Euken Garmendiak herri mailako irakurketa egin du, ekitaldiaren hasieran, azken hauteskundeetan Urnietan ematen ari den joera aldaketan azpimarra jarriz.
Ondoren, Jon Altolagirre EH BIlduko ordezkariak alderdiaren ikuspegia azaldu du: "Gai asko egonen dira mahai gainean Europako hauteskunde hauetan, eta guk mezu argiak zabalduko dizkiegu euskal herritarrei:
"Antifaxismoa da Euskal Herria Bilduren eskaintzaren oinarri nagusia. Ultraeskuinaren hazkunde baten aurrean gaude eta horiek berri txarrak dira demokraziarentzat herritarren oinarrizko eskubideak kolokan jartzeko joera dutelako. Von den Leyenek ultraeskuinarekin akordioak egiteko asmoak gure kezka biderkatu du. Ultraeskuina da Europak egun duen etsai nagusia eta bere posizio arrazista eta atzerakoiak borrokatuko ditugu, demokrata izateko lehenik antifaxista izan beharra dagoelako.
Nazioa Gara. Bere etorkizuna libreki erabaki nahi duen herri bat gara eta hori erakutsi beharra dago Europan, aliatuak eginez eta konplizitateak bilatuz. Jarraituko dugu erakusten Herrien Europaren ideiak bat egiten duela Europar eraikuntzaren oinarri diren demokrazia, bakea eta aniztasunaren errespetuarekin.
Gastu militarraren igoeraren aurrean antimilitarismoaren balioak defendatuko ditugu, Euskal Herriak 1986an NATOri ezezkoa eman ziola gogoratu eta defendatuko dugu, eta Ukraina edota Palestinakoak bezalako gatazken aurrean herrien subirautzari babesa eta nazioarteko legalitatearen errespetua bultzatuko ditugu. Gatazkei irtenbidea bilatu behar zaie diplomazia eta nazioarteko erakundeen inplikazioaren bidez eta ez gerra inperialisten bidetik. Ezin dugu bakeaz eta segurtasunaz aritu Palestinari buruz hitz egin gabe. Bakea eta antimilitarismoaren aldeko Europak ezin du beste alde batera begiratu palestinar herriaren kontrako genozidioaren aurrean. Gure begirada Rafah-n jarrita dago momentu honetan. 1,4 milioi pertsona desplazatu Gazako Zerrendaren ekialdean, metatuak eta gosete arriskuan eta giza-laguntzarik gabe".