Besteak beste, Nerea Arrutik crossfit modalitatean entrenatu izan da azken urtetan serio, Aiurri-ri iazko otsailean aitortu zioenez, ETB2ko El Conquistador del Caribe realityan parte hartu zuenean eskaini zion elkarrizketan.
Azpeitiako Emakumezkoen Banakako Aizkolari txapelketan, Arrutik Nerea Sorondo eta Laiene Pikabea izan zituen aurkari. Hona azken emaitza:
1.- Nerea Arruti 05:39.
2.- Nerea Sorondo +34.
3.- Laiene Pikabea +01:31.
Sei final jokatu ziren Izarraitz frontoian, aizkoran zein harria jasotzen, eta ETB1k zuzenean eskaini zituen (emakumezkoen finala, emanaldiaren lehen ordu erdian ikusi liteke).
Nerea Arrutik ETB1eko Olatz Forundia kazetariari adierazi zionez, finaleko lehiari ekin zionean ez zuen pentsatzen gaindituko zuenik aurreko urtetan txapela jantzi duen Nerea Sorondo. “Gaizki hasi bainaiz. Ez naiz konturatu ere egin zertan ari ziren besteak; nire munduan sartu naiz, eman eta eman. Eta horrela, buelta eman diot hasierako lan kaskarrari, eta orduan ikusi dut, bai, irabaz nezakeela. Kriston ilusioa egin dit garaipenak, oso pozik nago”.
Sei txapel jokoan, guztira
Azpeitiako herri kirol jaialdian beste hiru Urrezko Aizkolari Txapelketa jarri ziren jokoan.
Gaztetxoen mailan (19 urtez azpikoetan) Isidro Velasco, Amets Ariztizabal eta Igoin Pikabea aritu ziren nor baino nor, eta gazteen mailan, Hodei Ezpeleta, J. Urretabizkaia Basozabal eta Xuban Kañamares. Azkenik, gizonezkoen mailan, Julen Alberdi Txikia IV.ak jantzi zuen txapela, Iker Vicente eta Mikel Larrañaga atzean utzi eta gero.
Bestalde, bi Urrezko Harrijasotze Txapelketa ere jokatu ziren Azpeitiako jaialdian. Emakumezkoetan, Karmele Gisasola Zelai III irten zen irabazle, Patricia Martin eta Lur Errekondoren aurretik. Gizonezkoetan, berriz, Jokin Eizmendik Jon Unanue Goenatxo IIIri irabazi zion.