Zer nolako giroa, animoa ikusten duzue auzoan?
Gainerako elkarteen zein Udalaren partetik gogo handia nabari da, eta ilusio handiz dago gure auzoa festak ospatzeko, noski. Eguraldiaren arabera izango dira gure ekintzak, txarra eginez gero, aterpeak okupatuta daudelako. Atera, aterako gara, eta euria egiten badu, moldatuko gara.
Orain urte batzuk sortu zenuten elkartea. Eraginik izan al duzue Etxeberri plazaren bueltan biltzen den giroan?
Izugarri, baita bertako merkatariengan ere. Jai-giroa herriko beste leku batzuetan zegoen lehen. Hala, eragina izan dugu auzoaren giroan, lauzpabost hitzordu egiten ditugulako urtean. Udalak, bere aldetik, ahalegina egin du gure plazan ere ekintzak antolatzeko. Makina bat jende biltzen da, gainera, plaza honetan.
Jaien antolakuntzan, ezer botatzen al duzue faltan?
Bai, beharbada, Urnietako Udalaren partetik aitortza apur bat handiagoa egitea herriko elkarteei, eta guk antolatutako ekintzetara maizago etortzea. Finean, bultzada behar dugu, bolondresak garelako.
Herritarrei dagokionez, gaudenarekin ongi gaude; dena dela, beti animatzen dugu jendea gurera etortzeko. Hasieran kosta egiten da antolakuntza lanetan hastea, baina berehala hartzen da berriro martxa. Gainera, nabari da bi urte egon garela geldirik.
Sanmielei begira ere antolakuntza-lanetan egotea aurreikusten al duzue?
Bai, jakina. Etxeberriko jaiak izango dira iraileko bigarren asteburuan, lehenik, eta Sanmieletan parte hartuko dugu. Urte amaiera aldera ere hainbat ekintza antolatu dugu.