Maiatzaren 27an hasiko dira, arratsaldeko 20:00etan suziriak eztanda egiten duenean, Sorginen eskutik. Hiru egunez, adin-tarte guztietako herritarrei zuzendutako ekitaldiak izango dira: kontzertuak, kantujira, erraldoi eta buruhandiak, afari eta bazkariak, dantza jaialdia, oztopo proba, ekojolasen tailerra, antzerkia, etab. Horrez gain, haurrentzako atrakzioak izango dira probalekuetan.
Jai Batzordeak azaldu duen moduan, «antolakuntzak ilusioarekin heldu dio Gazte Festak berriz ere antolatzeari». Elkarte ezberdinetako kideek osatzen dute Jai Batzordea, eta guztien arteko batasuna eta elkartasuna funtsezkoak izan dira jaiak aurrera eramateko. Aurten bat datoz helburu nagusiarekin: «urnietarrek jaiez disfrutatzea».
Hona HEMEN egitarau osoa.
Kale-mozketa
Udalak gogorarazi du, jaiak direla eta, errepide mozketak izango direla Idiazabal kalean, larunbat goizeko 11:00etatik igande goizaldeko 06:00ak arte. Errepide mozketak iraun bitartean, autobus geltoki bakarra zahar-etxe aurreko biribilgunean izango da Era berean, Txirrindularitza Txapelketa dela eta, larunbatean, trafikoari moztuta egongo da Maximo Iurramendi, kalea 16:30etatik 17:30etara.
Jaietan errespetuz gozatzeko deia luzatu die Udalak herritarrei, eta edozein erasoren aurrean, ondorengo telefonoak dituztela gogorarazi du:
- Urnietako Udaltzaingoa: 943 0080 90,
- Gizarte Zerbitzuak: 943 00 83 49
- SOS Deiak: 112.