“Egindako lanaren erakustaldia izango da”

Maila handiko dantza eta musika ikuskizuna ikusteko aukera izango da asteburu honetan, Urnietan: Egape Dantza Taldearen eta Korrontziren arteko elkarlanean oinarritutako emanaldia.

Nola iritsi zen Korrontzirekin batera dantzan aritzeko aukera zeuon eskuetara?

Jaione Jauregi Garmendia: 2020. urtean hasitako proposamena da, oker ez banabil, Urnieta Dantzan ekimenaren harira antolatu nahi genuen. Korrontzi taldeak "Korrontzi dantzan" proiektua dauka; horrela, Euskal Herriko makina bat txokotan barrena aritzen da tokian tokiko dantza-taldeekin elkarlanean kontzertuak antolatzen. Orain bi urte eutsi genion eskaintza horri, baina pandemia etorri zen. Askotariko saiakerak egin ditugu harrezkero, egoera epidemiologikoa apalduko zelakoan, baina ez da posible izan, gaurdaino. Era berean, Egape Dantza Taldeak dantza asko egiten ditu Korrontziren musikarekin, eta estilo berdineko beste zenbait melodiarekin; beraz, berezia zaigu egitasmoa.

Besteak beste, “Koplariak” diskoa oinarri izango da ikuskizunean.

Edu Muruamendiaraz Gallastegi: Doinu berriak badira ere, betidanik landu ditugu horrelako koreografiak gure taldean. Izan ere, Korrontzik Getxon egindako zuzeneko batean oinarritu gara sarri dantzak egiteko. Orain, beste abesti-sorta batetik abiatu gara. Guztira, 14 koreografia egingo ditugu eta horietatik hamar bat hutsetik sortuak dira. 
Koreografiak oholtzara egokitu behar izan ditugu, ez baikaude bertako neurrietara ohituta. Ondorioz, egitura aldetik, moldatu behar izan dugu, ezin baitira taldekide guztiak batera dantzan aritu. Erronka polita izan da, luzea eta gogorra. Nolanahi ere, emaitza ederra irtengo da, ziur, finean, lehen aldiz egingo du Egape Dantza Taldeak horrelako zerbait musika-talde ezagun batekin. Guztiak gaude eguna iristeko zain. Urduritasuna nabari da.

J.J.G.: Nire ustez, erronka garrantzitsua da, era berean, bai dantzariontzat, bai zuretzat, Edu, zuzeneko musikak exijitzen dituen erritmoei ongi erantzun behar zaielako.

E.M.G.: Ez gaude ohituta zuzeneko musikak ematen duen adrenalina gehigarri horretara. 
Korrontzik badu, modu batera edo bestera, Egape Dantza Taldearekin antzekotasunik, tradizioaren eta inertzia berritzaileen arteko nahasketa egiten baitu.

E.M.G.: Dudarik gabe. Nor bere diziplinatik, baina egiten dugunak antzekotasun handiak ditu; bada, nolabait, bien artean bide komunik.

Dantzarien adinari dagokionez, anitza da Egape Dantza Taldea.

J.J.G: Lehen Hezkuntzako seigarren mailatik (hamabi urte, gutxi gorabehera) hasita, 65 urte bitarteko 75 dantzari batuko gara larunbatean, zazpi taldetan banatuta. Multzo bakoitzeko, bizpahiru koreografia dantzatuko ditugu. Halaber, talde bakoitzak, gainera, jantzi zehatz bat izango du, urteen poderioz jantzitegi propioa sortu baitugu. 
Antolakuntzari dagokionez, aurten, dantza elkarteak hitzordu honen aldeko apustua egin du, baita ekonomikoki ere. Hala, Udalak zeharkako gastuekin eta baliabideekin lagundu gaitu.

Presentzia handia izango al duzue emanaldian?

E.M.G: Interpretatuko diren hamazazpi piezetatik hamalautan hartuko dugu parte. Gehienez, hamabost bat dantzari egongo dira taulan, abesti bakoitzeko, adinaren araberako taldeetan antolatuta. Sorkuntza-prozesua oso polita izan da, batez ere “Plus” taldearekin. Hasiera batean, bertigoz begiratzen zioten proposamenari, baina, ondoren, gogo biziz aritu dira lanean, eta behin eta berriro entseatzen dute.

J.J.G.: 2009. urtean sortu genuen “Plus” taldea, dantza-soka berreskuratzean. Horren ondoren, dantzatzen jarraitzeko gogoz geundela ikusi genuen, eta, horrela, gaur arte. Jende asko igaro da taldetik eta hementxe jarraitzen dugu batzuok. Kideei dagokionez, talde horretan bertan ere askotariko adinetako jendea batzen gara, 35 bat urtetik hasi eta 65era bitarte. Oso talde heterogeneoa da: helduagoak garenoi lotsa handiagoa ematen digu taula gainera igotzeak horrenbesteko ikus-entzuleren aurrean eta talde profesional batekin.

Urduritasuna bai, baina ilusioa ere bai…?

E.M.G.: Dantzari gazteen artean ere motibazioa eragitea espero dut. Pandemia medio, jendaurrean aritzeko dinamika apurtu zaie askori. Aurten, berriro ere martxa hartzen hasi gara, eta horrelako emanaldi batek, nire ustez, bultzada emango die dantzan jarraitzeko.

J.J.G.: 2017. urtean, antzeko formatuko ikuskizuna egin genuen, “Plazara, plazerez”, Plazido Muxika plazan. Hantxe ziren urnietar guztiak. Urte osoko lanaren eta ahaleginaren erakustaldia izango da larunbatekoa.

E.M.G.: Espero dugu larunbatekoak ere horrelako arrakasta izatea.

Orain bi asteburu “Urnieta dantzan” jaialdiaren edizio berria egin zenuten. Larunbatean Korrontzirekin batera izango zarete eta, igandean, “Egape beti dantzan” ikasturte amaierako ikuskizuna oholtzaratuko duzue. Pandemiak pandemia, bada oraindik ere dantzazaletasunik herrian, ezta?

J.J.G.: Gazte Festetan jendez beteta egon ziren kaleak eta Plazido Muxika plaza.

E.M.G.: Zaletasun handia izan da betidanik, eta jendea gogo handiz dago gauza berriak ikusteko. “Urnietan dantzan”-eko emanaldi nagusiaren ostean, plaza-dantzak egin genituen publikoarekin batera eta, orotara, 150 bat bikotek hartu genuen parte. Oraindik denbora falta da, baina poliki-poliki, bagoaz.

J.J.G.: Igandeko emanaldian, bi pase egingo dira. Lehena senideentzat eta gertukoentzat izango da, eta, bigarrena, aldiz, herritar eta zale guztientzat. Bada dantzazaletasunik herrian, baina indartu eta elikatu egin behar da, etengabean.

Pandemiaren harira, elkartean kide berriak sartzeko eta lekukoa emateko bilera irekia egin genuen, eta oso erantzun ona jaso genuen.

Lan handia egin du Egape dantza taldeak urte hauetan guztietan, baita elkarteak berak ere, euskal dantza babestu eta bultzatu baitu. 

Erlazionatuak

"Egaperen eta Korrontziren arteko hartu-emanaren aitortza txikia izango da larunbateko saioa"

Urnieta

Herrietako dantza-taldeekin elkarlanean igotzen da sarri oholtza gainera Korrontzi. Larunbatean, ekainaren 11n, Urnietan izango da Egape Dantza Tal...
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!