Mujikak eta Ormazabalek saio politak egin dituzte Salesiarretako ikasleen aurrean

Xabier Lasa 2023ko urt. 27a, 16:30

Iker Ormazabal eta Beñat Mujika bertsolariek Salesiarren ikastetxeko ikasleentzat saio bikoitza egin dute goiz partean, “Bertsoen euripean” leloa izanda. Gorka Azkarate gai jartzailearen agindupean jardun dute, eta ikasleen interesa piztu dute grazia askorekin kantatuta. Magale ikastetxeak antolatutako "Gaztedi astea"aren eskutik eginda gaurko ekitaldia. Hiru bertsoaldi, ikusgai daude klik batera:

Argazkian, Gorka Azkarate eta Arantzazu Miner irakasleak eta bertso saioaren antolatzaileak ageri dira, Iker Iker Ormazabal eta Beñat Mujika bertsolariekin batera; Ormazabal, bertso-irakaslea da Salesiarren ikastetxean.

Ikusgai dagoen lehenengo bertsoaldian, Mujika eta Ormazabal ikasleen paperan jarri ditu Azkaratek: mugikorra galarazita daukate klasean, baina hara non, irakaslean mugikorrarekin jolasean topatu dute.

Bigarrengo bideoan ere, ikasleak dira bertsolariak. Oraingoan, sexu heziketako ikastaroan daude; hezitzaileak, ariketa praktiko bat egiteko, bi boluntario eskatu arren, ikasleen artetik inor ez da ausartu besoa altxatzera. Ormazabal eta Mujika, ikasleak, aukeratu ditu derrigor.

Hirugarrengo saioan, azkenik, Azkarate gai jartzaileak ezkutuko pertsonaia nor den asmatzearen bertso-ariketa planteatu die bertsolariei. Horretarako, Ibai Llanos youtuber famatuaren irudia erakutsi die Beñat Mujikari eta ikasleei. Ormazabali egokitu zaio asmatzea, bertsoen bidez.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!