Nerea Arrutik eta Malen Barrenetxeak erronka galantari ekingo diote, aizkorarekin

Aiurri 2024ko aza. 11a, 13:13

Nerea Arruti urnietarrak eta Malen Barrenetxea hernaniarrak hitzordu ikusgarria prestatu dute herri-kirolen zaleentzat, larunbat honetarako. Honako marka saiakera bana izango dute aurretik: Arrutik kanako enbor bat (108 ontzako enbor galanta), eta 15 urte dituen Barrenetxeak, berriz, oinbiko enbor bat. Erronka Oialumeko biltokian, azaroaren 17an, igandearekin, 12.00etan hasiko da. Sarrera doakoa izango da.

Era horretan, Arrutik, kanako enbor bat mozten duen lehenbiziko emakumea izan nahi du, eta Barrenetxeak, 15 urterekin oinbiko bat mozten duen lehenengo emakumea.

Berriki, Arrutik, Euskal Herriko aizkora txapela jantzi du hirugarren aldiz, Elgoibarren urriaren 20an, eta baita ere, Gipuzkakoa Aian azaroaren 3an. Azken txapelketa horretan, etorkizun oparoko Barrenetxea gaztea laugarren geratu zen.

Bi aizkolariek joandako Sanmiel jaietan egin zituzten lanak, ikusgai, argazki-sortaren eta bideoaren eskutik, hemen.

Aizkolariak eta harrijasotzaileak

Bestalde, kirol saioan honako aizkolari eta harrijasotzaile ezagunek hartuko dute parte. Aizkoran, lehian, Iker Vicente eta Eneko Saralegi (lehengusuak) alde batetik eta Jokin Urretabizkaia Basozabal eta Ibai Soroa bestetik izango dira. Eta harrijasotzen, Euskal Herriko Harri Txikien txapelduna den Mikel Lopetegi Urra eta Maddi Guesalaga gaztea. Doakoa izango da sarrera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!