Kalera ateratzeko aitzakia emango du aurten ere Magale-Salestarrak ikastetxeak: Gau Beltza ospatuko da herrian urriaren 31 iluntzean, eta, jada, azken txanpako prestaketa-lanetan murgildu dira buru-belarri bertan lanean daudenak. “Hasi, hasi… antolakuntzan gabiltzanok irailean hasi ginen”, dio Arantzazu Miner Urdangarinek, Magale-Salestarrak ikastetxeko irakasleak. Ikasturteari ekitearekin batera dute begiz jota urriko azken iluntzea eskolan. Hirugarren aldia dute, jada, prestaketan, eta esperientziak ematen duen jakinduriaz zein ohitura berriek dakarten ilusioaz hartzen dute Gau Beltza harrezkero. Irakasleak aurreratu duenez, aurten, askotariko adinetako 160 bat ikaslek hartuko dute parte hitzorduan, irakasleak eta gurasoak kontuan izan gabe: “Gustura jaso zuten proposamena ikasleek”. Hala, danborrada, dantzak, txikienen desfilea, suaren erritua, beldurraren pasabidea eta beste hainbat geldialdi izango ditu egitarauak, Urdangarinen esanetan, “gerturatzen den pertsona orok ondo pasa dezan”. Nahiz eta, irakaslearen arabera, urduritasunak nabariak izan eguna iritsi aurreko asteetan, “mimoz eta ilusio handiz egiten ari garen proiektua da eta pozik gaude” .
Beldurrezko kontaketak
Gau Beltza eta Urnieta. Bi gai nagusi horiek izan dira Magale-Salestarrak ikastetxeko DBH1 mailako ikasleek gau magikoaren bueltan egin dituzten ipuinen oinarria. Hala, hariari tira egin eta misterioa nahiz beldurra nagusi diren kontakizunak ondu dituzte, baita kontatu ere. Gau magikoarekin, aitzakia ederra izan dute, gaia jorratzeaz gain, ikasgelako orduetan idazketan trebatzeko. Esate baterako, aiurri.eus webgunean, eskegita dago Naroa Agra Rodrigo ikaslearen “Gauean mendian” ipuina, autoreak berak kontatuta.