"Oso goxo hartu gaitu beti Abaigarrek"

Alba Cabrera Jauregi 2024ko ots. 24a, 07:00

Urtero-urtero, urnietar askoren etxe bihurtu da Abaigarko udalekua. 50 urteko bidea osatu dute Euskal Udalekuek bertan, eta hainbat herrikideren hitzak bildu ditu astekariak. 

Enara Pellejero: "Lau urtez jarraian, etxea izan da, babesleku"
"Abaigar hitz gutxitan deskribatzea ez da erraza, etxe horrek daukan magia izugarrizkoa baita.  Gure haurtzaroa askan bustitzetik hasi genuen eta, gazte izateraino, urtero-urtero, 15 egun luzez han bildu gara, lagun, begirale eta sukaldari.  Esker hitzak besterik ez zaizkit etortzen burura, Abaigar, hitz gutxitan deskribatuta, lau urtez jarraian, etxea izan delako, alegia, babesleku".

Ainhoa Arruti: "Oso babestua sentitu naiz bertan, oso goxo hartu gaitu beti Abaigarrek"
"Udaleku bat baino askoz ere gehiago izan da Abaigar. Bakoitza garen bezala izateko aukera eman digun espazio bat, etxe bat, Euskal Herriko txoko askotako jendearekin batera. Lagun handiak egin ditugu bertan, eta horietako askorekin, oraindik, harremana izaten jarraitzen dugu. Ume gisa joateaz gain, bertan begirale izateko zortea izan nuen eta oso esperientzia polita izan zen. Oso babestua sentitu naiz bertan, oso goxo hartu gaitu beti Abaigarrek". 

Iñigo Juanikorena: "Hazte-prozesuan lagundu didan esperientzia izan da Abaigar"
"Abaigar, niretzat, herritik haragoko sozializazioaren lehen pausua izan zen. Hamabi urteko ume batek Euskal Herriaren heterogeneotasuna ezagutzeko sarrera. Hamabost urtera bitarte, hiru txanda egin nituen han eta, mundua Egape Ikastolako ikasturte batera mugatzen den adin horretan, bizkaieraz edo lapurteraz mintzo den jendea ezagutzea exotikoa dela esan genezake. Bertan hasi nintzen konturatzen euskal lurralde ezberdinetako jendeak asko duela antzekotik, eta baita ezberdinetik ere.

Aurrerago, urrun gelditutako udaretako esperientzia polita besterik ez zela uste nuen hori, bueltan azaldu da nire bizitzako fase ezberdinetan. Hemezortzi urterekin, graduko lehen egunean, hortxe zeuden aspaldi ikusi gabeko bi kide; 21ekin, parrandan, hantxe aurkitu nituen ahaztuak neuzkan beste hiru, eta abar. Bakoitzak bere eboluzioa eginda, baina bizipen bat komunean. Orokorrean, ez dut esango bizitza zeharo aldatu didan fase bat izan denik, baina bai, dudarik gabe, hazte-prozesuan lagundu didan esperientzia bat".


Maddi Ibañez: "Espazio seguru bat, norbera, epairik gabe, den bezala izateko tokia"
"Gure burbuila partikularra izan da Abaigar. Espazio seguru bat, norbera, epairik gabe, den bezala izateko tokia. Euskal Herriko txoko guztietako lagun handiak egin ditugu, eta, toki, bakoitzean, euskarak bizi duen egoera ezagutzeko aukera izan genuen, bakoitzaren errealitatea entzunez eta horren gainean hausnartuz".  


Imanol Odriozola: "Bigarren egunetik aurrera, lagun handiak egiten genituen Abaigarren"
"Hiruzpalau urtez joan nintzen lagun batekin, eta Abaigarrek Urnietatik kanpo, lehen aldiz, denbora-tarte luzexka batez egoteko aukera eman zigun. Bertan, Euskal Herriko askotariko txokotatik gerturatutako jendea biltzen ginen, eta nork bere harremana zuen euskararekin. Bigarren egunetik aurrera, lagun handiak egiten genituen. Gauza asko erakutsi zizkigun Abaigarrek".


Ander Goya: "Oroitzapen politak ekartzen dizkit Abaigarrek, bakea dakartzaten horietakoak"
"Hamaika urte edo igaro dira, azkenekoz, Abaigarren izan ginenetik. Abaigar oroitzapen bihurtu zen duela asko, gogoan ditut udarako eguzkiaren epeltasuna,  belazeen zein goizeko pistinako kloroaren usaina eta erleen burrunba. Berandu arteko sekretuak, lehenengo musuak, bazkalaurreko kantak eta gitarreoa. Oroitzapen politak ekartzen dizkit Abaigarrek, bakea dakartzaten horietakoak". 

Irantzu Oiartzabal: "Bihotza benetan zeharkatzen eta mamitzen duten momentuak bizitzeko topaleku aparta izan da"
"Niretzat Abaigar laguntasuna, zaintza, babesa, gozamena, konfiantza, askatasuna, feminismoa, ahalduntzea, jolasa, barrea, kantua, dantza... biltzen eta transmititzen dituen espazioa izan da. Bihotza benetan zeharkatzen eta mamitzen duten momentuak bizitzeko topaleku aparta. Zenbat eskertzeko!".

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!