Felipe Izagirreren giza balioak nabarmendu zituzten, Oiarbide baserrian egindako ekitaldian

Xabier Lasa 2022ko urr. 17a, 14:46

Urriaren 11n hil zen Felipe Izagirre Esnalen familiarrak eta adiskideak bere errautsak Goiburu auzoko Oiarbide baserrian lurperatzeko bildu ziren, igande eguerdian. Bildatukoek Izagirreren gizatasuna, sentiberatasuna, giza balioak, ahulekiko konpromisua eta militantzia politikoa nabarmendu zuten.

Izagirreren bizitzan esanahi handia hartu zuten familiarrak eta adiskideak elkarteak ziren Oiarbide baserri atarian igande eguerdian, eta bere borondatea bete zuten, hilzorian zela esana baitzuen “familiarrez eta adiskideez inguraturik nahi nuke nire errautsak lurperatzea, amaren jaiotetxe aurrean, zuhaizpean. Eta gero, har itzazue txorixo pintxoak eta ardo pixka bat edan. Baina gauza xinplea egin, mesedez!”.

Egiazki, bi lizar sendoen gerizpean eman zieten lur bere errautsei. Bai baitzekien zer nolako zuhaitzaren babesa bilatu Felipek. Euskal Herriko ohitura zaharrak aintzat hartuta, maiz erabili izan dena espiritu gaiztoak edo tximistak uxatzeko, baserri eta borda ondotan landatuz edo bere adar freskoak beren atarietan ezarriz.

 

Espiritualtasuna, ipar

Miren Garmendiak gidatu zuen ekitaldia, eta Feliperen arreba Axun eta Angelitari zein bere bilobei Oiarbide baserrian egindako harreragatik eskerrak eman ostean, hitza lasai hartzeko eskatu zien bertaratutako guztiei.

Angel Irastortzak, Izagirrek Euskal Herriko Duintasunez Hiltzeko elkartearekin (DHE), memoria historikoko taldeekin eta espiritualtasunaren lanketa taldearekin egindako ibilbideak azpimarratu ostean, garai batean zenbait kideekin batera Felipek argitaratu zuen liburuko pasarte bat irakurri zuen, beraren gogoko izango zelakoan. Hona testua:

“Maitasunari tarte bat utziz.

Gaur arte nire bizitzan ikasi dudan guztitik, zer ondorio aterako ote nuke? Besteengatik egin dezakedan gauzarik baliotsuena bihotzetik zintzotasunez maitatzea dela. Meditazioa bitartekoa da, ez helburua. Maitasuna, bihotza irekitzea, errukia da. Meditazioak besteengana hurbildu behar gaitu. Beharbada, gainditzen jakin ez ditugun desengainu eta esperientzia mingarriek gure helbururik handienean atzera egitera bultzatzen gaituzte. Baina helburua argi behar genuke eduki zein den: ongizatea eta maitasuna nonahi zabaltzea, bihotz bakoitzean, eta betiere dena sufrimendutik aske”.

 

Urnietako organoaren aparteko soinu jolea

Mikel Izagirrek, bizitzan zehar Felipe Izagirrerekin topo egindako uneak errepasatu zituen, labur: “Laubapost urte nituenean ezagutu nuen, Arantzazuko basilikan, aitak esan zidanean “urnietarra da organoa jotzen ari dena”. Geroztik, udan, Felipe Urnietara oporretara etortzen zen, eta On Jose Inazioren etxean klase partikularrak ematen zion herriko jendeari; niri ere tokatu zitzaizkidan klase haiek. Gero, urte askotan, apaiza gisa ibili zenean apenas eduki genuen haren berririk; hori bai, Urnietan azaltzen zenean, herrian denak jabetzen ginen, handik zebilela. Izan ere, organoa jotzen zuen elizan, eta bere eskuetan, musika tresna horrek soinu diferentea ateratzen zuen.

Felipek kartzelan urte mordoa pasa eta gero, LKIko militantzia politikoan egin genuen topo berriro; eta azkenaldian, baita ere Urnietan herrigintzan jardun nuenean. Ez da ahaztekoa udaletxeko mahai gainean nola jarri zigun proposamena, 1936an hildakoak oroituko dituen leku bat jartzeko eskatuz. Urteak igaro dira eta ez da gauzatu ideia hura, baina seguru mamituko dela etorkizunean.

Feliperekin, beti eduki nuen sentsazio garbia: ahularen alde jokatzeko bokazioa zuen pertsona zela. Maitasun emailea bai, baina ekintzetan mamitzen zen maitasunaren emailea; ez maitasun idilikoa, ezta goi-aingeruaren eta ez dakit noren pareko hori. Berak lanean, egunerokoan erakusten zuen besteekiko jarrera, ezinean ahul zebiltzan aldeko jarrera. Modu kritikoan, baina baikor beti, gauzak egin zale gisa. Horixe izan da Feliperengandik jaso dudan leziorik handiena eta gogoangarriena”.

 

Heterodoxoa, baikorra

Josu Chueca historialariak, Donostiako Antigua auzoan bizilagun gisa eta memoria historikoaren aldeko Goldatu elkarte-kide gisa aipatu zuen Felipe.

“Auzo berekoak ginen Donostian, eta bizikleta zaleak ginen biok ere. Bizikletan dabilena pertsona ona dela uste dugunok izanik biok, elkarrekin hizketan egiteko geratzen ginen tarteka, kalean. Azkenekoz kalean topatu ginenean, orain asko ez dela, bajualdia gainditu eta indarberritzeko itxaropena transmititu zidan, eta sinetsi egin nion. Bere heriotzak, erabat ezustean harrapatu ninduen”.

Goldatu elkartean, Feliperen alderdi militanteagoa ezagutzeko parada eduki zuen Chuecak, eta bere jarrerak eragin izan zion arreta beti: “Beti zeukan puntu heterodoxo eta kritikoa, eskertzekoa. Gainera, bazekien jarrera hori bateragarri egiten ekimenak aurrera eramateko borondate baikorrarekin”.

 

Bake pertsonal eta kolektiboa, ipar

Miren Garmendiak 1978an ezagutu zuen Felipe Izagirre. “Udako Euskal Unibertsitatean izan zen, hara euskara sakontzeko joan nintzenean. Arratsaldeetan, feminismoari buruzko mintegian ere egiten genuen topo; 60 emakumeren artean hiru bat gizon biltzen ziren, eta Felipe zen horietako bat. Hor hasi zen gure arteko adiskidetasuna, 40 urtez luzatu dena. Nik ezagutu dudan Felipe, eremu askotako militantea izan da; heriotza duinaren aldekoa; bakearen bila beti, bake pertsonalak eta kolektiboak kezka iturri izan dituena; saiatzen zena iritzi guztiak entzuten, besteen iritzi eta jarrerak ulertu nahian.

Azken asteetan, jada gaizki zegoelarik, bi egonaldi sakon bizitu nituen berarekin.   Felipe, zuzen, ohean eserita, ahots garbi eta baketsuarekin, eta buru argitasunez, gauza asko adierazi zizkidan. Isiltasun luze baten ostean, liburu bat idazteko moduko pentsamenduak eduki zituela ere aitortu zidan, eta baita ere zenbat eragin zioten apaiza izatea utzi eta kartzelatik irten ostean elkarrekin edukitako solasaldiek. A ze opari polit era hunkigarria eskaini zidan hilzorian egonik”.

 

Concordatori uko egin zion apaiza

Kepa Zugadik Felipe Izagirre Segoviako kartzelan ezagutu zuen, 70eko hamarkadaren hasieran. “Frankismoak apaizentzako Zamoran irekitako kartzelatik Segoviako kartzelara lekuz-aldatu zuten, eta bertan geunden, eta bere presentzia kontrapuntu polita suertatu zen preso politikoentzako. Nahiko zakarrak ginen, eta arreta eragin zigun Izagirrek. Filosofia, etika, giza eskubideak, giza balioak… apenas aipatzen ziren garai haietan, ahotan edukitzen zituen berak”.

Zugadik Oiarbide baserri aurrean bildutako lagunei gogorarazi zienez, frankismoak Zamorako kartzela berean entzerratu zituen apaiz guztietatik, Felipe bakarra izan zen uko egin ziona Concordatoari. Frankismoak eta Elizak 1953an sinatutako hitzarmena zen Concordatoa, eta haren aitzakian, frankismoak, Erromaren bedeinkapenarekin, euskal apaiza “errebeldeak” zigortzeko Zamoran kartzela ireki zuen 1968an.

“Concordatoari ezetz esan zion bakarra izan zen, eta habitua utzi zuen. Euskal gizarteak egundoko eboluzio sozial eta politiko sakona bizitu du azken hamarkadetan, baina sasoi hartan, oso gizarte katolikoa zen. Eta beraz, erabaki hura hartzea ez zen batere samurra izango inorentzat. Iraultzailetzat har daiteke jokabide hura, eta Segoviako presoentzat, mirestekoa izan zen.

Azken urteetan, bat egin dugu Goldatu elkartearen eskutik, frankismoaren aurkako Argentinako kereilan parte hartu dugu, eta aitor dezadan Segovian ezagutu nuen pertsona sentibera harekin egin dudala topo berriro ere”.

 

Cesare Paveseren poesia, heriotzaz

Hernanin Feliperekin makina bat berriketa egindako Joxetxo Ansak, Cesare Pavese Italiako poetaren hitzak -Xabier Letek euskaratuak- irakurri zituen:

 

Etorriko da zure begiz heriotza

gor, lo gabe, alhadura zaharren gisa,

goiznabarretik gauera laguntzen gaituen

ohidura zentzugabe bat bailitzan.

 

Zure begiak alferrikako hitza izanik

garraisi mutu, isiltasun oro isil,

goiz bakoitzean aurkitzen dituzu adi

ispilura begiratuz, ilun, hurbil.

 

Jakinen dugu egun hartan, oh itxaropen!

bizitza zarela eta ezereza,

guztiontzat du heriotzak begirada zorrotz

bakar, mutu, leizera jetsiko gera.

 

Entzunen dugu ezpain hertsien keinua,

aurpegi arrotza leihoaren ondoan,

usadioen guneak desitxuratuz

biluztasuna nagusitzen denean.

 

Zure begiak argi grisaren errainu,

mendi ilunen goizorduko izotza,

esnatzearen dardara eta ikara

kale hutsetik hurbiltzen zarenean.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!