Kiroldegiko greba mugagabearen balorazioa Udal gobernu taldearen eta oposizioaren aldetik

Jon Ander Ubeda 2023ko urt. 11a, 11:01

Gobernu taldeak lan gatazkan murgilduta dauden bi aldeekin lanean jarraitzeko asmoa agertu du. EH Bildurentzat jeltzaleen kudeaketa txarra izaten ari da.

Udal Gobernu taldea

“Lehenbailehen irtenbide bat topatzeko lanean jarraitzeko borondate irmoa berresten dugu. Hurrengo egunetan ere bi aldeekin harremanetan jarraituko dugu, arazoari konponbidea emateko esperantzaz”, horixe adierazi dio Aiurriri Udal gobernu taldeak. Egoerak sortzen dituen eragozpenak direla eta, Udalak barkamena eskatu die herrikideei. Lan gatazka testuinguruan jartzeko saiakera egiten dute, igorritako oharrean: “Kiroldegiaren kudeaketa lehiaketa publiko bidez esleitu zion Udalak Bizkortzen enpresari eta enpresa horretako langileak dira greban daudenak. Gauzak horrela, Gobernu taldea ahalegin guztiak egiten ari da bilerak bultzatzeko eta bi aldeak ahalik eta azkarren akordio batera iristeko. Urnietako Udaleko gobernu taldea oso arduratuta dago kiroldegiko langileen greba dela eta urnietarrek ez dutelako herriko kirol instalazioak erabiltzeko aukerarik, horrek banakako zein taldekako erabiltzaile guztiei sortzen dizkien eragozpenekin. Gure esku dagoen guztia egiten ari gara egoera ahalik eta azkarren bideratzeko eta kiroldegia berriro herritarren zerbitzura izateko”.

Urnietako EH Bildu

Oposizioko lehen alderdiak “EAJk osatutako gobernu taldearen kudeaketa txarra”ri leporatu dio egun bizi den egoera. Neurriak hartzea eskatzen dio Udal gobernu taldeari: “EAJko udal gobernuari, bere ardura delako, orain arteko jarrera aldatu eta egoera lehen bait lehen konpontzeko benetako neurriak har ditzala eskatzen diogu”. Era berean, “greban dauden langileei babesa adierazi” die.

Urnietako PSE-EE

Grebarako eskubidea defendatzen dute sozialistek, "eta uste dugu langileek egiten dituzten aldarrikapenak kontuan hartu beharko liratekeela negoziazioan. Orain arte ez dirudi horrela izan denik. Uste dugu alkateak eta bere gobernu-taldeak Udalarekin duen zerbitzu-kontratua betetzeko eskatu behar diotela enpresari, kontratu horrek urtean 365 egunez zerbitzuak ematera behartzen baitu enpresa, eta ez da hala egiten ari".
Erlazionatuak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!