M8 2022

“Arrakalak ikusten dizkiogu fikzioari”

Alba Cabrera Jauregi 2022ko mar. 6a, 09:00

Saroben izango da Kamikaz Kolektiboa martxoaren 11n, arratsaldeko 19:00tan, Ttak Teatroarekin elkarlanean egin duen azken lana plazaratzeko: “Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi”. Amancay Gaztañagarekin hitzartu da Aiurri, obraren nondik norakoetan sakontzeko.

Inoiz galdetu al diozu zeure buruari, irakurle, noren esku dagoen zure imajinarioaren eraikuntza? Zein pentsamendu saltzen dira fikzioaren izenean? Eta zelako eragina dute horiek egunerokoan? Bada, galdera horiei erantzuna topatu die Ttak Teatroarekin batera Kamikaz Kolektiboak, “Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi” obraren bidez.

Bridgerton” telesail arrakastatsuak eragindako inpaktuak (eta zorabioak) bultzatu zituen oholtza gainera igotzera Iraia Elias, Erika Olaizola eta Amancay Gaztañaga aktore eta "sortzaile kamikazeak". Fikzioaren eta errealitatean arteko joan-etorrian saltoka, egunerokoan gertatzen denaren ispilu izan nahi dute, umoretsu bezain kritiko: apaingarriak apaingarri, fikzioan ere zaharrak berri.

Bridgerton” telesaila abiapuntu izan arren, horren gaineko bertsio librea egin al duzue?

Horrelako tankerako telesailek oso ondo menderatzen dituzte ikus-entzuleen ahulguneak; finean, kodifikatuta gaude txikitatik. Hala, ondo baino hobeto dakite nora jo behar duten eta zer eman behar diguten jaten, guk hori guztia irensteko eta onartzeko. Hori da arriskutsuena: errealitatean, egunerokoan, ez baldin bazaude oso adi, fikzioan saltzen diren zenbait helmugaren bila zoaz, inertziaz. Nondik eraikitzen dugu gure iruditeria? Gizonen esku dago munduan egiten den fikzioaren %92.

Eta, bai, oso librea da gure bertsioa. “Bridgerton” telesailetik abiatu arren, ideia-apurketa mordo batekin dago eraikita obra. Lehen eszenan, XIX. mende hasierako hiru emakume daude meriendan, baina apurtu egiten dugu horrekin. Gainera, beste makina bat telesail txertatu ditugu, "Outlander", adibidez.

Garratzetik asko al du zuen komediak?

Komediatik asko dauka gure obrak; zenbait unetan, gainera, guri ere kosta egiten zaigu barreari eustea. Baina, era berean, garratza da, bai, jorratzen ditugun gaiak ez direlako samurrak.

Hiru kortserekin, azukre askorekin eta brandy gehiegirekin hasten da istorioa. Zerekin egingo dute topo meriendara, mahaiaren bueltara hurbiltzen diren ikusleek?

Fikzioak errealitatea uneoro nola zeharkatzen duen kontatzen du antzezlanak. Bestalde, maitasun erromantikoa dugu hizpide, eta, horren harira, gure harremantzeko moduez zein toki ez osasuntsuetan eraiki dugun maitasunaren gaineko imajinarioaz mintzo gara, besteak beste. Horrez gainera, gizonezkoak ere agertzen dira, badaukate beren espazioa kontaketan: nola eraikitzen da beren izaera, izatea?

Fikzioaren eta errealitatearen elkarreraginari buruzko hausnarketa egiten duzue. Bi espazio horietan atzera-aurrera aritzen al zarete hori irudikatzeko?

Hori da. Jolastu egiten dugu jauzi horiekin, eta oholtza bera ere horrelaxe irudikatu dugu: lauki bat dago lurrean; horren barruan, fikzioa gorpuzten dugu; aldiz, hortik kanpo, errealitatean kokatzen gara. Bi eremu horietan gabiltza eta lehenak bigarrenean duen eraginaz hausnartzen dugu. Izan ere, nahi edo ez nahi, bertatik sortu dugu gure iruditeria. Gaur egun, gainera, geroz eta gehiago zein azkarrago kontsumitzen dugu fikzioa, edozein modutan nahiz era oso bortizean. Eduki-zurrunbilo horren erdian, kritikotasun falta dugu maiz ikus-entzule gisa, eta ez gara gai ohartzeko zein eta zer dagoen kontaketa ororen atzean. Sistema kapitalistak erabiltzen dituen baliabideak dira Netflix bezalako euskarriak, bere azpiegitura osoa bermatu ahal izateko. Hala nola, telenobela-kodeak oraindik ere botere handia dauka, eta oso modu errazean irensten da amua. Pentsamendu kritikoa ere lainotu egiten dute; finean, asko du gaslighting-etik: itsutu egingo zaitut pozoina sartzeko.

Hiru kortseez eta zenbait maniki bizardunez gain, bidelagun onak izan al dira antzezlanean umorea, ironia, satira…?

Geure buruaz egiten dugu lehenik eta behin barre obran; etengabe topatzen gara barruan dugun heroinomanoarekin. Oso ironikoak gara Kamikaz Kolektiboko kideak, eta oso gustuko dugu erridikulua egitea. Iraultzailea da emakumeak umore mota jakin hori egiten egotea. Izan ere, hori bera ere esan egiten zaigu nola egin; ez digute histrionikak, oldarkorrak izaten uzten, eta guk, hain justu, emakume gisa baimentzen ez zaigun umoreari eusten diogu beti. Ez da guretzat ahalegina kode horretan igotzea oholtzara; gainera, asko elikatzen dugu elkar.

Zenbaitetan, publikoaren deserosotasuna al dakar horrek?

Jakina, baina, hein batean, talka hori ere bilatzen dugu; halere, ez dugu inoiz inor samintzeko asmoa.

Izenik gabeko hiru kidek hartzen dute oholtza: Emakume 1, Emakume 2 eta Emakume 3. Jende askori oso ezagunak zaizkion errealitateak kontatzeko aukera ematen al dizue anonimotasun horrek?

Fikzioaren barruan gaudenean, ez dakit jendea identifikatuta sentituko ote den; zenbait gizonezko bai, beharbada. Ispilu-lanean laguntzen gaitu anonimotasunetik aritzeak. Gainera, bada obran aitortza une bat eta, agian, ikus-entzule asko zeharkatuko ditu momentu horrek.

Aktore garen aldetik, arrakalak ikusten dizkiogu fikzioari; badakigu zertaz ari garen. Askotan tokatu zaigu gizonezko batek idatzi duen eta inondik inora ere identifikatuta sentitzen ez garen rol batean aritzea, askotan ikusten dugu zeinek mugitzen dituen hariak eta zertarako… Orduan, hortik ere idatzi dugu obra, eta, akaso, hori da zatirik bortitzena: aktore gisa, batere zure sentitzen ez duzun eta, are gehiago, batzuetan, dinamitatu nahiko zenukeen sistema baten parte zarela ikustea.

Ikus-entzuleek hausnartzea duzue helburu. Alabaina, zuei ere eman al dizue zer pentsatua?

Noski baietz, baina jada aurretik baginen bide horretan: esaterako, maitasun erromantikoaz asko hausnartu dugu, edo bakoitzak betetzen ditugun edertasun kanonez. Lanketa handiak egin ditugu prozesuan, izan ere, horretarako aukera ematen digu Kamikaz Kolektiboak, esan nahi dugun horri ahotsa jartzen laguntzen digulako.

Emakumezko aktoreen ahotsa ez da inon entzuten, oso oso ezaguna izan ezean. Egun, oraindik ere, fikzioan, oro har, gizonezkoek zuzentzen gaituzte. Zorionez, oso entzuna sentiarazi nauen jendearekin lan egitea tokatu zait niri, baina ez da gehiengoa.

Nazioartean ezagunak diren telesail arrakastatsuak aipatu ditugu. Baina ba al dira etxean ere dinamika berdinak erreproduzitzen dituzten edukiak?

Ez gara oso urrutira joan behar, ez, horrelakoak ikusteko. Aurreko batean, Karmele Jaio idazleari entzun nion: “Zein gutxitan kontatzen dira benetan emakumeen istorioak emakumeen begiradetatik”. Obra bat emakumezko batek idatzi badu ere, edukia transformatu egiten da gizonezkoak daudelako gainerako erabaki postuetan. Edo, bestalde, ez da batere ohikoa gure telebista publikoan emakumeak zuzentzen ikustea. Hala, oso begirada inportantea ari gara galtzen bidean, eta, ondorioz, gero, emakumeek sortutako gauzak ikusten ditugunean, ez dugu ondo ulertzen imajinario hori. Baina nola ulertuko ditugu, jan dugun guztia gizonezkoek eraikia izan bada? Gure iruditeria ikuspuntu horretatik sortu baldin bada, nola izango gara gai geure begirada propioa ulertzeko? Nik, adibidez, saiakerak saiakera, badakit ez dudala sekula topo egingo nire begiradarik puruenarekin, pisu handia duelako urte luzez egonkortu diguten kodeak. Ez baldin bada hori aldatzen, dinamika berean jarraituko dugu. Zer dira pertsonaia femeninoak gizonezkoek idatziak izan baldin badira? Nabari da, eta hori ez da gure begirada, ez da gure atmosfera.

Egoera honen aurrean, Kamikaz Kolektiboa daukazu arnasgune bezain bozgorailu.

Eroso sentitzen garen kodean, istorioak sortzen eta dudak argitzen ahalegintzen garen espazioa da guretzat. Aske sentitzen gara sorkuntza-prozesuan eta gure kontatzeko moduari lekua egiten diogu bertan.

Zeuek jarri dizkiezue hitzak obrari, eta zuzendaritza-lanetan ere hirurak aritu zarete. Laguntzarik jaso al duzue sorkuntza-prozesuan?

Gu beti ahalegintzen gara emakumeekin lan egiten, beste kode bat sortzen delako. Besteak beste, Espe Lopez zuzendaria egon zen gurekin astebetez gu zirikatzen buruan genituen idea guztiak, zenbait ariketaren bidez, zukutzeko. Bestalde, Barbara Rasok egin zituen jantziak eta bete-betean egin zuen bat guk eman nahi genion begiradarekin. Azpeitiko Kulturaz Kooperatibak egin du ekoizpena eta oso eskertuta gaude, beraiekin babesik gabe ez litzatekeelako posible egin dun lana gauzatzea. 

Diru pixka batekin eta maitasun handiarekin egindako proiektua dela entzun nizuen behin.

Pentsa, lehen aurrekontua egitean, ez genuen geure burua kontuan hartu, alegia, oso diru gutxirekin aritu gara lanean. Alabaina, sekulako emaitza lortu dugu eta oso gustura gaude.

Eta publikoa ere gustura sentitzen al duzue azken emaitzarekin?

Askotariko profiletako jendea ikusten dugu ikus-entzuleen artean; oso heterogeneoa da publikoa. Kamikaz Kolektiboaren obrak jarraitzen dituzten emakume gazteekin egiten dugu topo, baina baita, den obra dela, astebururo bere herriko antzokira doazen herritarrekin ere. Deigarria egin zaigu zenbat konektatu duten gurekin emakume helduek, izan ere, obra azkarra da, oso eroa.

Seigarren antzezlana duzue honako hau. Maitasunik gelditu al zaizue soberan aurrera begira beste proiektu batzuk gauzatzeko?

Ideia ederrak ditugu, baina bultzada ekonomikoa falta zaigu, izan ere, ikus-entzunezko pilulak sortu nahi ditugu obra honekin. Dena dela, hara eta hona ibiliko gara oholtza gainean datozen hilabeteetan, Urnietan, tartean. Herritarrei etortzeko gonbitea luzatu nahi diet, ederki pasako dute eta.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!