Kalera atera dira kiroldegiko langileak "lan-hitzarmen duina" aldarrikatzeko

Aiurri 2023ko urt. 13a, 20:14

Manifestazioa izan da gaur iluntzean herrian: kalera atera dira kiroldegiko langileak "lan-hitzarmen duina" aldarrikatzeko, eta, haien atzetik, makina bat herritar, babesa adierazi asmoz. Greba mugagabea hasi zuten hilaren 9an, astelehenarekin. Bizkortzen enpresa bidez azpikontratatuta daude langileak.

Iluntzeko 19:00tan abiatu da manifestazioa kiroldegiko ate paretik, eta, herriari itzulia eman ondoren, San Juan plazan amaitu dute.
Langileek adierazi dutenez, urtarrilaren 4an izan zuten azkenekoz bilera enpresarekin, baita udalarekin ere: "Bileran aurrerapausoak eman ziren arren, ez ziren gatazkari irtenbidea emateko nahikoak izan". Hala, hilaren 19an berriro bilduko dira, egoera mahaigaineratzeko: "Langileen partetik, gatazkari amaiera emango dion akordioa lortzeko helburua eta nahia argia da, baina ez dute enpresak bilerak horrenbeste atzeratzearen arrazoia ulertzen". 

Bide batez, langileen ordezkaritzak beren esker ona adierazi die bidean babesa azaldu dieten norbanakoei nahiz eragileei.

Orain gutxi, elkarrizketa egin zien Aiurrik langileei, irakurri HEMEN.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!