Hiru urteren ostean, itzuli dira Urnietako Gazte Festak. Zuek ere kalera aterako zarete.
Lehen aldia da, Kantazaun gisa, festetan parte hartzen duguna. 2019. urteko udazkenean hasi ginen, eta, hurrengo udaberrian, pandemia etorri zen. Hilabete bakoitzeko azken ostiralean biltzen gara, iluntzeko 19:00ak aldera, eta herrian barrena itzulia egiten dugu. Egun, 25 bat kidek hartzen dugu parte. Horregatik aterako gara datorren honetan ere, maiatzeko azken ostirala delako. Etxeberri plazatik irten eta herriko kaleetan zehar ibiliko gara, tabernetan geldialdia eginda.
Zein belaunaldiko jendea batzen zarete?
Adinekoak gara guztiak, 60 urtetik gorako herritarrak, oro har. Liburuxka egiterakoan, zein abesti sartu eztabaidatzen, gazteen martxa ezberdina daramagula ohartu gara. Oraingo liburuxka gure inguruko, garaiko abestiekin osatzea erabaki dugu.
Egon izan gara, inoiz, modu ez formalean, Guria taberna alboan abesten, eta gerturatu izan dira haurrak beren gurasoekin; ondorioz, beren doinuak ere abesten ditugu horrelakoetan.
Zein eskaintza egiten duzue kantuz?
Kanta herrikoiez gain, Lourdes Iriondo, Xabier Lete, Benito Lertxundi, Pier Paul Berzaitz bezalako iparraldeko abeslariak ditugu gurean, baita Urnietaren ereserkia ere.
Ahotsarekin batera, ba al daukazue musika-instrumenturik bidelagun?
Inoiz atera gara Txanbolinekoekin batera. Esku-soinuarekin ibiltzen da Fermin, eta bafle txiki bat ere badugu. Baina, normalean, bakarrik aritzen gara, a capella. Ez da inongo asmorik perfekziora jotzea; kaleko ekintza bat da, gozatzeko egina.
Aurrera begira, Urnietan, kantuan, aritzeaz gain, beharbada, bestelako ekintzak antolatuko ditugu Sanmielak aldera.
Kantu birek oraindik ere indarra al daukate herriko festetan?
Indarra hartzen ari den dinamika da kantu-bira. Inguruko herrietan ere badira taldeak, Usurbilen, Hernanin zein Donostian, esate baterako. Kalean euskara entzun nahi dugu, eta, nola egin hori? Bada, gure, kasuan, kantuan. Herriko kaleak euskaldundu behar ditugu, kantuz, hitz eginez, edo ahal den moduan.