Felipe Izagirre Esnal hil da

Xabier Lasa 2022ko urr. 11a, 22:10

Bere gorpua bihar eguardia bitartean Errekaldeko beilatokian egongo da 11:30ak arte. Ondoren, 12:00etan, lagunek eta etxekoek azken agurra eskainiko diote beilatiko aretoan. Oroimen historikoarekin, giza eskubideekin eta bizikidetzarekin oso sentibera sentitu izan zen beti, eta gai horietara bideratu zuen bere ahalegin handia.

Alde horretatik, Aiurri aldizkarian makina bat iritzi-artikulu idatzi zituen, gogoeta ugari plazaratuz horietan. Iritzi zutabegile izateaz gain, ekintzailea ere izan zen, eta hainbat gizarte ekimenetan parte hartzaile ikusi genuen azken bi hamarkadetan.

Esate batera, Urnietan bakea eta bizikidetza gaitzat hartuta azken urtetan antolatu izan diren jardunaldietan modu aktiboan aritu zen, beste zenbait urnietarrekin bizipenak partekatuz eta etorkizun baketsu bati begirako oinarriak ezarriz. Aiurrin idatzi izan zituen zutabeetako batean, aipatu izan zuen jardunaldi haien gainean.

Tortutatua

“Apaizak ere torturatuak” (2017, Intxorta 1937 Kultur Elkartea) liburuan bere testigantza pertsonala eman zuen Izagirrek. Han idatzita utzi zuen nola izan zen torturatua bi txandetan, elizgizon frantziskotarra izan zen garaitan, Eibarren 1968an eta Donostian 1969an. Nolanahi ere, Aiurri-ri eskaini zion elkarrizketan argi utzi zuen zer ez zuten nahi izan testigantza emaileek, “Gorrotoa, mendekua eta antzeko sentimenduak ez ditugu transmititu nahi izan”.

Zamoran Euskal Herriko apaiza errebeldeentzat espreski ireki zuten zentruan kartzelan zigorra bete behar izan zuen orduan Izagirrek. 1975ean aske utzi zuten, Franco hil eta berehalaxe.

Argentinan, justizia eske

Frankismoak eragindako krimenen aurka azken urtetan biktimek Argentinan ireki duten kausan pertsonatu zen Felipe Izagirre. Buenos Airesera joan zen beste hainbat biktimekin batera, eta Maria Servini epailearen aurrean bere testigantza pertsonala eman zuen.

Kereila horren aldeko aldarrikapen orotan parte hartu izan du azken urtetan, osasunak utzi izan dion heinean. 2014ko abenduan, adibidez, Andoaingo beste biktima batzurekin mahai-inguruan parte hartu zuen.

 

Jose Luis Martinez Ocio, Felipe Izagirre, Agustin Plaza eta Josu Ibargutxi, Basteron 2014an.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!