Aldaketekin datoz aurten jaiak, astearte gauean egin ohi den “Gau sorpresa”, ostegunera mugitu baitu Jai Batzordeak, gaueko 22:30ean, “asteburua gertuago izanik, ikuslegoarentzat egokiagoa izango delakoan”. Bada, urtero jende andana biltzen duen antzerkiaren aurretik, nahi duenak zahagi ardoa izango du Xoxokako eskolan.
Zer lirateke Xoxokako jaiak apusturik edota desafiorik gabe? Aurtengo jaietarako ere auzotarren arteko apustu berezia antolatua dute bizilagunek. Bi talde izango dira aurrez aurre, eta egin beharreko proben artean, trontza, ingudea, ergometroa, txingak edota sagar-biltzea izango dituzte. Paguatarrak eta Argaratetarrak izango dira lehian, baratzarekin lotura estua duten bi etxe, antolakuntzak dioenez: “Taldeen izena hala aukeratzeak badu bere zergatia, baina jakin nahi duenak, ostiralean, arratsaldeko 18:00tan, Xoxokako plazara gertura dadila!”. Jarraian, iluntzeko 20:30ean, bertso-afaria izango da Amaia Agirre eta Sebastian Lizasoren eskutik. Eta, eguna borobiltzeko, gaupasa egiteko aukera izango du hala nahi duenak, DJ Albabarrunaren musikarekin batera.
Larunbat goizean, hamaiketakoa izango da Xoxokako eskolan. Urtero bezala, auzoko adinduek doan izango dute. Horren ostean, punta-puntako pentatloia izango da plazan. Alde batetik, bikotetako pentatloi txapela eskuratu zuten Nerea Arruti urnietarra eta Amalur Arbelaitz oiartzuarra izango dira. Beste alde batetik, Xoxokan aski ezagutzen duten BeÒat Telleria eta Xabat Olaizola zarauztarra izango dira lehian.
Haurrek ere beren txokoa dute egitarauan. Larunbatean, egun osoan, adibidez, puzgarriak edukiko dituzte, eta, arratsaldean, txokolatada baino lehen, Gorriti izango da, urtero legez, bere animaliekin. Hari horri tiraka, mus- eta toka-txapelketak egongo dira, baita karabina-tiroketa ere. Lehiaketa horiei golf-txapelketa batuko zaie, Urnietako Pitch and Putt-en zelai naturalean: “Nahiz eta golf kirolak beti izan duen aberatsei zuzendutako kirol garestiaren fama”, azaldu du Jai Batzordeak, “edonork joka dezakeen kirola dela diote bertakoek, eta probatzera animatzeko aukera eder bat izan daiteke txapelketa”.
Iluntzean, berriz, betizu-jatea egongo da auzoan. Urtero legez, auzoko baserri batean hazitako txekorra izango da burruntzian erreta. Ondoren, eta gauari segida alaia emateko, Laiotz taldearekin dantzaldia izango da plazan. Xoxokako eskolan ere ez da musikarik faltako, izan ere, DJ Fresa Morango igoko da oholtza gainera, goizaldera arte.
Igandea izango dute auzotarrek festetako azken eguna. Meza nagusiaren ondoren, Egape
Dantza Taldeko dantzariek hartuko dute Xoxokako plaza. Arratsaldean, auzotarren arteko herri-kirol lehiaketa izango da, inguruko baserrietako sagardoa dastatu aurretik, etxeko trikitilari gazteek girotuta. Mezu argia dute Xoxokakoek urnietarrentzat nahiz ingurukoentzat: “Animatu dadila jendea! Izan ditzagun guztiok jai parekideak, askeak eta alaiak!”.
OSTIRALA 6
18:00 Apustua: Xoxokako gazteen artean.
20:30 Bertso-afaria Xoxokako plazan Amaia Agirre eta Sebastian Lizasorekin. Tiketak Adarra, Zelai eta Guria tabernetan salgai.
01:00 Gaupasa Albabarrunaren eskutik.
LARUNBATA 7
11:30 Hamaiketakoa Xoxokako eskolan. Auzoko adinduek doan.
11:30 Puzgarriak haurrentzat.
12:30 Pentatloi ikuskizuna.
16:00 Mus azkarra txapelketa Xoxokako eskolan.
15:00tan hasita, izen-ematea.
16:00 Puzgarriak haurrentzat.
16:30 Xoxokako lehen Putt Txapelketa. Urnieta Pitch & Putt golf zelaian.
17:00 Gorriti eta bere animaliak plazan.
17:30 Toka eta karabina txapelketa Eskola ondoan. Jarraian, txokolatea haur guztientzat.
20:30 Betizu jatea plazan. Tiketak: Adarra, Zelai eta Guria.
01:00 Gaupasa: Laiotz.
02:00 DJ Fresa Morango Xoxokako eskolan, goizaldera arte.
IGANDEA 8
12:30 Meza nagusia. Ondoren, Egape dantza taldea.
17:30 Herri kirol lehiaketa auzoko gazteen artean.
18:00 Sagardo-dastaketa.
20:30 Festen amaiera.
BUS ZERBITZUA
Geltokia: Denda Berri.
Ostirala 6
Urnieta-Xoxoka: 17:45, 20:00, 00:45.
Xoxoka-Urnieta: 20:30, 01:00, 04:00, 06:30.
Larunbata 7
Urnieta-Xoxoka: 16:30, 20:00, 00:45
Xoxoka-Urnieta: 20:30, 01:00, 05:30, 07:00.