Binilo zahar batek atontzen du, besteak beste, ikuskizunaren azala, titulua, “OTS”. Horrek nolabait hainbat hamarkada atzera egiteko gonbitea luzatzen dio ikusleari.
Aiert Beobide: Gogora ekarri nahi dugu 60-70 hamarkadetan egon zen kultur mugimendu euskaldun abangoardista, dantzaren bidez, gure aurrekoen eskutik jaso dugun transmisioa oholtza gainera eramateko. Herri Gogoa diskoetxea ez zen sekula legeztatu, zentsura zela eta. Hortaz, hamaika trikimailu egiten zituzten: Bartzelonako diskoetxe baten azpimarka moduan argitaratu behar izan zituzten lan asko eta sortu zuten bigarren diskoetxe marka da "OTS". Arraroa dirudi hitza bera "h" hizkia gabe ateratzea, baina, garai hartan Euskara Batuaren arauak ezarri gabe zeuden, oraindik.
Iurre Aranburu: Mundu analogikora ere jo du. Ukigarria da ikuskizuna, zerbait fisikoa, garai bateko diskoak bezala. 224 lan argitaratu zituen Herri Gogoa diskoetxeak eta, guk, zigilua mantenduta, 225. sorkuntza-lana egin dugu. Jada, sortuta zegoen logotipo batetik atera dugu "OTS" izenburuaren irudia. Bere horretan hartu dugu, mantendu, batetik, oso estetika polita duelako, baina, bestetik, esan bezala, biniloak testuinguru jakin batean kokatzen gaituelako, iraganean.
A.B.: Eresbilen, Euskal Musikaren Artxiboan, pieza guztiak ezagutzen izan gara, etxeko katalogoan batzuk falta baitziren. Artxiboko zerrenda bera hartuta, eromena da nola dauden katalogatuta. Ez zitzaien inporta hainbeste marka, argitalpena egitea baitzen garrantzitsuena. Diskoetxe frenetikoa izan zen, garai batzuetan, berrehun lanetik gora argitaratu baitzituzten urte gutxian. Guk uste genuen geure hamarkadan hasi zela, pixka bat, euskal musika berritzen, baina, ez, ez, sekulako bidea eginda zegoen lehenagotik ere.
“OTS”, hots. Letra mutua da “h” hizkia eta, zigiluak pairatutako zentsura dela eta, isiltasunari dantzatu omen diozue. Nola egiten da hori?
I.A.: Jone San Martinek ez du, soilik, koreografo lana egin, gida espirituala ere izan da (barreak)! Bada, joera hori markatu zuen hasieratik, bere beharra da isiltasuna dantzatzea. Musika-aukeraketan aritu ziren Manu Gaigne eta Aiert, Jone iritsi aurretik, bidea egiten hasteko asmoz. Denbora-lerroa irudikatu genuen, Jonerengana proposamen batekin iristeko. Aukeratutako piezak entzuten hasi eta esan zuen: "Markatuko ditut mugimendu batzuk eta musika horrek beste geruza bat hartuko du nik sortutako horretan guztian". Lan handia egin du Manuk eta, oraindik, bidea egiten ari gara. Dantza eta musika ibilbide paraleloan doaz, sintonian. Horregatik ere bada isiltasun dantzatua.
"Ibilbide paraleloan doaz musika
eta dantza, sintonian"
A.B.: 70. hamarkadaren bueltan, musika entzuteko moduari begiratzen badiogu, biniloa martxan ipintzen duzunean, isiltasunak ez dira isiltasun. Are gehiago, noiz dira isiltasunak isiltasun? Gizakia isiltasuna entzuteko gai izan al da noizbait? Belarriak tapatuta ere, gorputz barruko mugimendua entzuten da. Orduan, isiltasuna ere modu askotan ulertu daiteke. Horregatik biniloen zaratarekin, marmarrarekin jolasten dugu.
Zentsurara itzulita, garrasi egin nahi zuten beraiek. Gogoratzen dut nire amak aipatzen zidanean, dantza-saio batean, ikurrina atera ezin eta makila ateratzen zela, soilik, eta mundu guztia txaloka hasten zela, bagenekien zer zen, ez? Ikurrina debekatuko digute, baina ez hor egotea.
I.A.: Emanaldian, nork bere irakurketa egiten du, eta hori nahi dugu guk. Ez dugu istorio bakarra kontatzea bilatzen. Azken zatian, adibidez abesti bat osorik dantzatzen dute. Hor nahiko kontakizun uniformea sortu dezake publikoak, baina, gainerakoetan, ez. Bakoitzak bere interpretazioa egiten du, eta hori da bilatzen dena.
A.B.: Egongo da Lourdes Iriondo entzun eta nor den ez dakienik, eta bakarrik geldituko dena bere sonoritatearekin, hitzekin... Eta beste batek bidaia izugarria egingo du, abeslariarekin baduelako sortua, jada, iruditeria izugarria. Horrek egingo du bakoitzak ezberdin sentitzea emanaldia, ziur.
Euskal dantza tradizionala izan duzue inspirazio-iturri euskal kulturgintzari bide berriak zabaldu zizkion zigiluari buruz jarduteko. Zailtasun berezirik eman al dizue kutsu tradizionaleko mugimenduen eta modernitatea zekarren musika garaikidearen arteko nahasketa egiteak?
A.B.: Nire ustez, ez. Oso argi zeukan Jonek hori nola egin nahi zuen. Errespetuz egin du, balio handia emanez guk euskal dantzari moduan daukagun oinarriari. Zukua atera dio horri, garaikidetasun batera eraman, formak aldatu eta espazioarekin jolasteko. Progesioak oso garbi ikusten dira, euskal dantzako pauso batetik nola, bat-batean, beste mugimendu batera doan dantzaria. Oso naturala da nahasketa, ez dute talka egiten bi hizkuntzek. Ikuskizunarekin egiten dugun laugarren egonaldia da hau; bada, ikustera etorri izan den jendeak dio ez dakiela non hasi eta amaitzen den euskal dantza, oso ondo ekarria baitago. Euskal kulturaren garaikidetasuna aldarrikatu nahi zuen Herri Gogoak. Guk ere hori egiten dugu: erabat garaikidea da ikuskizuna, transmisio bidez jaso ditugun erreferentzia guztiekin.
I.A.: Erronka hori izan dugu gure lan guztietan: garaikidetasunerantz jo nahi dugu, garena galdu gabe. Adierazpen-bidea zabaldu egiten du dantza garaikideak eta Jonek asko lagundu digu horretan, lortu duelako tradizioaren eta garaikidearen arteko tartea lausotzen. Eta posible izan da konpainiak berak urte hauetan guztietan egin duen bideagatik.
A.B.: Bai, duela hamar urte, ezinezkoa litzateke ikuskizuna gauzatzea. Orain da momentua. Akaso, oinarri tradizional handiena duen emanaldia da, baina, era berean da sortu dugun ikuskizun garaikideena. Ez naiz, soilik, mugimenduaz ari, kontzeptua bera beste toki batean jarri dugu. Guztiok izan ditugu zalantzak mugimenduen joan-etorrietan, baina organikoa da, orain. Gauzak gertatzen, sortzen utzi du Jonek, eta hortik abiatu du dena.
Era berean, egiten al diozue keinurik garai hartan modan zegoen dantza-estiloari?
A.B.: Nik uste dut, nahita, ezetz, baina, nahi gabe, musikak eraman gaituela leku horretara. Melodiek eragina dute, ez baita gauza bera soul-jazz euskaldun bat entzun edo Maurizia entzun... Garai haietan, berrikuntza handiak eman ziren musikan, tresnetan, erritmoetan... Bai, nik uste dut eramaten gaituela, behar bada, garai haietako dantza-leku batean mugitzen zen modura.
"Egiazkotasuna bilatu dugu,
soinu gordinean"
I.A.: Sonoritatea bera ere bai, askotariko tokitan grabatutako musikak entzuten direlako ikuskizunean. Nahasketa hori ere badago eta eragina dauka. Megafonoen soinua ere horregatik ekarri nahi izan dugu, "zarata" bilatzeko.
A.B.: Egiazkotasuna bilatu dugu, soinu gordinean. Musika-lana izugarria izan da. Batetik, aukeraketa, eta, bestetik, entzuteko moduak. Atmosfera berezia sortzen da obran, lau lekutatik, gauza desberdinak entzuten egongo gara, batzuetan.
Hortik ere soinu-bandaren collage-a, ezta? Ez, soilik abestien aukeraketan, baizik eta horiek erreproduzitzeko bideetan ere elementu asko erabili dituzue.
A.B.: Emanaldietan, zuzenean egongo da Manu musika ipintzen. Emanaldi bakoitza bakarra izango da, freskoa eta egiazkoa. Antzokitik antzokira, aldatu egingo da ikuskizuna.
Bide horretan, ikus-entzulea testuinguratzen lagunduko du eszenaratzeak.
I.A.: Musikan dagoena bezain abaniko zabala dago disko-azaletan. Jende ezagunak egiten zituen: Oteiza, Zumeta, Basterretxea, Ameztoi... Gaur egun, modernoak izaten jarraitzen dute garai bateko biniloen azal askok. Mamia mantentzen da; onak diren gauzek denboran irauten dute. Horrela, horietan oinarritu gara, besteak beste, Martin Romero moduan ezagutzen den artistaren lanean. Badu oso kolore primarioekin egindako azal bat: gorria, urdina, beltza eta grisa, batez ere. Ikuskizunaren estetikan eragina izan du horrek. Kolore horietan eta beste azal batzuen irudietan osatu dugu eszenaratzea, Ikerne Gimenezen diseinuaren eskutik: jantziek tonu urdina dute, lurra gorria da, megafonoak grisak dira, azpiegitura gorri batean ipinita...
Ikuskizunaren oinarria etxean topatu duzu, Aiert, hain justu ere, zure aitari, Iñaki Beobideri zor zaio, hein batean, Herri Gogoa zigiluak egindako lan eskerga. Nola gorpuztu duzu hori?
"Lehen diskoak Urnietan grabatu ziren, Salestarretan, Herrialde Katalanetatik ekarritako musika-ekipoarekin"
A.B.: Dantzatzen. Azken emanaldietan, zuzendaritzan aritu naiz, baina niretzat emanaldi sentibera izango zela ikusi nuen, hasieratik. Ilusio handiarekin hartu nuen, onartuta, jada, ez ditudala 30 urte. Dantzatu behar nuela esan zidan Jonek, emanaldiarentzat ni barruan egotea oso inportantea zela. Era berean, bere kanpo begirada geneukan. Plazera izaten ari da prozesua, garai hartan nire gurasoek egindakoaz asko ikasten ari bainaiz. Pentsa, sei seme-alabetan gazteena naiz, gutxiena bizi izan duena. Etxean, bai, ezagutu nituen diskoetxeko bulegoa, diskoak, ipuinak, liburuak... Horretara itzultzeko unea zen. Nire anai-arrebek biniloak azaletan sartzen zituzten, Durangoko Azokara joaten ziren, amak aipatu bezala, askotan, diskoak ipurdi azpian ezkutatuta igarotzen zuten muga autoan... Nire aita bazen horren guztiaren buru, izan ere, azken finean, Herri Gogoa sortu zen, Ez Dok Amairuren behar batzuei erantzuteko. Bada, lehen diskoak Urnietan grabatu ziren, Salestarretan, Herrialde Katalanetatik ekarritako musika-ekipoarekin.
Nire aitak ezin izan zuen erregistratu Herri Gogoa, baina OTS marka nire amaren izenean dago, editorea bera zen, eta momentua zela sentitzen nuen. Nire behar pertsonala behar kolektibo bihurtu daitekeela uste dut.
Nolakoa irudikatu behar dugu zure haurtzaroko etxea, kultur faktoria baten modukoa?
A.B.: Denetarik izan da nire etxea. Baina, badakizu zer gertatzen den? Momentu batean, balioa, nolabait, galdu zutela, lana zelako eta gure egunerokoaren parte zelako. Dena dela, oso gauza politak daude gordeta.
I.U.: Aierten etxean sartzea zen, entziklopediak, sari pila, diskoak, argazki-kamerak, pelikulak... Kulturaz betetako etxea, bai.
A.B.: Irratsaioak grabatzen ziren nire etxean eta postaz bidaltzen zituzten irratietara. Ekintzaileak ziren eta nire etxea momentu batean epizentro bihurtu zen, baina, beno, beste askorena bezala, ziurrenik. Joan-etorrian jende asko igaro da bertatik, harreman handia zuen-eta aitak Ez Dok Amairuko kideekin.
Bada, gertutik ezagutzen duzun zigiluak dantzari-jardunean ipini zaitu, aspaldiko partez. Zer moduz uztartu duzu oholtzan gorputza jarri behar izatea ikuskizunaren zuzendaritzarekin?
"Berriro aurkitu dut nire lekua
dantzan eta oso gustura ari naiz"
A.B.: Dantzatu gabe igarotako denboraz gain, kontuan hartu behar da nire gorputzak duen denbora. Fisikoki, oso gaizki eman nuen oholtza uztea: emanaldiaren aurretik, dantzariek zituzten urduritasunak sentitzen nituen, baina energia hori pilatuta, askatu gabe etxeratzen nintzen, buruko minekin, azaleko arazoekin... Egun, lasaiago bizi dut hori guztia, baina berriro aurkitu dut nire lekua dantzan eta oso gustura ari naiz. Opari polita izan da, eta, gainera, jolasteko askatasun handia daukagu, eta hor adinak, esperientziak, nire alde jotzen du.
Urnietan eman zituen lehen pausuak Herri Gogoa zigiluak, eta, zuen kasuan ere herri berean ikusiko du argia “OTS” ikuskizunak, Saroben. Esanahi berezia hartzen du ia oharkabean igarotzen den xehetasun horrek.
A.B.: Ez dakit kasualitatea edo kausalitatea izan den. Auskalo, zergatik, baina, artearekin eta kulturarekin, irla berezia bihurtzen da Urnieta. Herri txikietan, gainera, gauzak askoz errazagoak dira: batek uzten zien antzokia hiru egunez diskoa grabatzeko eta guk, gaur egun, ikuskizunak sortzeko fabrika daukagu Saroben. Gure bizipen on eta gogor askoren konplize izan dira Sarobeko hormak. Gauza asko esan nahi du Urnietara etortzeak guretzat; bai niretzat, eta bai, garai batean, nire amarentzat, aitarentzat, Urnietak badu zerbait.
I.A.: Urnietak, Sarobek eta etxe honetako langileek. Ez da erraza topatzea, beste toki batzuetan, hemen sentitzen dugun askatasuna. Eskari handia dago, gauza asko sortzen ditu jendeak. Horrelako espazio gehiago behar dira, ezinbestekoak dira artistentzat. Hemen, Saroben, konfiantza handia ipintzen da bertatik igarotzen diren sortzaileengan, eta eskertzekoa da hori.
Zein toki dute gurean, egun, euskal kantugintza modernoaren aitzindari izan ziren doinuek?
I.A.: Kultur ondare inportantea daukagu. Ez ginateke gauden tokian egongo sortutako guztia sortu izan ez balitz. Horri ere aitortza egiten diogu emanaldian.
A.B.: Asko aldatu da musika egiteko modua, baina baita hori entzuteko era ere. Joan-etorriak egiten ditugu, aurreraka zein atzeraka eta hori da, pixka bat, berritzearen araua. Ertzetik ertzera, horrelakoxea da sortzailearen bidaia.
Aurre estreinaldiaren ondoren, zein ibilbide egingo du obrak datozen hilabeteetan?
A.B.: Martxoaren 8an izango da estreinaldia, Gazteszenan, Donostian. Ilusioa egiten dit, areto horrek baduelako dantzarekin, garaikidetasunarekin eta gazte izaerarekin harreman berezia. Leku polita da lana aurkezteko. Ondoren, Sopelan, Bilboko Loraldian, Donostiako DFerian, Andoainen, Tolosan... Batetik bestera ibiliko gara.