“Zenbat eta gehiago eman, orduan eta zeureago sentitzen duzu Abaigar”

Alba Cabrera Jauregi 2024ko ots. 24a, 09:00

50 urte betetzen ditu aurten Abaigarko Euskal Udalekuak. Martxoaren 3an irekiko da bertan izena emateko epea, Goñirekin eta Bernedorekin batera. Alba Quel Moreiro urnietarrak gertutik ezagutzen ditu etxeko zirrikitu guztiak. Bestalde, Abaigarretik igarotako herrikideen hitzak bildu ditu astekariak.

Mende erdi igaro da, lehenengo aldiz, Euskal Udalekuek Abaigarren (Nafarroa) lur hartu zutenetik. Harrezkero, Egaren ur bazterretan, gari soroz inguratuta, urtero-urtero, Euskal Herriko makina bat zirrikitutatik gerturatutako ehunka umek gozatu dute bertan udalekuak sorrarazten dien “askatasun zurrunbiloaz”. Oztopoak oztopo, eta, urteek aurrera egin ahala, moldez eta formaz eraldatzen joan den arren, ez du galdu oinarria, magia. Bada, horren lekuko izan dira urte luzez urnietar asko eta asko, tartean, Alba Quel Moreiro herrikidea. Orain hamahiru urte, umea zela ezagutu zuen Abaigar. Ordutik, estuki lotuta egon da proiektura. Udaberria ate joka, buru-belarri dabil gainerako hezitzaileekin batera udalekuak prestatzen. Martxoaren 3an irekiko da izen-emateko epea Abaigarren, baita Euskal Udalekuen triangelua osatzen duten Bernedon eta Goñin ere.

50 urteko bidea osatu du aurten Abaigarrek… Bertako bizilagun komunitatearen parte izango zarete, honezkero!

Bai, esan genezake baietz, herriaren dinamikaren parte bihurtu garela. Abaigarren bertan, ez dago ia saltokirik, adibidez. Baina alboko herrietara jotzen dugu gehiago erosketak egiteko. Udalerriak badu zerbitzu bat, igerilekua, eta horri erabilera handia ematen diogu. Oro har, etxeko konponketak edo bestelako beharrak direla edo beti ahalegindu izan gara harremana estutzen herrikideekin.

Gogoan al daukazu Abaigar zapaldu zenuen lehen urtea?

Zertxobait gogoratzen naiz, bai. Uste dut ondoen pasatu nuen txanda izan zela lehena... Betirako lotzen zaituena (barreak)... Urnietako beste lagun batekin joan nintzen, Anerekin. Lehenago Bernedon izan ginen eta nire anaia zaharrenagatik genuen Abaigarren berri. DBHn joan ginen lehenengoz Abaigarrera udalekuetan. Bertan ezagututako lagunak gurekin izan dira ondorengo urteetan ere. Hasiera batean, herrikideekin batera ematen genuen izena. Urtetik urtera, Abaigarren bertan ezagututako jendearekin joaten ginen.

Umea zinela ezagutu zenuen zuk Abaigar. Adinean aurrera joan ahala beti topatu izan duzu, ordea, formula bat edo beste udalekuei lotuta egoteko. Zer du Abaigarrek urtero-urtero, uda partean, hara itzuli nahi izateko?

Beste errealitate bat bizitzen duzu Abaigarren, eta mundua ulertzeko beste modu batekin egiten duzu topo bertan. Zuk ematen diozun beste jasotzen duzula bueltan izango da, ziurrenik, Abaigarrek duen gauzarik bereziena. Ume gisa joatetik, hezitzaile izateko jauzi horretan, guztia aldatzen da. Haur moduan, udaleku batek duen herenaren herena ikusten duzu. Txikia zarela, uste duzu dena eginda dagoela. Zenbait gauzatan, hezitzaile bihurtzearekin batera, magia galtzen da, beharbada. Baina, era berean, proiektuari zenbat eta gehiago eman, orduan eta zeureago sentitzen duzu Abaigar.

Udalekuetan dagoen jende gehiena, lehenago, ume gisa ibilitakoa da. Egia da, batzuetan, batu izan zaigula jende berria, sustatu nahi dugun udaleku-ereduarekin bat egiten duelako. Umeak izango balira bezala gozatzen dute Abaigarko udalekuez.

Zerk bereizten ditu Euskal Udalekuak gainerako udalekuetatik?

Boluntario-izaerak nabarmen bereizten gaitu. Ez da gauza bera udalekuetara joatea udan lan egin nahi duzulako edo benetan zuk hara joan nahi duzulako, nahiz jakin horrek ez dizula, diruz, trukean ezer emango bueltan. Abaigarren sortzen den atmosfera, elkar zaintzeko zein harremantzeko modua... Oso ezberdina da dena.

Euskara eremu akademikotik ateratzen dute Euskal Udalekuek eta bizipen positiboekin lotzen dute hizkuntzaren ikasketa-prozesua. Nola asmatu horretan?

Euskara da gure tresnarik baliagarriena, eta, era berean, hamabost eguneko txandaren protagonista. Beti ahalegintzen gara euskal errealitate ezberdinetako jendea biltzen, elkarrengandik ikas dezaten. Oso polita izaten da, lehen aldiz, ulertzen ez dituzten beste euskalki batzuekin egiten dutenean topo umeek. Are gehiago, ederra da ikustea nola konturatzen diren Iparraldeko eta Hegoaldeko haurrak euskara dela elkarren artean ulertzeko hizkuntza bakarra, ez dagoelako besterik komunean.

Erreminta bezain helburu duzue euskara. Dena dela, ez da Abaigarren xede bakarra. Zein beste norabideri begira egiten dituzue udalekuak?

Hezkidetzak eta parekidetasunak beti izan dute garrantzi handia gurean, baita naturarekiko konexioak eta errespetuak ere. Sexualitatearen naturalizazioa, askatasuna, norbanakoaren gaitasun propioak sustatzea, kontsumismoaren gaineko jarrera kritikoa... Askotariko balioak jorratzen ditugu eta euskarak modu transbertsalean zeharkatzen ditu horiek guztiak.

Lan-ildo horiek oinarri, zein motatako ekintzak nahiz irteerak egiten dituzue zuen udalekuetan?

Herri txikia da Abaigar eta herriko txoko guztiei zukua ateratzen ahalegintzen gara. Hor inguruan, basoa dago, eta makina bat ekintza egiten ditugu bertan. Zenbait txandatan, pare bat mendi-martxa ere egiten ditugu. Igerilekura joan ohi gara, errekara... Herriari bizia ematen diogu, aldi berean.

Udalekuak udako sasoian izan arren, zein da zuen jarduna urteko gainerako hilabeteetan?

Urte osora luzatzen da udalekuko antolatzaileon jarduna, geure buruak behar bezala prestatu nahi ditugulako hezitzaile gisa, ondoren, egiten ditugun jolas eta dinamika guztiek, izaera ludikotik harago, bestelako xede batzuk ere izan ditzaten.

Kontuan izan behar da boluntarioz osatutako taldea garela. Hortaz, berebiziko garrantzia ematen diogu talde-izaeraren egonkortasunari, geure oinarrietako bat baita. Hori sustatzeko, gure arteko harremanak sendotzen ahalegintzen gara, bai Abaigarreko jendearen artean, bai Euskal Udalekuetako gainerako kideekin. Horrela, urtea hastearekin batera, buru-belarri ipintzen gara martxan, udari begirako prestaketa-lanetan: etxea atontzen, bertako jendearekin harremanetan jartzen...

Mende erdiko ibilbidean, guztia ez da gozoa izan. Gorabeherak ere izan ditu udalekuak, tartean. 2016an, esaterako, aterpetxe-lizentziak eta legeak medio, udalekuen formatua berrasmatu behar izan zenuten.

Ume izatetik hezitzaile izaterako jauzian harrapatu ninduen horrek guztiak, 2016an. Etxeari aldaketak egin behar genizkiola jakinarazi ziguten, aterpetxe-izaera eskuratzeko. Hori egin ezean, ezin genituen bertan egin gure udalekuak. Praktikoki, etxea goitik behera aldatu beharra zegoen, eta ia 300.000 euroko kreditua eskatu behar izan genuen horretarako.

Koop57 kreditu-kooperatibarekin egin genuen kudeaketa. Berez, Herrialde Katalanetakoa da, baina Euskal Herrian, maiz erabili izan da. Nahiko erraztasun jarri zizkiguten. Abal gisa etxea bera ez jarri behar izatea lortu genuen, eta ia 120 pertsona jarri ziren abal-emaile moduan. Bakoitzak erabakitzen zuen 1.000, 2.000 edo 5.000 euro abalatu kreditu osotik. Bertan konturatu ginen jendeak zenbat sinesten duen proiektuan.

2016an, Urdirotzera lekualdatu ginen. Bertan, soilik, bi txanda egin ahal izan genituen. Hortaz, zaharrenekin, udaleku ibiltariak egin genituen. 2017an, obraren kudeaketa betean harrapatu gintuen eta ez genuen indarrik eduki udalekuak antolatzeko. 2018an, Ozaetako etxea lortu genuen, eta, 2019an, behin obra eginda, Abaigarrera itzultzea lortu genuen. Itzuleran, obra amaitu genuenean, harrera ederra egin ziguten herritarrek: “Ongi etorri Abaigarrera” zioen pankarta eskegi zuten herrian. Oilo ipurdia jartzen zaigu oraindik!

Euskal Udalekuen parte da Abaigar, Goñirekin eta Bernedorekin batera. Abiapuntu komunetik hasita, nor bere ibilbidea osatzen joan arren, ba al duzue elkarren artean harremanik?

Aipatu dizkizudan balio guztiak ditugu hiru Euskal Udalekuek oinarrian. Kolore bera partekatzen dugu, nahiz eta, ondoren, bakoitzak bere moduan ñabartu. Elkarren artean koordinatu ahal izateko bilerak egiten ditugu. Hiru udalekuak lotzen dituen egoitza ere badugu, eta bertatik kudeatzen da izen-ematea, autobus-zerbitzuen koordinazioa, gurasoekin harremana... Komunikazio-kanpaina guztia elkarrekin egin ohi dugu. Nahiz eta ondoren, nork bere norabide hartu, zenbait marko partekatzen ditugu.

Hamahiru urte igaro dira Abaigar lehenengoz zapaldu zenuenetik. Aise aldatu zara zu, harrezkero. Zertan aldatu da Abaigar?

Osorik aldatu da; ez, soilik, eraikinari begira, baita belaunaldiei dagokionez ere. Errealitatea aldatu da Abaigarren, orokorrean, jendartean, aldatu den modu berean. Balio berberak izaten jarraitzen dugu, baina udalekuetan nola islatzen diren, nola egikaritzen ditugun, oso ezberdina da. Dena dela, mamian, bere horretan dirau Abaigarrek.

Beraz, zertan ez da aldatu?

Aldaketak aldaketa, oinarrian, nire ustez, behin hamabostaldia eginda, jendeak oraindik ere tatuaje berdina darama etxera.

 

 

Erlazionatuak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!