2024ko Udal aurrekontu proposamena aurrera atera da Urnietan, jeltzaleen eta sozialisten aldeko botoekin

Aiurri 2023ko abe. 21a, 20:49

Udal aurrekontu berrietan Aiurri astekariari bideratutako partidak murrizketa handia izango du, zehazki, 10.000 eurokoa. Erabaki horren aurka, udaletxearen kanpoaldean, dozenaka herritar "Aiurri urnietarrena da" zioen pankartaren atzean elkarretaratu dira.

Urnietako Udalak plenoa deituta zuen, ostegun honetarako. Eta bertan 2024ko Udal aurrekontuei bidea eman diote EAJ-PNV eta PSE-EE alderdiek osatzen duten gobernu taldeak. Jorge Segurado EAJ-PNVko alkateak ildo nagusiak aurkeztu ditu, eta Herme Gonzalez PSE-EEko buruzagiak euren saileko egitasmoak xehetu dituzte. EH Bilduk aurkako botoa eman du, Euken Garmendia EH Bilduko bozeramailek euren hainbat emendakin kontutan hartu ez dituztela iritzita.

Negoziazioez eta prozeduraz hizketan aritu dira, luze eta zabal, eta finean argi geratu da talka dagoela gobernu taldeko kideen eta oposizioaren artean.

Arratsaldean, San Juan plaza inguruan, bazen gai bat giroan. Euskarari eta, bereziki, Aiurriri loturikoa. Izan ere, aski ezaguna zen udalerrian Aiurri astekariari murrizketa handia ezarri nahi diola gobernu taldeak. Atxekimendu ugari jaso ditu Aiurri astekariak, egun hauetan, eta gaur kontzentrazioan gauzatu dira. "Aiurri urnietarrena da" zioen pankartaren inguruan dozenaka lagun elkartu da.

2024ko aurrekontuak aurrera atera dira, Aiurriren kalterako

Euren asmoak aurrera jarraitu dute, eta Euskara sailaren baitan dagoen Aiurriko dirulaguntza nabarmen jaitsi da.

Erabakiaren muina aste batzuk atzera begira jarrita aurki daiteke. Mikel Artola euskara zinegotziak eta Jorge Segurado alkateak azaroaren 27an egindako lehen proposamena ahozkoa izan zen. Bilera hartan, urte luzez izoztuta dagoen 36.000 euroko ekarpena 16.000 eurotan gutxitzea proposatu zioten Aiurriko ordezkariari. Geroztik, bilera bat baino gehiago izan da baina ez da egoera bideratzerik lortu. Bigarren proposamenean ere, Udal gobernu taldeak diru ekarpenaren murrizketa handia iragarri zion Aiurriri. Jeltzaleen eta sozialisten botoek bat egin dute, eta azkenerako Aiurrik iaz jaso zuena baino 10.000 euro guxiago jasoko du.

Aiurrik iaz jaso zuena baino 10.000 euro guxiago jasoko du, 2024an

Afera honetan, jokalekua ez da soilik Aiurri astekaria, Iñistorra euskaltzaleen biltzarra eta Urnietako Udalaren arteko negoziazioan kokatu behar. da Maila politikoan, EH Bilduk hasieratik dirulaguntza eguneratzea proposatu du. Aurrekontuen negozioazioetan horixe izan da gobernu taldearekin eztabaidagai izan duen aztergaietakoa. 

Horrez gain, gizarte mailara zabaldu da auzia, zeresana eman baitu euskalgintzan, kulturgintzan, kirolean eta beste hainbat alorretan. Ildo horretan, Udalean ordezkaritza duten hiru alderdietako ordezkariekin izandako bileran ez ziren soilik Iñistorrako Jon Unanue eta Aiurriko Jon Ander Ubeda izan. Koldo Tapia euskaltzaleak ere parte hartu zuen, udal ordezkariei Urnietako herrian sortu den babes-taldea aurkezteko.

Behin plenoaren bidez Aiurri astekariari murrizketa handia ezarri ostean, Urnietako herri eragileak nola jokatu aztertzen ari dira.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!