Espaziora irten zen lehen izaki bizidunari gorazarrea

Aiurri 2024ko urt. 22a, 08:06

Espazioaren konkistaren historian Laika zakurra aski ezaguna da. Lehen izaki biziduna izan zen espaziora irteten, eta hura bilakatu zen Xiriquiteula konpainiak Saroben taularatu zuen obraren protagonista nagusia.

Gerra hotz betean, espazioaren konkistan, AEB eta Errusia nor baino nor aritu ziren lehian. Laika antzezlana Errusian kokatzen da, kalean bizi den zakurrak ejerzitoarentzat lan egiten duen emakumearen arreta bereganatzen duen unean hasita. Antzezlanak espaziora irteteko prozesua jasotzen du, bi protagonisten arteko adiskidetasunean sakontzen duen bitartean. Benetako Laikaren amaiera ezaguna zaigu denori. Haur antzerkia izan arren, eta espazioko lehen bisitari hilda lurreratu bazen ere, antzezlanean ez diote iskin egiten amaiera errealari. Beti gogoan izango du emakumeak behinola kalean ezagutu zuen animalia azkarra eta bizia.

Antzezlana, bere osotasunean hartuta, erakustaldi aparta da. Alde batetik, teknikari dagokionez. Bistara baitago lan tekniko guztia: irudiak eskaintzeko elementu analogikoak eta haien erabilera, argi eta hotsen kontrola taulagainean bertan. Eta, bestetik, aktoreen lanari dagokionez. Askotariko paperak bata bestearen atzean betetzeko gaitasuna erakusten dute. Guztien artean, zakurrari bizitza ematen dion aktoreari aipamen berezia zor zaio. Hotsen eta mugimenduen bitartez, benetakoa zirudien!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!