Egitarau aberatsa antolatu duzue txosna-gunean. Zein eragilek osatzen duzue Txosna Batzordea?
Aurten, Txosna Batzordea hainbat eragilek osatu dugu. Urtero bezala, oraingo honetan ere bertako parte gara Poxta Zaharreko kideok. Era berean, Asketa ere batzordean dago, urte luzez txosna-gunearen bueltan ibilitako eragilea. Elkartasun Ekimenaren kasuan, oker ez banabil, joan den urtean jarri zuen txosna estreinakoz; bada, aurten, errepikatu egingo du. Bide beretik, Gazte Koordinadora Sozialista Txosna Batzordearen parte da, baina bere barra propioa izango du.
Azkenik, lehenengoz, Jardun Koordinakundeak presentzia izango du txosnan. UKEri dagokionez, ez du barra bateratuan parte hartuko, baina buru-belarri izan da lanean gurekin, eta ogitartekoak jarriko ditu postutxo batean.
Herritarren gozamenerako parada izan ohi dira Sanmielak. Aldez aurreko antolaketa handia dakar horrek, ordea.
Bi arrazoi nagusirengatik erabaki da, aurten, festak Txosna Batzorde gisa antolatzea. Sanmieletan, guztiok dugu gustuko ondo pasatzea, baina lan handia dakar bost eguneko egitaraua prestatzeak. Orain arte, Poxta Zaharrek hartu du, gehienbat, ardura. Bertako kide naizen aldetik, urtetik urtera, geroz eta zama handiagoa sentitzen genuen: herriko festak amaitu eta gutxira hasten ginen hurrengo urtekoak antolatzen. Ondorioz, oso erreta iristen ginen elkartekideok; are gehiago, urte osoan, beste hainbat jarduera antolatzeko energia kentzen zigun horrek. Gauzak horrela, Txosna Batzorde gisa funtzionatzeko proposamena luzatu genien gainerako eragileei, ardurak guztion artean banatzeaz gain, presentzia handiagoa izan dezaten beraiek ere egitarauan.
Elkarbizitzarako espazio bihurtu zaizue Txosna Batzordea. Era berean, baliagarria al da elkar ezagutzeko zein saretzeko?
Erabat. Sanmieletan, nor bere kabuz aritzen zen lehen. Asko jota, zerbait behar izanez gero ipintzen ginen harremanetan, festak hasi baino bi aste lehenago. Hortik harago, ez genuen bestelako erlaziorik. Aurten, hasieratik, lan-taldetan antolatu gara, eta, horietan, eragile ezberdinetako jendea nahastu gara. Orokorrean, oso esperientzia positiboa izan dela iruditzen zait, beste interes edo iritzi batzuk kontuan hartu baititugu.
Elkarlanaren erakusle, txosnako barra bateratua ipiniko duzue.
Beste herri batzuekin alderatuta, Urnietan, ez da inoiz egon gatazka handirik eragileen artean. Hari horri tiraka, txosna elkarrekin jartzea pentsatu genuen, batetik, logistikoki, hobeto egokitzen zelako txosna-guneko espaziora, eta, bestetik, lana banatzeko aukera ematen zuelako. Pixkanaka, barrako txandak osatzen ari gara. Gonbidapena luzatzen diegu herritarrei parte hartzeko, giro ederra edukitzen dugu eta. Bide beretik, edozein motatako laguntza ere ongi-etorria izango da.
Egun berezia da urnietarrentzat osteguna. Aurten, mozorro-gaueko gaia “Olinpiar Jokoak” izango da. Gomendiorik ba al daukazu inspiratu ezinik dabilenari laguntzeko?
Urtero, bi asteren faltan, burua estutu ohi dugu gaia pentsatzen. Kirol asko barne biltzen dituzte Olinpiar Jokoek: atletaz, igerilaria, argi-zuzia... Nork bere esparrua eraman dezake gaia, gainera. Ideia guztiak ongi-etorriak izango dira.
Irudikatzen al duzu txosnarik gabeko Sanmielik?
Egia esan, ez dut irudikatzen eragile gabeko festarik. Esentzia galduko lukete jaiek, txosna-gunerik eta herri-eragilerik gabe. Udalak antolatutako ekimen-sorta lirateke Sanmielak. Herriko festak eragileok egiten ditugu. Gure lana ez da hasten eta bukatzen Sanmieletan, hau da, urte osoan, Urnietan hitzorduak antolatzen ditugu. Hortaz, edozein momentu da ona, bai Poxta Zaharrera, bai beste eragile batera hurbiltzeko. Besoak zabal-zabalik hartzen dugu jendea!