(Gurutze Iantzi gogoratzeko bere jaioterrian aurten egin duten ekitaldia, argazkiak eta bideoa, hemen).
Giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei aitormena eta erreparazioa emateko Balorazio Batzordeko kide diren Juana Balmaseda abokatuak eta Jon Mirena Landa irakasleak agerraldia egin zuten Eusko Legebiltzarreko Justizia eta Giza Eskubideen Batzordean, atzo.
Balmasedak eta Landak, Balorazio Batzordeak 2023ko uztailetik aurtengo ekainera bitarte osatu duten txostena aurkeztu zuten. Horrela, 93 biktimei aitortza egiten die ofizialki; 20 emakumezko dira eta 73 gizonezko. 20 frankismo garaikoak dira, eta gainerakoak geroztikakoak.
Zortzi heriotza kasuei, aitortza
Aitortutako kasuen artean, zortzi heriotza daude. Tartean dira 1970/05/20an Hondarribin poliziak hildako Roke Mendez, 1976ko apirila-maiatzean guardia zibilek zauritu ostean Saran hilda agertu zen Bernardo Badiola, 1980/01/15ean talde eskuindarrek hildako Karlos Saldise, edota, esan bezala, Gurutze Iantzi.
Bestalde, Balorazio Batzordeko bi kideek salatu zutenez, ekainetik ezin izan dute ebazpenik eman, auzitegi medikuak falta direlako. 12/2016 Legeak sortutako Balorazio Batzordeak urtean behin egiten du txostena, eta laugarrengoa da atzo aurketu zutena. Era horretan, 2020ko ekainetik, 238 biktima aitortu dituzte.
2024ko txostena euskaraz, PDFn, hemen (Egia Zor Fundazioak utzita).
Egiari Zor Fundazioaren balorazio gazi-gozoa
Egiari Zor Fundazioak balorazio gazi-gozoa egin du Balorazio Batzordearen atzoko agerraldia hizpide hartuta, gaur egin duen prentsaurrekoan. Pilar Garaialde, Guardia Zibilak torturatua eta Triple Ak hildako Paulo Garaialderen alabak eta Guardia Zibilak torturatu zuen eta txostenak jasotzen duen Urko Amasek hartu dute hitza Fundazioaren izenean.
Balorazio Batzordeak egindako lanaren profesionaltasuna azpimarratu dute, “lan horrek oinarri ukaezinak ditu: giza eskubideak eta nazioarteko legedia”. Era horretan, aipatu Batzordeak egin berri dituen aitortzak txalotu ditu Garaialdek, “inpunitate osoz erail, zauritu eta torturatu zituzten pertsonentzat justizia-ekintza baitira. Berrezarpen moraleko ekintza bat da, gertatutakoaren egia ezartzen duena, haien aurkako krimenak justifikatu eta legitimatu zituen kontakizun faltsu batek inposatutako ahanzturaren-hamarkaden aurkakoa”.
Bestalde, gogoratu du gaur egun, milaka direla “aitortza ofizialik gabe jarraitzen duten giza eskubideen urraketak eta hura eskuratzeko aukerarik gabe jarraitzen dutenak”. Gaineratu duenez, “egoera hau berehala zuzendu beharreko anomalia demokratikoa da. Urte gehiegi daramatzagu zain, eta merezi dugu legez aitortuak izateko dugun eskubidea gauzatu ahal izatea”.
Aldi berean, Garaialdek onartezintzat jo du Balorazio Batzordeak atzo gogoratu zuen bezala, “bitartekoen faltagatik” aitortzen prozesua moteldu izana. “Administrazioak behar diren baliabideak jarri behar ditu batzorde horren zerbitzura, beren lana baldintza ezin hobeetan egin ahal izan dezaten, prozesua eraginkorra, dinamikoa eta proaktiboa izan dadin”.
Eskaera zuzena egin diote Eusko Jaurlaritzari, “aitortzaren legegintzaldia izan behar du honek. Premiazkoa da epe berri bat zabaltzea eskaera berriak izapidetzeko, legearen denbora-eremua egokituz eta bere garapenari helduz”.
Azkenik, Egiari Zor Fundazioko kideek adierazi dute bizikidetza demokratikorako funtsezko gaia dela hauxe, eta iragarri dute bilera-sortari ekin diotela erakundeekin, alderdiekin eta sindikatuekin. “Lehendakariaren erantzunaren zain ere bagaude, harekin guzti hori jorratzeko”.