Hautagai ugariko zerrenda horretatik zenbait aipatu ditu Seguradok, besteak beste, Txaro Tomasena, Nerea Arruti, Imanol Ansa, Julen Gabirondo, Amaia Agirre eta Ignacio Tanco. Seguradok jarraitu du esanez udalarentzat ohorea handia dela halako Banda “bizi eta aktibo, bizi eta sortzailea edukitzea. Urnietarrentzat erreferente bihurtu zarete, eta urnietar guztiok gozatu baitugu jaietan jotzen dituzuen dianekin, eskaintzen dituzuen kontzertuekin eta kalejirekin”.
Bandaren ekarpena are eta handiagoa dela gaineratu du alkateak, “urte hauetan lan bikaina egin duzue gure kultur ondarea azaleratzeko eta aberasteko. Urnietarrekin lotutako hainbat pieza sortu dituzue etya herriaren herriaren historia kontatu duten ikuskizun eta ekimenetan parte hartu duzue. 50 urtetan egin duzuen ekarpena kalkulaezina da eta eskertu baino ezin dizuegu egin”.
Bandak luzaroan jarraitzea espero duela esanez amaitu du mintzaldia Seguradok.
Txistulari bandaren sortzaileetaa den Justo Egañak hartu hitza, ondoren. “Ni irakasle bezala ikastolara heldu nintzenean, txirula irakatsi ordez, txistua jarri nuen bidean, eta poliki-poliki, batzen joan ziren ikasleak. Harrigarria izan zen lehengo egunean, jaien hasieran, zenbat ikasle ohi bildu ziren, balkoikada bete jende!”. Ikasle guztien artean, Antton Jauregi aipatu du bereziki, “bultzada eman diolako Bandari, hainbat pieza konposatzeaz gain”.
Azkenik, erantsi du Bandak mende erdia iraun badu, herriari esker izan dela. “Ez genuen aurrera egingo, herriak ez balu ontzat hartuko guk egin duguna. Beraz, zorionak urnietarri!”.
Ekitaldian, aurreskua eskaini zaie Txanbolineko txistulariei, , Lorea Manterola eta Aratz Cabanillas dantzari gazteen eta Hernaniko txistularien eskutik.
Sebastian Lizaso eta Oihana Iguaran bertsolariek ere bertso-saioa egin dute, txistularien kultur ekarpena goratuz.