Xoxokako jaiak 2023

Argaratetarrak eta paguatarrak, aurtengo desafioak eman duena

Alba Cabrera Jauregi 2023ko urr. 13a, 08:53

Ostirala, arratsaldeko 18:00ak, puntu-puntuan. Adarra jatetxearen terraza. Aurreko gaueko antzerkiak, Gau Sorpresak, gozo utzi zuen Xoxokako giroa. Eguzkia lagun, ongi-etorri ederra ematear zeuden auzotarrak asteburuko ospakizun-txandari.

Zerekin, baina? Desapiyuakin! Nola, bestela? Argaratetarrak eta Paguatarrak, Paguatarrak eta Argaratetarrak. Aurrez aurre, urdinak eta gorriak, eta, tartean, zazpi proba: trontza, ergometroa, korrikaldia, ingude-altxatzea, txingak, sagar-bilketa eta…. Hitzorduan ezusteko atsegina izan zen azken neurketa… Bi etxeek baratzarekin duten harreman estuagatik, letxuga-landaketak iragarri zuen Xoxokako gazteen arteko norgehiagokako talde-irabazlea. Letxuga-kutxa, probaz proba, lekuko gisa erabili ostean, 216na landatu zituen talde bakoitzak, Argaratetarrek Manex Otegi buru zutela eta, Paguatarrek, berriz, Aitor Aldunberri kapitain.

Suziriak goia jo zuenean ekin zioten neurketari, trontzan. Antzeko konpasean osatu zuten lehen mozketa bi taldeek, baina, alde txikiarekin izan arren, pixkanaka-pixkanaka, aurre hartu ziren gorriei Otegiren taldeak. Hiru ebaki eginda, letxuga-kutxa korrikalariei eman eta hantxe abiatu ziren Oiarbi baserrira, ziztu bizian, joan eta etorrian, joko garbia egin asmoz, talde bakoitzeko epaile bana, Julen Gabirondo eta Mikel Zumeta, atzetik jarraika zituztela. Segundo gutxiko desberdintasunarekin iritsi ziren bi taldeak ingude-altxatzera. 40 kolpe biserari, urdinek 18 kiloko ingudearekin eta 10 kilokoarekin gorriek. Orekatua izan zen lehia, eta, jarraian, ergometroari eutsi zioten: 1000 metro Paguatarrek, 800 metro Otegiren aldekoek. Nahiko paretsu zebiltzan, erdiko lanak osatuta. “Aupa Pagua! Gora Argarate!”, entzuten zen bien bitartean, ikusleen artean. Animoak ez ziren falta izan hitzorduan, bi aldeentzat.

Arraun-ariketaren azken txanpan, Argaratetarrak ziren buruan, baita ondorengo trontzako proban ere, abantaila are handiagoa hartu baitzuten urdinek. Behin ondorengo korrikaldia osatuta, txingen txanda iritsi zen. Hamar plaza egin zituzten bi taldeek, 35 kilogramoko pisuarekin alde bakoitzean. Erritmo onean ekin zioten biek ala biek erronkari, eta izerdi patsetan zein esfortzu handia eginda eman zieten lekukoa sagar-biltzaileei. Aise gailendu zen lehiaren azken aurreko neurketan talde urdina, eta, abantailaz, ipini zuen 216. letxuga Manex Otegi kapitainak. Ahaleginak ahalegin, landaketa ziztu bizian egin arren, ez zen nahikoa izan Aldunberriren ahalegina norgehiagoka irabazteko. Argaratetarrena izan zen garaipena. 

Lagun-giroa nagusi izan zen hitzordu guztian, nabarmena baitzen parte-hartzaileen arteko konplizitatea, bai proban, bai jaiak iraun bitartean. Hala, hurrengo urtera arte itxaron beharko dute Paguatarrek, desapiyuan nagusi izateko. Bien bitartean, nork jango ditu bertan landatutako 432 letxugak? Otordua egingo dute, akaso, festa gogoangarriek utzitako ajea baretzeko. Ospakizun-uzta ederra bildu dute auzotarrek aurtengo jaietan. Are oparoagoa izan dadila datorrena!

Erlazionatuak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!