Gazte Festak 2022

"Urnieta Dantzan jaialdiaren emanaldi nagusia Plazido Muxika plazan egingo dugu"

Alba Cabrera Jauregi 2022ko mai. 26a, 07:52

Leire Ibarbia Egape dantza taldeko kidea da, eta Urnieta Dantzan jaialdiko antolatzaileetakoa.

Bolondres gisa aritzen dira kideak, eta udaberrian hasita lan eta lan ari dira. Gizarte eragileen ekarpena balioan jarri nahi izan du Egape dantza taldeko eragileak.

Azken bi urte hauetan nola ikusi dituzue haurrak eta gazteak? Jendaurreko emanaldirik gabe, motibazioa nabarmen jaitsi al da?

Motibazioa galduta ikusi ditugu. Bi urteotan, ekitaldi txikiak egin ditugu, musukoarekin eta bete beharreko neurriak errespetatuta. Aurten, izen-ematea nabarmenki jaitsi da, alegia, askoz dantzari gutxiago etorri dira gurera. Ez dakigu beldurragatik ote den edo motibazio ezak jota, baina pena bat da. Izan ere, nahiz eta lan handia eskatu, oso gustuko dute haurrek plazan dantzatzea, Sarobeko emanaldia egitea eta abar. Beti bizi ohi dute oholtzara igo aurreko tentsioa, baina, egun, are urduriago ipintzen dira, praktika faltagatik.

Guztiontzat izan da zaila pandemia, baina, batez ere, nire ustez, nerabezaroan izan du eragin gehien, baita adineko jendearengan ere. Gauzak egiteari utzi diote gazteek, eta, orain, kosta egiten da martxa hartzen, lotsa ere tarteko dago…

Betiko jarduna berreskuratzeko bide horretan, Dantzari Txiki Eguna izango da larunbatean.

155 dantzari biltzen dituen ekimena da, lau urte dituzten txikietatik hasi eta batxilergoan dauden ikasleak bitarte. Helduok ere dantzatzen dugu, orain lau urtetik hona (lehen, soilik, azken emanaldia dantzatzen genuen).

Helduek hartuko dute Etxeberri plaza. San Juan plazan, lau eta bost urtekoek nahiz Lehen Hezkuntzako lehen mailakoek datzatuko dute; eta, adin-tarte horretatik aurrera, Idiazabal kalean izango dira. Guneak prestatu ditugu, eta, horietako bakoitzean, txistuaren laguntzaz, dantza egingo dute.  Emanaldi nagusia, guztiok batuta, Plazido Muxika plazan egingo dugu, eguerdiko 12:30ean. Bi pieza egingo dituzte guztiek batera, emanaldiari hasiera emateko. Jarraian, talde bakoitzak bere erakustaldia egingo du, eta, azkenik, berriro ere bi pieza dantzatuko dituzte guztiak batuta, borobiltzeko. 

Aurten, izango al da gonbidaturik?

Usurbiletik datoz 30 bat dantzari, 8-12 urte bitartekoak. Maiatzaren 7an joan ginen gu hara (LH6), eta beraiek datoz, orain, bueltan. Egape Ikastolan egingo diegu harrera, goizeko 11:00etan. Idiazabal kalean, gune bat izango dute eta Plazido Muxikako amaiera-ekitaldiko azken bi dantzak ere EDTko kideekin batera egingo dituzte. 

Ondoren, ohiturari jarraiki, Egape Ikastolara joango gara, Usurbileko dantzariak eta LH 4tik aurrerako ikasleak.

Zenbat lagun behar dituzue guztira horrelako ekimen jendetsua antolatzeko?

Aurten, gutxiago gaude, elkartean urte asko zeraman jendeak utzi egin duelako. Uste duguna baino lan handiagoa dago egiteko. Gainera, udaberri partean izan ohi ditugu hitzordu gehien. Bolondres gisa aritzen gara kideak eta ez da erraza izaten. Finean, elkarteek egiten duten lanagatik ospatzen dira festak.

Azken boladan, dantzari-kopurua jaitsi bada ere, indarrean jarraitzen al du euskal dantzak Urnietan?

Bai, jakina. Dantzak asko mugitzen du herria. Ia martxa hartzen duen berriro, eta herritar gehiago batzen diren gurera, bai dantzatzeko, bai antolatzeko!

Erlazionatuak

X. Urnieta Dantzan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016 eka 24 Urnieta

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!