Lanek iraun duten bitartean, modulu prefabrikatuetan garatu dira kirol-jarduerak. Jada, itxita daude horiek, eta Udalak amaitutzat eman zituen bertan burututako ekintzak. Azken egun hauetan zerbitzua etenda egon den bitartean, Urnietako bazkideek Andoaingo Allurralde kiroldegia eta Arrate pilotalekuko muskulazio-gela, eta Lasarte-Oriako eta Usurbilgo kirol-instalazioak erabili ahal izan dituzte Buruntzaldeako hitzarmenari esker.
Kiroldegian egindako lanak ezagutu nahi dituzten herritarrentzat bisita gidatuak antolatu ditu Urnietako Udalak asteazkenean. 10:00etan, 12:00etan, 16:00etan eta 18:00etan izango dira eta ez da hitzordurik hartu behar.
Nahiz eta datorren asteazkenean inauguratuko den kiroldegi berria, dagoeneko irekita dago bazkide egiteko epea. Berritasun gisa, izena modu telematikoan eman daiteke, bertara joan beharrik gabe. Modu honetara, kiroldegi berria irekitzen denean "sor daitezken ilarak ekiditea" du helburu Udalak, eta bide batez, "prozesua ahalik eta gehien erraztea urnietarrei".