Ez du bizi-lasterketa makala izan Trihas Gebre atleta urnietarrak. Oztopoz betetako bideetan, zenbaitetan, eta, bihurgunez jositako korrikaldietan, beste hainbatetan, ziztu bizian egin du aurrera, helmugatik helmugara. Bere kirol-ibilbideaz, sorterri duen Etiopiaz, amatasunaz eta etorkizuneko erronkez, datozen lerrootan, arnas luzez eta patxadaz, lasterka ibili gabe.
Oso gaztea zinen korrikalari izateari ekin zenionean. Zerk bultzatu zintuen?
Orain dela asko hasi nintzen korrika egiten. Pasa den apirilean, 32 urte bete nituen, eta hamabi urte besterik ez nituela ekin nion atletismoari; pentsa, duela bi hamarkada jada, zeinen azkar igarotzen den denbora! Etiopian hasi nintzen, beraz, klub batekin, eta bertan bizi nintzen, kirolarien egoitza batean. Txikitatik izan nuen oso argi atleta izan nahi nuela, oso gustuko izan baitut betidanik korri egitea. Dena dela, entrenamendu serioak egiteari, alegia, profesionalagoei, gutxi gorabehera, hamabost bat urterekin hasten zaio Etiopian.
Nire lagun batek animatu ninduen, berak jada korri egiten zuelako. Nire amak ez zuen nahi ni hasterik; bai, ostera, nire aitak. Hamabost urterekin, esan bezala, lehiaketetan parte hartzen hasi nintzen, eta bi urteren ondoren, hamazazpi urterekin, Afrikako txapelduna izan nintzen Burkina Fason izandako oztopo-lasterketan.
Gerora, 5000m eta 10000m-ko lasterketetan trebatzeari ekin nion, baina ez nuen luze iraun bertan, izan ere, gazte-gazte etorri nintzen Euskal Herrira.
Hain justu ere, 2010. urtean zapaldu zenuen Euskal Herria lehenengo bider, Etiopia Utopia fundazioaren bidez, Behobia-Donostia lasterketan parte hartzeko.
Hori da, Angel Olaran nire herrikoa da, Wukro-koa. Jende gaztea ekarri nahi zuen hona berak, korri egiteko. Hala, birritan etorri ostean, hemen bizi nahi nuela erabaki nuen, eta, nire etxe sentitzen dut gaur egun. 2010. urtean, nirea izan zen Behobia-Donostia maratoi erdiko bigarren postua. Eta, hurrengo urtean, 2011n, 21 urterekin, garaile izan nintzen (1998. urtean Rocio Riosenek egindako errekor zaharra baino ia 50 segundo azkarrago egin zuen: 01:08’47”), gaur egun, hamaika urteren ondoren, oraindik inork gainditu ez duen errekorra egiteaz batera.
Harrezkero, makina bat lorpen izan dituzu, baita hamaika marka hautsi ere.
Espainiako Txapelduna izan naiz sei aldiz jarraian krosean, baita Espainiako errekorduna ere maratoi erdian. Rio de Janeiroko Joko Olinpikoetan izan nintzen Espainiarekin 2016an, eta Europako lasterketa askotan zein Munduko Atletismo Txapelketan parte hartu dut.
Aitortza berezia dauka atletismoak Etiopian, ezta?
Jakina. Lantzat dute atletismoa askok, hots, korrikalariaren profesionalizazioa bilatzen da. Gehienek aukeratzen duten kirola da atletismoa, hemen, futbola bezala. Horrela, akademiak eta klubak oso sartuta daude horretan. Hemen ere badaude, esaterako, ia bi urtez egon nintzen Joaquin Blume egoitzan.
Etiopian, teknika oso inportantea da eta gogor entrenatzen da; bertako egoera, bizitza, gainera, ez da batere erraza. Halaber, Etiopia altuera handian dago, 3000m-tan bizitzen eta egiten da korri. Atletismoa egiten hasi nintzen lehen bi hilabeteetan, ez zitzaidan arnasa ondo iristen; egokitu egin behar duzu, lehenik. Hemen, aldiz, itsas mailatik gertu gaude.
Non dago arrakasta lortzeko aukera handiagoa, Etiopian edo Euskal Herrian?
Afrikan, Etiopian. Jende askok jarraitzen duen kirola da, eta nazioartean maila handia du. Hemen, nirekin entrenatzen duen jendeak lanarekin uztartzen du korrika-saioa. Han, ez. Eta neu ere hemen espresuki entrenatzen aritu naiz, soilik.
Espainiako Estatuko iraupen-lasterkari onena zarela esan izan dute hedabideek. Nola jasotzen duzu hori?
Oso pozik nago, baina lasterketetara itzuli nahi dut, gehiagorako gogoa dudalako. Izan ere, beti izan ditut arazoak eta oztopoak; ama hil egin zen, oso gaixo egon ondoren, eta anai-arreben gaineko zaintzaz arduratu behar izan dut, etxeko nagusiena naizelako, baita hemen bizitzen nagoela ere. Hala, nire entrenamenduak eta lehiak utzi ditut familia laguntzeko. 2019. urtean, gainera, hara joan nintzen bisitan eta aitak oso istripu larria izan zuen; denbora luzez hura laguntzen izan nintzen ospitalean. Ondorioz, kirol ibilbideari dagokionez, guztia galdu nuen. Nire ustez, horrelako oztopoak izan ez banitu, are urrunago ailegatuko nintzateke
Horrez gain, 2020an konfinamendua lausotzearekin batera, jaioterrira itzuli zinen. Baina, zenbait hilabetetan, inork ez zuen zure berri izan, gerra piztu baitzen herrialdean. Nola bizi izan zenuen garai hura?
Martxa berriro ere jada hartuta neukan 2020an familia bisitatzera itzuli nintzenean Etiopiara. Gerra piztu zen eta urtebete pasatxo egon nintzen geldi, entrenatu gabe. Ezin zuen inork nirekin jarri harremanetan, basoan ezkutatuta geundelako. Etiopiako enbaxadak asko lagundu ninduen. Eta, orain, ez daukat nire familiaren berri, ez daukat beraiekin harremanetan egoterik, ez dakit ezer. Gainera, haurdun gelditu nintzen, eta horrek eragina izan du nire ibilbide profesionalean.
Bateragarriak al dira amatasuna eta goi mailako kirola?
Duela lau hilabete erditu nintzen. Eragina izan du, nire kasuan, amatasunak kirol-jardueran, horregatik ere ez naizelako berriro hasi lasterka. Gogorra da ama eta kirolari profesionala izatea, haurra zaindu behar dugulako nire senarrak eta biok… Baina burugogorra naiz, eta indartsua. Orain bi aste, oinezko ibilaldiak egiteari ekin nion, eta, aurki, korri egiten hasiko naiz. Biberoia ematen diot eta entrenatu bitartean nire bikotekideak zaintzen du haurra.
Oztopoak oztopo, imajinatzen al zuen hamabi urterekin hasi zen Trihas Gebrek hain urrutira iritsiko zenik?
Goia jotzeko entrenatzen dute korrikalari guztiek Etiopian, onenak izateko. Nire kasuan, orain berriro ahaleginduko naiz.
Eta non dago gailurrera iristeko sekretua?
Buruan. Gorputzaz gain, burua ere landu beharra dago.
Bidean, ezin ahaztu izen bat: Ricardo Jimenez.
Esker hitzak ditut berarentzat, beti izan baitut gertu; ez da soilik entrenatzailea; familia ere bada. Ezin aipatu gabe utzi ere Iñigo Eseverri, tartean, nire bizitzako arlo pertsonalean asko lagundu didalako. Madrilen izan ditudan prestatzaileek ere asko eman didate.
Nola antolatzen duzu astea, entrenamenduari dagokionez?
Orain geldirik nago, baina, berriki, martxan jarriko naiz. Ricardorekin hiru egunez entrenatzen dut, eta, gainerakoetan, bakarrik. Normalean, birritan entrenatzen dut egunero. Goizean, ordubetez egiten dut korri, gimnasiora joan baino lehen; arratsaldean ere korrika-saioa egiten dut. Igandea atseden eguna da niretzat; baina, zenbaitetan, Aieteko parkera joaten naiz Ricardorekin eta taldearekin. Madrilen aritzea ese oso gustuko dut, Casa de Campo toki ezagunean.
Zein da olinpoa distantzia luzeko korrikalari batentzat? Zein lasterketa zapaldu nahiko zenuke etorkizuenan?
Valentziako maratoian parte hartu nahi dut, maratoi erdian errekorra dudalako. Baina, era berean, Espainiako Maratoieko marka hautsi nahi dut, oraindik ez dudalako lortu. Bestalde, 2024, urtean Frantzian izango diren Joku Olinpikoetan egotea dut xede. Horretarako prestatuko naiz.