Eskaintza zabaleko egitarau izango da aurten, herriko elkarteen nahiz Urnietako Udalaren elkarlanari esker. Bere mende erdiko ibilbidean, txupinazoa botako du Danbolin Txistulari Bandak, Urnietako Udalaren esanetan, "urte hauetan guztietan buruturiko ekarpenagatik eta Urnietako kultur ondarea azaleratzeko eta aberasteko erakutsitako konpromisoagatik". Behin Mielari agurra eginda, bost egun luzeko programa zabala izango dute herritarrek, jaiez gozatzeko.
Musika-eskaintza zabala
Pozasek egitarauaren nondik norakoak azaldu ditu. Musika, kirola, otordu bereziak, txapelketak... Ez da ezer faltako herriko festetan: "Ikuskizun mordoa izango da, denetatik eta denentzat". Askotariko musika-generoez gozatzeko aukera izango dute bizilagunek, txosnagunean (kiroldegi parean) eta San Juan plazan: TOC, Lappa, Raimundo el canastero, DJ la Txiringa, Nemux...
Haurrentzako ere bada zer gozatua
Adin guztiei begirako festak dira Sanmielak. Hala, haurrak ere protagonistak izango dira, batez ere, irailaren 28an: ekojolasak izango dira 4 hilabetetik gorako haurrentzat Egape ikastolan goizean eta arratsaldean, baita haurren kontzejupeko esku pilota txapelketako finalak ere, buruhandi eta erraldoien kalejira, dantza-festa...
Kirol-ikuskizunak
Kirolek, halaber, pisu handia hartzen dute jaietan. Irailaren 28an esku pilota jaialdia izango da udal pilotalekuan. Biharamunean, Nerea Arruti urnietarra zuzenean ikusteko aukera egongo da aizkoran eta harrijasotzen. Beñat Telleriarekin osatuko du bikote eta Xabat Olaizola eta Oihana Fernandez de Barrenarekin neurtuko dituzte indarrak eta Malen Etxeberriak bere aldetik, bakarkako saioa gauzatuko du aizkoran. Eta jaietako azken egunean pilota partidak nagusituko dira, izan ere, XIII. Willy Etxeberria zesta puntako memoriala eta XXVII. Martin Mujika Erremonte jaialdia izango dira. Azken horretan, Ansa II-ak, Goikoetxea V-k eta Loitegik jokatuko dute Azpirozekin batera.
Jai parekideen alde
Prentsaurrekoan, Ostolaza zinegotziak hartu du hitza, Udalaren izenean, jai parekideen aldarrikapena egiteko: "Aisialdiaz eta jaiaz askatasunez eta berdintasunez gozatzea pertsona guztiek duten eskubidea da. Jaiek gune segura eta gozagarria izan behar dute bertan parte hartu nahi duen edonorentzat. Ez da inolako eraso matxistarik edo arrazistarik onartuko, eta horien aurrean irmotasunez erantzungo da beharrezko neurriak hartuz". Horrela, informazio nahiz arreta-puntuak izango dira:
- Iirailaren 27an: San Joan plazan, 18:30-21:30 bitartean.
- Irailaren 29an eta 30ean, Zaldundegiko plazan, 23:00-4:00 bitartean.
Trafikoa
Aurten txosnak kiroldegiaren aurrean kokatuko dira, eta, ondorioz, irailak 20-urriak 3 bitartean trafiko mozketa izango da Pintore kalean. Aparkaluak berriz, dagoeneko ixten hasiko dira. Idiazabal kalean Zaldundegi plazaren paretik Goimendi pareraino dagoen errepidea berriz, irailak 29-urriak 1 bitartean egongo da itxita. Txupinazo garaian eta Mielaren agurrean bestalde, Etxeberriko biribilgunetik San Joan plazarako bidea itxita egongo da. Azkenik, barraken ondorioz, Errekaldeko aparkalekuak bihartik aurrera ixten hasiko dira.