gertatzen da, eta salaketa egin dugu, egin behar zen tokian. Ez zaigu jaramonik egin. Gobernutik esan zaigu lanean ari direla, konponbideak bilatzen… Ez da ezer egiten. Esnea da igo ez den produktu bakarra. Ogia igo da, erregaia, egunkaria… dena igo da. Esnea ez.
Politikariek kontziente al dira, larrialdi mezua ematen duzuenean?
I.A.: Ezezkoan nago. Bestela, zerbait egin beharko lukete, ezta?
I.P.: Nire ustez, kontziente dira, baina zera pentsatzen dute: ‘ez dira negozioa ixten ausartuko’. Garen bezalakoak gara, lana egin dugu lehertu arte, eta segi, dirua galduta ere. Behiak gure soldata edo aurrezkiekin elikatzen ari gara, eta hori ezinezkoa da. Baserriaren historiak dio irautea izan dela gure patua, baina familia bera ezin duzu zulora eraman. Bankuen konfiantza ere ez da mugagabea, eta ogi kozkor bat jateko hainbeste sufritzea ere…
Okerrenean pentsatu al duzue? Alegia, baserriko negozioa utzi eta beste lanen bat bilatzea?
I.P.: Pena handia emango liguke. Bizitza guztia horretan aritu eta utzi beharra ere… Iristen bada, iritsiko da, baina ezin dugu egoera horretan pentsatu. Oso harro baikaude egiten dugunarekin. Beti daukagu egoera aldatzeko esperantza, politikariek neurriak noiz hartu, gizartea noiz hasiko ote den gure produktua behar den moduan baloratzen. Gu jendartearen mesedean aritzen gara, esnea ekoiztuz. Irudipena daukat gizartea San Tomas egunean bakarrik gogoratzen dela baserritarrarekin, eta gu hemen ari gara beste egun guztietan. Baserriak asko eman dio herriari, Euskal Herriko ikur izan da, euskararen zaindari, kulturalki giltzarri, eta bukatzen ari da. Urnietan lau esne ustiaketa negozio daude. Sektoreko lantegi garrantzitsueneko egoitza nagusia herrian dugu, Iparlat. Iparlat-ek, zergetan, diru asko uzten du Udaletxean, urteko aurrekontuaren hirutik bat. 200 langile baino gehiagok aberastasuna sortzen dute, eta horrekin kiroldegia egiten da, errepideak… Alegia, baserriak ematen dio jendarteari. Jendarteak ematen al dio baserriari bueltan? Susmoa daukat jendea gurekin belazeak ongarritu eta usain txarra sortzen denean bakarrik gogoratzen dela. Eta ez naiz diru-laguntzak eskatzen ari, egiten dugunagatik salneurri justu bat ordaintzea baizik.