"Bichta éder" eleberriak irabazi du 111 Akademia Saria

Aiurri 2024ko api. 30a, 12:14

Iturria: Wikimedia

Eneko Bidegain Airek irabazi du 2023ko 111 Akademiaren Saria, "Bichta éder" eleberriarekin. Lehia estua zen irabazlearen eta  Karmele Jaio Eigurenen "Maitasun kapitala" liburuaren artean. Bada, saria ematen duen erakundeak adierazi du azken unea arte egon behar izan direla esperoan aurtengo saridunaren izena ezagutzeko. 

Hori horrela, ekainaren 6an emango diote saria lapurtarrari. Aurki, informazio gehiago zehaztuko du 111 Akademiak.

Sinopsia

Gaur kazetan ari da Eñaut Oihenart, urtetan Euskal Herritik urrun ibili ondotik, fisikoki nahiz gogotik. Xalbat Barnetxe laborari eta militante zailduak ohartarazi du, isilpean, euskal kostako jauregi abandonatu batean badela asmo ezkuturen bat, eta Eñaut ikertzen hasiko da zer ote den eraikitzaile-promotoreak eta tokiko agintariak lotzen dituen negozio ilun hori. Théodore Vermandois azken biztanlea izan duen jauregi horren historiak biltzen ditu Nafarroako erresuma ahantzia eta Frantziako Iraultza, II. Mundu Gerra eta Aljeriaren independentziakoa, handikien familia baten gainbehera eta Lapurdiko euskaldunen ezinbizia. Eneko Bidegainek, literaturara itzulirik, goranahi handiko istorio bat asmatu du, irakurlea harrapatzen duen thriller politiko bat ez ezik, egungo gizartearen kontraesanen ispilu ere badena: itxurakeriaren zama, harreman sentimentalen zaila, militantziaren eredu erritualizatuak, kazetaritzaren morrontzak, euskararen patua.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!