Atzera, oso atzera begira jarrita, baliteke ez izatea eraikina egiteko data iragartzen den lehen aldia. Baina, oraingoan, behin betiko egitasmoa dela dirudi. Honatx, astearteko gobernu kontseiluaren ostean, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak argitara emandako adierazpena: "Urnietako Egape BHIko eraikin berria egiteko proiektuak 24 hilabeteko exekuzio-epea izango du obrak hasten diren unetik kontatzen hasita. Jarduera horretarako aurrekontua Gobernu Kontseiluan onartu ondoren, Hezkuntza Sailak esleitzeko prozesuari ekingo dio, obrak 2025eko lehen hiruhilekoan hasteko aurreikuspenarekin".
Etsiak jota zeudenentzat, albistea zehaztasunez beterik dator: "Gobernu Kontseiluak 12.611.320,89 euroko (BEZa barne) aurrekontua onartu du gaurko bilkuran, Hezkuntza sailburuak proposatuta, Urnietan Egape Bigarren Hezkuntzako Instituturako (IES Egape BHI) eraikin berria altxatzeko.
Eraikin berria Haur eta Lehen Hezkuntzako Egape ikastetxearen ondoko lursailean eraikiko da, beste ikastetxe publiko horretako pista estaliaren atzealdean. Eraikinak 3.761,44 metro koadroko azalera eraikia izango du guztira, eta sarbide nagusia etorkizunean Babilonia Bulebarra izango den horretan duela proiektatu da; udalerriko hirigintza-planean neurri batean oinezkoentzako aurreikusitako kalea da hori. Izan ere, institutuaren eraikuntza bera ere eremu horretarako aurreikusitako hirigintza-garapenean kokatzen da. Hala ere, proiektuak sarbideak proposatzen ditu Lizardi kaletik (beste aldetik) eta alboko ikastetxe publikoko jolas-eremuetatik ere. Horrek hezkuntza-etapa desberdinetako bi ikastetxeen arteko komunikazio fisikoa ahalbidetuko du".
Albistea egun sinbolikoan iritsi da, asteartean egin baitzuten XII. Legealdiko azken Gobernu Kontseilua. Urkulluren eta bere exekutibaren azken erabakiak dira horiek.
Eraikin berriaren xehetasunak
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak zabaldutako oharrean dio "herriko haurrek instalazio modernoak" izango dituztela, "beren behar guztiei erantzuteko eta kalitatezko hezkuntza jasotzeko". Jarraian, ohar berean, 2023an onartutako proiektuak jasotzen dituen xehetasunak zerrendatu dituzte:
- Beheko solairuan, administrazio- eta zuzendaritza-gunea: idazkaritza, zuzendaritza-bulegoak, bilera-gelak, irakasle-gela, informatika-gela, zientzia-laborategia, plastika-gela eta zereginen ikasketa gela.
- Erdisotoko solairuan, hainbat gune: erabilera anitzeko gela, musika/ikus-entzunezko/irrati gela, jantokia, zerbitzu orokorrak eta instalazioen gelak.
- Lehenengo solairua: DBHko gela arruntak, teknologia-gela eta pedagogia terapeutikoko eta orientazioko gelak.
- Kanpoaldea: Gimnasio eta aldagelak eraikiko dituzte, pabiloi independente batean. Gimnasioaren eraikuntza-bolumen horrek estalkia eta egitura partekatuko ditu kanpoko kirol-kantxa estaliarekin.