Manttale Kultur Elkartea sortu berri dute Urnietako zenbait euskaltzalek. Xabier Salaberria lehendakariak eta Koldo Tapia idazkariak azaldu dutenez, Urnietan euskara kalean zabaltzeko dagoen premiak eragin die elkartea sortzea.
Zerk mugitu zaituzte elkartea sortzera?
Koldo Tapia: Urnietak bizi duen egoerak eraginda sortu dugu. Hain zuzen, Urnietan, euskal kulturgintzaren ikuspegitik, inongo erreferentzia sinbolikorik gabe gaudela esan daiteke. Iraganean egin zuen bere ibilbidea IÒistorra elkarteak, baina itzaltzen joan zen denborarekin. 2019an, zerbait egin beharraren ideiak bultzatuta, zenbait urnietarrek kalera ateratzea erabaki genuen, Kantazaun taldearen eta euskal kantutegiaren eskutik. Pandemia etorri eta dena hankaz gora jarri zuen, baina indarrean segitu zuen gure egitasmoak.
Argia da Urnieta jomugan hartuta egiten dugun diagnostikoa: herria euskalduna dela adierazi ohi da, % 75ek ezagutzen dutela eta hau eta beste. Baina gero, errealitatea, penagarria da, kale erabilera % 21eko portzentajera jaisten baita! Badago aldea, dakitenen eta erabiltzen dutenen artean! Gauzak horrela, herrian badago gizarte sektore bat iraganean euskal kulturgintzan zenbait dinamika kolektiboak bizi izan dituena, baina, egun, beste zenbait dinamika berriekin itota geratu dena, adinean aurrera doana, eta egun erreferentzia sinbolikorik ez daukana. Eta, hain zuzen, gizarte sektore hori kohesionatzeko jaio da elkartea. Beti ere, euskara ardatz izanda, jakina.
Ez daukagu “euskara salbatzeko” asmorik, eta ez dugu planteamendu soziolinguistiko burutsurik egiten. Euskara kalera ateratzea da gure gogoa. Kantuarekin hasiak gara, baina etorriko dira bestelako ekimenak eta dinamikak. Prozesua abiatu besterik ez da egin.
Dinamika berriek itota dagoen sektorea diozue.
K.T: Gizartean azken urteetan ematen ari diren prozesu eraldatzaileak hain diren latzak eta azkarrak, alde guztietatik hain dira berritzaileak, gizarte sektore bat egoera berrira egokitu, eguneratu ezinik dabilela. Halaxe ari da gertatzen euskalgintzan, gizarteko beste hainbat arlotan bezainbeste, neutralizatuta eta noraezean geratu dela hainbat jende. Zenbait, azken urteetan, probatzen ari gara badagoela jendea kalera irteteko gogoz, pentsatuz kalea irabazi litekeela, euskara ia desagertuta dagoenez Urnietako kaleetatik. Jende hori aktibatu nahi dugu, modu ludiko eta xume batean, egundoko pretentsiorik gabe. Erakutsi nahi dugu ez gaudela prest balkoitik begira-begira geratzeko. Ez gaude prest behien antzera jarduteko, trenari begira; trenean bidaiatu nahi dugu, aurreko nahiz atzeko furgoian, berdin zaigu.
Xabier Salaberria: 50 bat lagun inguru izan ditu Kantazaun egitasmoak azken urteetan, eta zenbaki koskorra da. Hortik abiatuta, jende gehiagorengana heltzea espero dugu. Sanmiel jaietako bazkarian abiatuko dugu bazkide kanpaina. Hasi aurretik, jada jende mordoa egin da bazkide elkartean. 10 euroko kuota da urtero, kopuru sinbolikoa guztiz.
Elkarteari jarri dizuen izenak ba al dauka esanahi berezirik zuentzat?
K.T.: Aparteko zerarik ez diogu erantsi nahi izan, egia esan. Fonetikoki oso polita egiten da izen hori, Urnietako toponimian errotuta dago Adarramendiko natur parajeetan, eta urnietarrentzat aski ezaguna egiten da. Dena esatera, hasieran, elkartearen sortze-prozesuan, Arragoa ipini genion elkarteari. Xabier Letek ekarria zuen euskal kulturgintzara, Nafarroa Arragoa kontzeptuarekin; "altzairutegia" edo "ontzia" da, berez. Osagai desberdinez osatutako altzairua labean sartzen denean likido bihurtzen da, eta arragoa da, hain zuzen, likido hori hartzen duen ontzia. Nafarroa, historian barrena, kultura desberdinen arteko lotura izan denaren ideia nahi izan zuen zabaldu Letek, eta gogoko genuen hitz hori. Kontua da, erregistratzeko orduan atzera bota zigutela, lehendik Urolako elkarte batek hartuta zeukalako.
Horrenbestez, beste zenbait izen hautatu genituen, eta bozketan jarrita, Manttale irten zen, boto gehien jasota.
Zuen burua aurkezteko asmorik?
K.T.: Presarik gabe, baina herrian kulturgintzan dabiltzan taldeekin biltzeko gogoa daukagu. Elkarren artean borondateak koordinatu, sinergiak bateratu eta dinamika berriak abian jarri beharko genituzke. Aldi berean, ikusten dugu premiazkoa Udalaren aurrean elkartuta agertzea, ezbaian jartzeko naturaltzat jotzen diren zenbait errealitate. Esate batera, Sanmieletako Jai Batzordearena lotsagarria iruditzen zaigu; izan ere, Jai Batzordea deitua izateko, nortasuna eta autonomia behar luke eduki batzorde horrek, egun ez daukana. Edota, Udalari uztailean hurrengo urteari begirako egitasmoak aurkeztu beharreko arau hori ere, zentzugabea dela iruditzen zaigu.
Inori lezioak ematera ez gatoz, gutxiago gazteei. Beraiek egin behar dute bidea, egokiena ikusten duten moduan. Gure aldetik, zabaldu dezakegun mezua da erabateko irekitasuna daukagula elkarlanean jarduteko.
Etorkizunerako, zehaztu ditzakezu zein egitasmo dituzuen buruan?
X.S.: Abian besterik ez da jarri elkartea, eta poliki-poliki joango dira gauzatzen ekimenak, Koldok aipatu duen eran. Hasteko eta behin, euskal kantagintzaren bidetik, zenbait hitzordu dauzkagu lotuta. Izan ere, Urnietan erreferente bihurtu gara. Gizarteko hainbat ekimenetan aisa moldatzen den taldea da gurea, edonon eta edonoiz parte hartzeko prest gaudela daki jendeak, eta dei ugari izaten ditugu. Merkatariekin ibili gara orain aurretik, eta hurrengo aste eta hilabeteetan zahar egoitzan egingo dugu bisita, Gabonak datoz, Santa Ageda dator ondoren... Oraingoz ereiten ari den, eta, beraz, iragarri ezin den herri-ekimen sendo batean ere parte hartzekoak gara agudo.
Sanmielen egitarauaren osaketan parte hartu duzue, baina Manttale izenik ez da agertzen.
K.T.: Programa osatzeko orduan ez genekien elkartea ofizialki erregistratuta egongo zen ala ez, eta horrexegatik azaltzen da Kantazaun taldea antolatzaile gisa. Egia esan, benetan nekagarria den egoera administrabo trabatsuekin egin dugu topo sortze-prozesuan, baina ,kostata, lortu dugu, azkenean, elkartea sortzea.
X.S.: Bertso-kantu bazkaria izango da txosna gunean, urriaren 1ean. Agirre anaiek, Unaik eta EÒautek, “Bertso zaharrak” izeneko ikuskizuna eskainiko dute, Fermin Zinkunegi soinu-jotzailearekin batera. Egundoko saioa egiten dute Agirre anaiek, ikusgarria, Pello Mari OtaÒoren, Txirritaren eta beste hainbaten bertso sailak kantatuz.
Egoera administratibo trabatsuaz, zer daukazue esateko, bada?
K.T.: Egun, Urnietan, eta gainerako herrietan, herrigintzan eta kulturgintzan zerbait antolatu nahi baduzu, izaera juridikorik ez baduzu, ez duzu ezer egiteko aukerarik edukiko. Ate guztiak itxita! Halakoetan, joan behar duzu udalera hitzarmen bat sinatzera, baina modu pertsonalean egin behar da faktura. Era horretan, pertsona horrek errenta aitorpena egiterakoan gero, komeriak sortzen zaizkio. Baldintza horiek kontuan izanda, zein sartzen da herriaren mesederako diren ardurak hartzera?
Elkartea sortzeko prozesuan sartzea erabakiz gero, bidean topatzen diren trabak, nekagarriak egiten dira, are gehiago adinez aurrera goazenontzat. Elkartearen estatutuak sortzen dituzu eta egin behar den tramitazio burokratiko guztia, nekagarria izan ohi da: telematikoa da kudeaketa dena, eta terminologia modernoetan aditua behar duzu izan, firma elektronikoa atera, kasik doktoretza egin behar da informatikan... Ekin eta ekin, ez da sinestekoa zenbat ordu sartu ditugun...
Jakina da behar duela egon diru publikoaren kontrola! Baina egitera derrigortzen dizuten bide korapilatsuak, motibazio guztiak zapuzten dizkizu; erotu, eta agur esatera bultzatzen! Hori ez da administraziotik kanpainetan adierazten duten bezala, auzolana piztea, hori edonor zapuztea da gehiago. Aurrera atera ezin daitekeen gizarte dinamika batera bultzatzen ari dira, praktikan. Eta salagarria da errealitate hori.