Juan Iguaran Elustondo urnietarra zendu da

Jon Ander Ubeda 2023ko urt. 27a, 20:26

Juan Iguaran, 2012ko irudian.

78 urte zituela, gaurkoan hil da. Urnietan aski ezaguna zen, eta Euskal Herrian barrena bereziki maitea herri kirolarien alde egindakoagatik. Urte luzez herri kirolarien lagunarteko bazkaria antolatzen zuen, sorleku zuen Eula sagardotegian.

DIVA enpresako buru zela, lehen sektorean oso ezaguna zen. Baita kirol proba askoren babesle izan ere. Iraganean, 1962ko otsailaren 25ean, desafio sonatuan parte hartu zuen Tolosako zezen plazan. Alde batetik, Juan Iguaran, Lategi bailarako Egurrola edo Eula baserriko semea eta, bestetik, Martin Lizeaga Oztaran bailarako Mokoroa baserrikoa. Hauxe zen ariketa: bietako nork egin altxaldi gehiago 10 arroako harri zilindrikoa sorbalda gainera jasotzeko (125 Kg). Eta plazan 2000 lagun inguru elkartu ziren desafioa ikustera.

Desafioaren 50 urte bete zirenean, Urnietako Iñistorra elkarteak Urnietar prestu izendatu zituen.

Azken agurra, astelehenean

Haren gorpua Errekaldeko beilategian dago, eta haren aldeko meza datorren astelehenean izango da (urtarrilak 30) arratsaldeko 19:00tan hasita, Tolosako Santa Maria elizan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!