“Aiurri urnietarrena da”

Aiurri 2023ko abe. 21a, 21:15

Egun euritsua izan da, gaurkoa, eta Donostiako Santomas eguna, gainera. Hala eta guztiz ere, dozenaka urnietar hurbildu da San Juan plazara. Ordubetez, atxekimendua adierazi diote Aiurri astekariari.

Hemeretzi elkartek bat egin dute Aiurrirekin, Udal Gobernu Taldeak aurrekontu-proposamen berrian astekariari ezarri nahi dion murrizketa salatzeko. Musikaz lagunduta, bertan izan dira aterkiek babestuta.

Segidan, haietako batzuk batzarraldi aretora igo dira. Aurrikusten zen bezala, jeltzaleek eta sozialistek aurrera atera dute aurrekontu-proposamena. Bertan agertuko da Aiurriri ezarritako murrizketa, 10.000 eurokoa.

Bozketan baiezkoaren alde agertu dira PSE-EE eta EAJ-PNV.

Jon Unanue Iñistorrako ordezkariak adierazpen tinkoa egin du, Aiurriren alde eta Urnietako euskalgintzaren alde. Era berean, eskertza adierazi die Aiurrirekin bat agertu diren herri eragile guztiei.

Bozketa eta gero, plenoan ziren hainbat lagunek txartel gorria atera diete EAJ-PNV eta PSE-EEko ordezkariei.

Hainbat euskaltzalek txartel gorria atera diete jeltzaleei eta sozialistei.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!